Beñat Gaztelumendi Arandia. Bertsolaria

«Espero ez nauten lekuan ere utzi nahiko nuke nire arrastoa»

Azken bi finaletan «itzalean» sentitu du bere burua Beñat Gaztelumendik. Aurtengoan, ordea, itzal horretatik atera, ahaldundu, eta mugarik gabe aritu nahi du, ariketen erritmoa markatuz.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Burua irekita, bihurrekeria puntu batekin eta sortzeko jarrerarekin joan nahi du Beñat Gaztelumendik (Donostia, 1987) Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera. Hirugarren aldia izango du, baina badu, azken txapelketaz geroztik, arrastoa utzi ez izanaren arantza bat. Oraingoan, baina, arantza hori ateratzea du helburu. Nola? Bada, ariketa bakoitzari parez pare begiratu, eta horietako bakoitzean arrastoa utziz. «Ahalduntzeko» gogoa du, ariketen erritmoa markatu eta inork espero ez duen tokian agertzekoa.

Hirugarren aldiz sailkatu zara final handirako. Zer moduz zaude?

Oso pozik berriz ere hemen nagoelako. Ilusio handia egiten dit. Aurten, gainera, ziklo aldaketa bat tokatu da: Iruñera pasatu da finala, pandemia baten ondoren dator, eta finalaren osaketa ere dezente aldatu da. Ematen du beste garai batera doala bertsolaritza, eta beste garai horretan ere oholtzan egotea pribilegio bat eta poz handi bat da niretzat. Gainera, nahiko penatuta gelditu nintzen orain dela bost urteko finalarekin. Amorru hori neukan ordutik, eta, alde horretatik, aukera gisa bizi dut final hau, eta bertan atera nahi dut arantza hori.

Zein da arantza hori?

Sufritu nuen, eta arrastorik utzi ez izanaren sentsazioarekin gelditu nintzen. Bertsoen alde teknikoa asko landu izan dut aurreko txapelketetan: errimak, bertso barrua nola josi... 2017ko finalean konturatu nintzen jarreraz eta kokapenez lanketa gutxirekin iritsi nintzela, eta hor hutsune handi bat neukala. Aurten, alde teknikoa ere landu dut, noski, baina 2017ko finalean sentitu nuen hutsune hori betetzen zentratu naiz, batez ere. Beraz, aurten ere hor nago, badakit zer egin nahi dudan, eta horretara joango naiz.

Zer egin nahi duzu, bada?

Saiora burua irekita joan nahi dut, bihurrikeria puntu batekin eta sortzeko jarrera on batekin. Uste dut Durangon funtzionatu zidala horrek. Baionara nekatuago iritsi nintzen, baina finalera begira, deskantsatzeko denbora izan dut. Beraz, gogotsu nago.

Durangokoa izan zenuen lehen saioa, azaroaren 12an. Hasia zen txapelketa ordurako. Saioaren aurreko egunetan, txapelketara nola egokituko zinen ez jakiteak «ziurgabetasun puntu bat» zuela kontatu zenion BERRIAri. Nola egokitu zinen?

Emaitzarekin-eta oso pozik gelditu nintzen. Baina, segur aski, txapelketa batean urdurien joan naizen saioa izango zen. Inoiz finalaurreko batean pasatu gabeko zerbait pasatu zitzaidan egun horretan; oholtzara igo aurreko aurkezpen paseo horretan hunkitu nintzen, momentu batean egoerak gaina hartzeraino. Aitor Bizkarrarekin egin nuen zortziko txikiko ariketa heldu zen arte, laino artean bezala sentitzen nuen neure burua. Ez zen izan txapelketa batean egin dugun saiorik brillanteena, baina ariketa horretan sentitu nuen lur hartu nuela, eta hortik aurrera oso gustura aritu nintzen.

Primerako saioa izan zen. Denak pasatu zineten bigarren itzulira.

Bai. Nik, egia esan, zortea izan nuen hasierako zozketarekin. Tokatu zitzaidan saioko euren momenturik onenean zeuden bertsolariekin kantatzea. Saioa Alkaizarekin hasi nintzen zortziko handian. Ilusio berezia egiten zidan horrek. Bizkarrarekin tokatu zitzaidan zortziko txikikoa. Uste dut saio batean inoiz kantatu gabea nintzela berarekin, eta poza eman zidan harekin kantatzeak. Julio Sotorekin aritu nintzen puntuka, eta aukera izan genuen geure buruaz barre egiteko, eta, azkenik, Aitor Mendiluzerekin egin nuen seiko motzekoa, eta hortzak zorroztuta iritsi nintzen.

Eta, finalari begira, zertan jarri nahiko zenuke indarra?

Askotan sentitu dut beste bertsolariak ni baino hobeak direla edo besteen itzalean nenbilela. Kontrakoa landu dut aurten. Itzalean egon beharrean, nik markatu nahi dut oraingoan erritmoa. Saioaren barruan ahaldundu nahiko nuke.

Zertan sentitu nahi duzu ahalduntze hori?

Orain arteko txapelketetan, gaztea izan gabe, gaztearen papera egitea tokatu zait. Eta finaletan ere, okupatu izan dut leku bat ez naizena erabat eroso sentitu izan. Hor ere badago lehen aipatu dudan arantza hori. Oraingoan, parez pare begiratu nahi diet ariketa guztiei, eta denetan aritu nahiko nuke neuretik. Askok, nire bertsokerarengatik, ez zuen uste Durangon puntukako ariketan asmatuko nuenik, eta, begira, ba asmatu genuen puntuka ere. Espero ez nauten lekuan ere utzi nahiko nuke arrastoa. Ariketa batean arrastoa utziz gero, ez dut etsiko, hurrengo denetan ere saiatuko naiz uzten. Ez naiz ariketa bati begira egongo, egunari begiratuko diot.

Postu jakin baten bila zoaz?

Postu baten bila ez naiz joango, baina ez diot mugarik jarriko nire buruari. Beste final batzuetan, nahi gabe ere, besteek baino pausu bat atzerago kokatu izan dut nire burua. Aurten hori desblokeatzen saiatu naiz.

Aurten ziklo aldaketa bat egon dela aipatu duzu lehen. Bertsolaritzaren argazkia aldatu dela esan nahi du horrek?

Askotan kide izaten ditudan bertsolari batzuk izango dira orain finalean, eta lagun minak ditudanak, gainera. Alde horretatik, ilusio berezia egiten dit. Hala ere, argazki horretatik kanpo gelditu dira final hori guk bezainbeste merezi duten bertsolari asko. Datorren igandean Nafarroa Arenako oholtzan ez egoteak ez du esan nahi argazkitik kanpo daudenik.

Urte askoan, txapelketak erakutsi du bertsolaritzaren argazkia zein den, eta uste dut, kasu honetan, alderantziz gertatu dela. Alegia, plazan gertatzen ari direla aldaketa batzuk,eta txapelketan beranduago iristen direla. Txapelketaren aparraldia jaisten denean ikusiko da, agian, zein den benetako argazkia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.