Espiritualitatea, artearen eskutik

Xavier Alvarez de Eulate artistaren 72 obra figuratibo eta abstraktu bildu dituzte erakusketa batean, Donostian

Erdiko solairuan, gai figuratiboak bildu dituzte; paisaiak eta erretratuak, batik bat. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Donostia
2011ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Autodidakta, sutsua eta ikertzaile nekaezina. Hala definitu dute Xavier Alvarez de Eulate fraide frantziskotarra (Donostia, 1919), haren lanen erakusketa aurkezteko orduan. Guztira 72 obra aurki daitezke Donostiako Kutxa Boulevard aretoko hiru solairutan; 69 margolan eta hiru eskultura, hain zuzen. Figurazioa eta abstrakzioa landu ditu Alvarez de Eulatek bere ibilbidean, hainbat eragin eta teknika artistikoz baliatuz. Erretratuekin, paisaiekin eta beira-leihoekin jardun du lanean, 2000. urtean margotzeari utzi zion arte. Abenduaren 11 arte bisitatu ahal izango da erakusketa.

«Bere bizitza guztia bi ardatzen inguruan joan da: espiritualitateak eta arteak elkarrekin egiten dute bidea. Egiten duen guztian, espiritualitatea gauzatzeko asmoa ikusten da». Erakusketaren komisarioetako baten hitzak dira, Larraitz Arretxearenak. Mikel Lertxundirekin batera, artistaren munduan «sukalderaino» sartzeko aukera izan du. Erakusketa horren bitartez, Alvarez de Eulatek jarraitutako prozesua erakutsi nahi izan dute, «figurazio akademikoenetik abstrakzioaren barruko erabateko askatasunera». Horretarako, erakusketako solairu bakoitzak gai bat hartu du ardatz.

Sotoak mural egile eta beira-leihoen sortzaile gisa egin dituen lanak jaso ditu, baita hainbat gai erlijioso figuratibo ere: Kristoren ingurukoak, haren heriotzarenak... «Agian, arlo horretan ezagunenak Arantzazuko beira-leihoak dira, baina, bistan denez, ezin izan ditugu ekarri». Erdiko solairuan, berriz, gai figuratiboak bildu dituzte; paisaiak eta erretratuak, batik bat.

«Etengabeko bilaketa»

Goiko solairuak abstrakziorantz egiten du bidea; hala ere, han topatu daitekeena ez da abstrakzio hutsa. Arretxearen arabera, «Eulatek egiten duena pintura erlijioso abstraktua da». 70eko hamarkadan hasi zen bere lengoaia propioa aurkitzen, eta 80ko hamarkadan lortu zuen erlijioarentzako ikonografia berri bat sortzea. «Beti kolorearekiko sentsibilitate handiarekin, beti tentsio handieneko unea aurkitzeko sentsibilitatearekin egin du lan. Ez doa begien bistakora; ideia espiritualen bila dabil». Margolan abstraktu horietan ez da ez santurik, ez birjinarik, ezta bestelako pertsonaiarik ere ageri. Eulatek berak adierazi izan duen moduan,«tentsio goreneko energia unea erakusten» saiatzen da, justu agerpenaren aurreko momentu hori.

Ia-ia autodidakta gisa landu du bere estiloa Eulatek, bere formazioa oso laburra izan baita. Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Eskola Nagusian urtebete besterik ez zuen eman, eta han zegoen bitartean ezagutu zuen Jorge Oteiza, bere lagun eta bultzatzaile izango zena. Oteiza eta beste artista batzuen animoei esker, bere lengoaia propioa bilatzen hasi zen.

Bere ibilbide osoan hainbat artistaren eraginak eta estiloak jaso dituenez, ikuspegi zabala osatzea lortu dute erakusketan. «70 urte margotzen pasa ditu, eta denetik egiten du askatasuna duelako; ez dago merkatuaren menpe. Berarentzat eta bere inguruarentzat margotzen du, eta horrek aske egiten du», azaldu du Arretxeak. Begien aurrean duenarekin ez konformatzeak, ordea, «etengabeko bilaketa nekaezin batean» murgildu du, horrek dituen ondorioekin: «Asko bilatzen duten pertsonek asko sufritzen dute, eta Eulateri nabari zaio asko sufritu duela bere obraren bidez». Sufrimendu horrek, hala ere, «pertsona, fraide eta artista moduan hazten lagundu diola» uste du Arretxeak. «Odol beroko eta bere asmoekiko leial» gisa ere definitu du.

Eulateren bizitza gertutik ezagutzen du Iñaki Beristain Arantzazu santutegiko fraideak. Erriberriko anaidian (Nafarroa) urteak eman dituzte elkarrekin; orain Eulate Bermeoko erietxean dago. «Indar handiko gizona da; dena du handia: bihotza, fantasia, sormena, eta grina. Grina horren eskutik bilatzaile neurrigabea izan da, ezinegona duena, batzuetan larritasunera heltzeraino». Arretxearekin bat egin du Beristainek artistaren etengabeko bilaketa lana nabarmentzeko orduan. «Misterio batetik zintzilik bizi izan da beti; izenik gabeko Jainkoa bilatu izan du».

Kontraesan handiko gizona ere izan da Eulate, «gorabehera handikoa», Beristainen ustetan. Kontzilioaren berritasun batzuk kosta zitzaizkion onartzea: «Oso betiko fraidea zen». Asko bizi izan du barrutik; hala ere, ingurukoekin «gizon oso atsegina, xumea eta umoretsua da». Bere apaltasunean «ondo zekien gauza txikiekin gozatzen eta pailazoarena egiten». Eta urteak aurrera joanda ere, ez du umorerik galdu. «Jaunak ematen dizkidan propinako urteak aprobetxatzen ari naiz», erantzuten du Bermeoko erietxean zertan den galdetzen diotenean.

Margolari eta eskultore gisa70 urte inguru eman baditu ere, sarri ez du baloratu bere eskuekin egindako lana. «Ez du bere burua askorik txalotu; alfertzat zuen, baina lanean sartzen zenean, geldituko zuenik ez zen inor».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.