Espioien espioi

John Le Carre hil da, espioitza generoaren ikurra. Erresuma Batuko zerbitzu sekretuetan aritua zen, eta lan enblematiko ugari utzi du

John Le Carre genero beltzean eta batik bat espioien azpigeneroan maisu izan den idazle britainiarra, urtarrileko irudi batean, Suedian. CLAUDIO BRESCIANI / EFE.
itziar ugarte irizar
2020ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
David John Moore Cornwell zen sortze izenez, baina John le Carre deitura moldatuarekin egin zen ezagun bizkor espioi nobelen eremua bereganatuko zuen idazlea. 1960ko eta 1970eko urteetanagertu zen literatur munduan, genero beltzak arrakasta handia zuenean, eta Gerra Hotzean girotu zituen estreinako obrak. Testuinguruari beti adi, hasi zenetik ez zion inoiz utzi idazteari, eta klasiko bizi-bizitzat izan dute askok azkeneraino. Asteburuan hil da, pneumoniak jota, 89 urterekin.

Eleberrietan agertzen zuen misterio aire antzerako batek ere bildu zuen haren bizitza: 1931n jaio zen, Poolen; Bernako eta Oxfordeko unibertsitateetan ikasi zuen, eta, Etongo ikastetxe kontserbadore ingelesean irakasle lanetan zebilela, zerbitzu sekretuetan aritzeko gonbidapena jaso zuen. Burdinazko Errezelaren mendebaldeko aldera erakarritako espioiak hezten zituen Londresko bulego batetik. Hor hasi zen, hain justu, espioien mundua paper gainean ere birsortzen.

Lehen nobelarekin aurkeztu zion irakurleari bere pertsonaien artean ezagunena, George Smiley agentea, 1961eko Call for the Dead (Hilei deika) nobelan. The Spy Who Came From the Cold (Hotzetik etorri zen espia), Tinker Tailor Soldier Spy (Ijitoa Jostuna Soldadua Espioia), Smiley's People (Smileyren jendea) eta bestetan espioi jokoak ordura arte inor gutxik bezala kontatu zituen. Gerra Hotzaren bukaerak, ordea, gaiak zabaltzera bultzatu zuen: terrorismo islamikoa, Sobietar Batasuna desegin ostekoak, industria farmazeutikoen maneiuak...

Hizkuntza askotara itzuli dira haren kontakizunak —Hotzetatik etorri zen espia euskaratu zuen Koro Navarrok, 1989an—, eta baita zinemara eraman ere: The Russia House (Fres Schepisi, 1990), The Constant Gardener (Fernando Meirelles, 2005) eta beste.

Espioien generoa goi mailako literaturara eraman izana aitortu izan dio letren munduak Le Carreri. Boterearen tripetan murgil egin, etikaren mugetara irten, hizkera zehatz eta jori bat landu eta tesi irmoak baztertzeagatik. Askoren ustetan, mundu immoral batean moralak izaten segitzeko gizakiak egiten duen ahalegina izan da haren literaturako gai handia.

Benetako enigma

«Idazle batek enigma bakar bat dauka, eta hori bere bizitza da. Nire aita kriminal bat zen; horrekin hazi nintzen. Eta bai, zerbitzu sekretuetan egon nintzen. Inoiz ez nukeen sasoi hartakorik kontatuko, horregatik ez ditut nire memoriak idazten». Lanak milioika saldu eta arrakasta handiagotu ahala, esfera publikotik urruntzera jo zuen idazleak, eta La Nación agerkariari hitzok esan arren, azkenean argitara eman zituen bizitakoak, 2016an, The Pigeon Tunnel: Stories from My Life memoria lanean (Usoen tunela: nire bizitzako istorioak). Ordurako jakina zen Erresuma Batuko zerbitzu sekretuetan parte hartua zela, baina beti jokatu zuen horren inguruan eraikitako usteak ñabartzera. «Garai batean, ondo zetorren ni idazle bilakatutako espioitzat jotzea. Baina ez. Oso gaztetan Britainiar Inteligentzian denboraldi labur baina prestakuntzaren aldetik izugarri probetxugarria eman zuen idazle bat naiz ni».

Haurtzarokoak eta batez ere aitari lotutako auzi minberak ere kontatu zituen liburuan. Ronnie izeneko gizon bat zuen aita, hala semeaz nola emazteaz abusatu zuena. «Jipoiren bat eman zidan, baina inoiz gutxi, eta konbikzio eskasarekin. Modua zen izutzen ninduena, behera etortzeko haren modu hura, sorbaldak eta lekutik ateratako masailezurra prest uzteko modua», idatziko zuen.

XX. mendearen bigarren erdiaren kronikatzat ere irakurri zen memoria lana; Thatcher, Arafat, eta sasoiko protagonisten errepasoa egiteagatik. Idazteal aitortu zuen erabat izutu zuela George W. Bushek abiatutako «izuaren kontrako gerrak», ustezko arma kimikoen mehatxuaren aitzakian AEBek abiatutako politikek. «Hainbeste dira eta horren etengabeak zabaldu diren gezurrak, oraintxe begi bistan gelditzen da fikzioa dela egia kontatzeko era bakarra».

Azken urte luzeak Kornuallesko etxera erretiratuta egin zituen, non idazten segitu zuen. Iaz eman zuen azkena: Agent Running In The Field (Agentea larrean lasterka).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.