Ismael Manterola Ispizua. Arte historialaria eta idazlea

«Espezializazioak autista bihurtu ditu arte plastikoak»

Gizartearen eta artearen arteko distantzia areagotu dela uste du Manterolak. Artista handien itzalak ikusezin egin dituen bazterrak aztertu eta hausnarketak bildu ditu 'Maite ditut maite' liburuan.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2017ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Joxean Artzek idatzitako Gure bazterrak poemaren hariari tiraka, Euskal Herriko artista handien lanbrotan ezkutatutako bazterrak arakatzen aritu da Ismael Manterola arte historialari eta idazlea (Zumaia, Gipuzkoa, 1966). Maite ditut maite. Transmisioa XX. mendeko Euskal Herriko artean (Edo) saiakera liburuan bildu ditu langar artetik ateratako hausnarketak. Intuiziozko lana osatu duela dio Manterolak; eta Euskal Herriko arteari buruzko gogoetak hedatu nahi ditu, artea urrunetik bizi dutenen artean ere.Gaur aurkeztuko du liburua, Bilboko Anti liburu dendan; Haizea Barcenillarekin eta Xabier Gantzarainekin batera, 19:30ean.

Diozunez, lainoak ezkutatzen dituen txokoak argitara ekarri nahi izan dituzu liburuan. Zeintzuk dira bazter horiek?

Asko dira artista handien itzalean geratu direnak. 1960ko hamarkadako Euskal Eskolen Mugimenduaren taldean, Jorge Oteiza askotan aipatzen da, baina beste asko aritu ziren lanean. Berdin gertatu da gaur egunera bitarteko hainbat artistarekin. Emakume artistena deigarria da. Mari Paz Jimenez artistak izugarrizko harremana izan zuen Oteizarekin, eta gutxi dakigu hari buruz. Ez da aztertu ere egiten. Horrelako itzalak aipatu nahi nituen.

Transmititu ez den horretan aipatzen duzu emakumeen kasua. Baita euskararena ere. Zein ondorio utzi du transmisio faltak?

Oteizaren itzalaren ondorioetako bat da hizkuntzarena. Ezin zaio erru guztia bota, baina berak garatu zuen ikertzeko modua oso analitikoa zen, eta analisi horietan euskara ez zen kabitzen. Gaur egun Oteizaren ildoari jarraitu diotenek ez dituzte beren ikerketak euskaraz egiten; euskal artistak izan arren edo euskarazko heziketa izan duten arren. Deigarria da. Badirudi transmititu dela gaztelaniaz edo ingelesez egin daitekeela arte garaikidea. Eta euskara baztertutako txoko batean geratu da.

Lurraldetasunean ere jarri duzu fokua. «Euskal Herrikoa?» galderari eskaini diozu atal osoa.

Gabezia handia dago Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko museoen eta artista sareen artean. Harreman gutxi dago, eta artistek ere ez dute elkar ezagutzen. Ez aurrera eta ez atzera gabiltza. Ez dugu asmatzen nola lotu bi tradizio kultural ezberdin horiek. Oro har, Hego Euskal Herrian nagusi den arte sisteman ez da egon interesik Ipar Euskal Herrira hurbiltzeko. Horrek pobre utzi du Euskal Herriko sistema, arteari dagokionez.

Herritarren eta artearen arteko harremanean etena egon dela azpimarratzen duzu. Noiz gertatzen da zatiketa?

Trantsizio garaian gertatzen da gizartearen eta kulturaren arteko bereizketa hori. Francoren garaiaren bukaeran bazirudien kulturak etorkizun hobea izango zuela Euskal Herrian. Baina normalizazio fase bat etorri zen, eta kultura bigarren mailan geratu da. Artea edertzeko elementu bihurtu da; edo, aisialdira mugatu da nolabait. Oro har, aldatu egin da kulturak gizartean duen garrantzia, edo kulturak gizartean duen rola.

Artearen eta gizartearen banaketaz gain, arte plastikoak artearekin harremana hautsi duela diozu liburuan. «Zaila da artista plastikoen kolaboraziorik topatzea musikari eta idazleekin».

Gehiegizko espezializazioa izan dute arte plastikoek, eta autista bihurtu dira. Oso zale direnentzat bideratu dute lana, eta lehen zuen bokazio soziala galdu du. Paradoxiko xamarra da. 1960ko hamarkada bukaeran Euskal Herriko gizartea artearekin identifikatzea lortu zen. Txillidaren Haizearen orrazia da horren adibidea: jende gehienak onartu du zeharo abangoardista den eskultura. Eta antzeko eskultura edo lanak dituzten beste toki askotan baino onarpen handiagoa izan dute artelanek gurean. 1980ko hamarkadatik aurrera, eta, batez ere, 1990eko hamarkadan, gizarteak ez zuen artearekiko identifikaziorik. Eta artistek ere ez zituzten komunikazio bideak zabaldu. Pixkanaka isolatu dira. Beste arte espresio batzuen artean badira kolaborazioak, 2000. urtetik aurrera. Poetak eta musikariak elkarrekin aritzen dira lanean. Baina kolaborazio horietan ere aparte geratu dira arte plastikoak. Horrenbeste aldarrikatu den diziplinen arteko elkarlana galdu da.

Indibidualismorako joera dago artean?

Azken urteetan areagotu egin da artistaren bakartasuna. Gizartearen joera orokorrak ere hori bultzatu du: artearekiko militantzia zeharo aldatu da. Eta hori galtzen den unean, artista ez da talde bateko partaide sentitzen eta atomizatu egiten da. Egoera instituzionalak ere bultzatu du joera hori. Gaur egun museoak eskaini zaizkie artistei, bekak ematen zaizkie, lanak erosten dizkiete... Badirudi jada ez dela beharrezkoa elkarguneak sortzea.

Arte garaikidea babesteko agindua du Guggenheimen museoak. Lagundu al du Euskal Herriko arte sistema bultzatzen?

Kontrako eragina izan du. Nazioarteko arte sistemarekiko ikuspegia indartu dute gehienbat. Artea ikuskizun gisa ulertzeko joera indartu da; hau da, dirutan neurdaitekeen ala jenioen arteko artea bultzatu du Guggenheimek. Produkzio lokalean edo jendarteratzean ez du askorik egin, eta nazioartean komertziala den artea hedatu du. Ez dakit zenbat aldiz iragarri duten XX. mendeko artistarik onenaren erakusketa jarriko dutela. Jenioaren ideia indartzen du horrek; salbuespenak dauden arren.

Ildo berari jarraitzen diote gainontzeko museoek?

Museoetan ere badago atomizazioa. Ez da politika kultural bat egiten herri ikuspegitik. Oraintxe, elkarri konpetentzia egiten dioten erosketa politika bat dago museoen artean. Hori harrigarria da. Arte garaikidea erosten dute Arte Ederren Museoak, Artiumek eta Guggenheimek, eta erakundeetatik ateratzen da dirua. Horrek bilduma sakabanatzea eragiten du, eta elkarren arteko koherentziarik ez izatea. Erakundeen ikuspegia aldatu beharko litzateke. Ez soilik erakusketen koordinazioaren aldetik, baita herri ikuspegiaren beharretik ere.

Sarerik ba al da euskal artisten artean?

Beste toki batzuetan dauden artista taldeekin konparatuta, bai, badago kontzientzia bat eta komunitate bat. Zaila da bi milioi biztanle dituen herri batean halakorik egotea; are gehiago, arte mundua nazioartekotuta dagoenean, eta estatu zentralista batean zaudenean. Nahiz eta oso identitarioa ez izan, sarea badago eta hori ez da toki guztietan gertatu.

Hezkuntzaren esparrua da transmisiorako tresnetako bat. Nola ikusten duzu egoera?

Atzera egin dugu esparru horretan. Plastika bigarren mailako irakasgaia da; Madrildik datorren hezkuntza planak bultzatzen du hori, baina baita Eusko Jaurlaritzarenak ere. Baina gizarteak ere ez du eskatzen, eta horrek arduratzen nau gehien. Diskurtsiboki ezagupen ezberdinen garrantzia oso barneratuta dugu. Baina eredu berdinarekin jarraitzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.