Jokin Urain. Preso ohia eta idazlea

«Espetxeko hesi eta munstroak eraisteko balio du sorkuntzak»

Ziega barrutik idatzi ditu Jokin Urainek orain arte kaleratutako lan guztiak. Kartzela den «absurdoa» bere buruari azaldu ahal izateko balio izan dio sorkuntzak barrote artean.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
2015eko martxoaren 1a
00:00
Entzun
2013ko azaroan Herrera de la Manchako (Espainia) kartzelatik irten zenean, bizitza erdia zeraman preso Jokin Urainek (Mendaro, Gipuzkoa, 1959). 1986an atxilotu zutenetik, 27 urte egin ditu giltzaperatua, espetxez espetxe. Han josi ditu orain arte kaleratutako liburu guztiak: lau hormen artean. Espetxeko sorkun- tzaren adibide da, sortu duelako, eta euskaraz kartzelan idatzi dena ere bildu eta aztertu izan duelako.

Zerk bultzatzen du presoa sortzera?

Bizi nahiaren bultzadak eramaten du presoa zerbait egitera. Sorkuntzak badu kartzelaren absurdo hori norbere buruari azaldu beharra, absurdo horrek berak jan ez dezan presoa.

Erantzun naturala da, beraz.

Bai, bizinahi horrek modu naturalean eramaten du presoa zerbait egitera.

Eta horrek, nolabait, preso guztiak berdintzen ditu.

Edonongo presoengan dago bizinahi hori. Kontua da askotan presoen mundu hori galeran erortzen dela; ez baduzu helbururik, bizinahi hori ez baduzu planteatzen helburu bati begira, kartzelako zurrunbiloak jaten zaitu. Horretan datza presoen arteko ezberdintasuna.

Zure lanetan ihesaz mintzatzen zara, behin eta berriz.

Bai; dudarik gabe, ihes egiteko modua da sorkuntza. Badago kartzelako errealitate absurdo eta irensgarri horretatik, nola edo hala eraitsiko zaituen horretatik ihes egiteko beharra. Baina ez da sarri aipatu izan den ihes fantasiazkoa bakarrik; badago ihes egin nahi erreal eta fisiko bat ere. Norbere irudimenaren ahalmenaren araberakoa da hori; gero, sormenera edo prestakuntzara bideratzen da.

Zuk diozunagatik, askotarikoak dira ihesak: «Egiazko eta alegiazko ihesaldiak, burutuak eta zapuztuak, amestuak eta amesgaiztotuak».

Lehenengo irudimenean gauzatzen ez diren ihesak ez dira inoiz errealitatean gauzatuko. Ihes horri begira irudimenean jardutea beharrezkoa da. Gero hasten dira errealitatean poliki-poliki gauzatzen. Bide horretatik etorri dira benetan lortu diren ihesaldiak, baita porrot egiten dutenak ere. Bai eta norberarentzako bakarrik balio izaten duen ihes literarioak ere.

Denbora kudeatzeko, betetzeko modua da sorkuntza kartzelan. Nolakoak lirateke giltzapean pasatu dituzun 27 urteak literaturarik gabe?

Ez dut imajinatu ere egin nahi. Ez dakit idatzi dudan horri literatura deitu dakiokeen; nolabaiteko idazte jarduna izan da. Alde batetik, absurdo hori guztia norbere buruari azaldu beharra dago, ulertzeko.Era berean,kartzelaren hesiak eta munstro hori eraisteko balio du. Literaturak ere badakar, gainera, ariketa intelektuala: norbere burua janzteko ariketa da.

Kartzelan ondu duzu orain arteko sorkuntza literario guztia. Kalean egonda, apaldu al zaizu idazteko bulkada hori?

Bai. Sorkuntza literarioaren behar hori ez dut kartzelan bezala sentitzen, baina sentitzen dut nola edo hala jardun beharra kartzelako mundu horri eta kartzelan dauden kideei erreferentzia eginaz.Historiaren ikuspegitik, batez ere.

Bulkada militantea da orain, beraz, lehen gizatiarra zena.

Bai, Eta, batez ere, kartzelan nola edo hala idaztea pentsatu baina ezinezkoa zelako alde batera utzitakoa orain ari naiz berreskuratzen eta pixka bat josten.

Zaila da, kartzeletako lanetan, presoaren isla ez agerraraztea.

Azken finean, bi aukera dira: tripetatik idaztea edo burutik idaztea. Eta, batzuetan, zaila da tripetatik ez idaztea, norbere sentipenen nahasketa horiek pixka bat alboratuz, eta idazketanorberarentzat bakarrik izan ordez besteei kontatzeko eginez. Hori ez da erraza izaten.

Eta horregatik beharbada, ia etengabea da ni-aren presentzia kartzela barruan egindako lanetan.

Esperientziak erakusten du kartzelan idazten dena —asko eta askotan behintzat—norbere buruari lotuagoa izaten dela. Kalean literaturara dedikatzen denak distrakzioagatik egiten du askotan, eta, horregatik, askotan errazagoa egiten zaio abstrakzioa. Baina egia da kartzelan ez dela hain erraza.

Espetxekoa tradizio luzeko generoa da euskal literaturan. Zerbait pentsarazi beharko liguke horrek.

Dudarik gabe. Batzuk esan izan dute sufrimendutik idazten dela, eta sufritzen egon garelako idatzi dugula. Nik ez dut uste sufrimendua ona denik ezertarako: ez idazteko, ez ezertarako. Kontua da ihes bezala ikusi izan dugula, eta bide horri ekin geniola. Etxeparek ere bere esperientziari egin nahi izango zion erreferentzia.

Galdera friboloegia da beharbada, baina sorkuntzarako leku egokia al da espetxea?

Gauza batzuengatik, leku egokia izan daiteke: denbora daukazu; ez daude kaleko joan-etorri asti gabeko horiek, eta, beraz, bai, badira abantaila batzuk. Baina ez dut uste kartzela ona denik ezertarako.

Idazlea bakardadearen bila ibiltzen da sarri. Kartzelan hori badago, baina nabaria da aldea.

Lagunartea gertu dagoenean da ona bakardadea, baina, bestela, lagunartea gertu ez badago, bakardadea ez da ona ez ezertarako, ez inorentzat.

Noiz arte iraungo du kartzelako literaturak?

Zoritxarrez, uste dut oraindik ere jarraitu beharko dutela idazten kartzelan daudenek. Eguneroko gorabeherei buruz aritzen da jendea kartzelan, eskutitzen bitartez batez ere. Asko idazten da kartzelan. Eta bai: zoritxarrez, idazten jarraitu beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.