Ez zen pertsonaia erosoa Jon Mirande (Paris, 1925 - 1972). Abertzale sutsua zen, baina ezinikusia zion kristautasunari; eskuin muturreko ideiak bereganatu zituen, eta ez zuen arrazismoa ezkutatzen. Literaturaren oinarria apaizen munduan zegoenean, mundu modernoago batetik idazten zuen, eta gai deserosoak jorratzen zituen, autozentsurarik gabe. Hori dena, gaitasun literario goren batekin elkartuta. Hain zuzen, «egun oraindik deserosoa den nahasketa bitxi bezain delikatu hori» musikara eramateko erronka hartu dute Elena Setienek, Grande Daysek eta Xabier Erkiziak; musika esperimentala ingelesez kantatu ohi duen abeslari batek, indie-rock talde batek eta soinu artista eta ekoizle batek. «Emaitza Frankenstein bat da», Erkiziaren hitzetan. Sei kantuko diskoa osatu dute, Forbidden Colours zigiluarekin, eta bihar eramango dute jendaurrera, Donostiako Antzoki Zaharrean.
Beasaingo Igartza jauregian (Gipuzkoa) abiatu zen proiektua. Setienek eta Grande Daysek batera jo zuten, eta orduan sortu zen Miranderen olerkiak musikatzeko ideia. Gero, Xabier Erkizia gehitu zitzaien, eta elkarrekin grabatu zituzten Mirande izeneko lana osatzen duten kantuak. Mirande bezalako idazle polemiko baten lana aukeratu izanaren atzean arrazoi ugari egon daitezke, baina Erkiziak uste du esperimentatzeko grina dagoela abiapuntuan: obra literario konplexu bat hiru elementu oso ezberdinetako musika proiektu batean txertatzeko eta leku komun batera iristeko. «Erronka handia izan da musika egokia topatzea honetarako, garena alde batera utzi gabe», aitortu du Erkiziak.
«Konfort eremutik» ateratzeko esfortzua egin behar izan dute horretarako, «Miranderen hitzek sortzen duten deserosotasuna» beren baitan bizitzeko. «Leku bat topatu behar genuen, non ez genuen hain erraz igeri egingo». Setienek egindako ahalegina txalotu du bereziki: «Euskaldun berria izanda, oso ausarta izan da lehen aldian Miranderen lanak kantatzeagatik, zuberotarrez». Toki erosoetatik urrundu izanak haiengan zerbait mugitu duela dio musika ekoizleak, aldatu dituela, beren buruekin ikasi dutela, eta ez direla lehen zirenak izango Miranderen ondoren.
Esperimentazioaren emaitza sei kantuko disko bat da: Igelak, Zergatik, Maitarzun, Eder bati, Eresi eta Jauregi hotzean. Olerkiak aukeratzean, saiatu dira gaiak ez errepikatzen eta mitologiaren erreferentziak sobera ez erabiltzen. «Haren begiradan gordetzen diren hainbat ikuspegi topatzen saiatu gara; modernitatearen eta erromantizismoaren artean dantzan dauden letrak».
Musikalki popean kokatu du lana Erkiziak, eta generoaren aldarrikapena egin nahi izan du: «Pop musika orokortzera eta masifikazioarekin lotzera jotzen dugu, baina hor ere bada ausardia, berrasmatzeko gaitasuna; beraz, nik ez nuke hortik aterako guk egindakoa: pop musika da, baina topikoetatik urrun; zerbait sakonagoa». Kantuak eta Mirande bera testuinguruan kokatzeko beharra ikusten zuten, eta Beñat Sarasolaren laguntza izan dute horretarako. «Beñat saiatu da testuinguruan jartzen letrak eta poeta, jendeak uler ditzan poesia honen arrazoiak, eta zergatik iritsi den gugana iritsi den bezala».
Mirande ez baita iritsi gaur egunera beste idazle batzuk bezala; haren literaturaren kalitatea aitortua izan da, baina ez du izan beste askok izan duten aintzatespena. Halere, Erkiziak nabarmendu duenez, haren arrastoa bada euskal musikan, ez baitira haiek izan Miranderen testuak kantu bihurtu dituzten lehenak. Asko izan dira aurretik: Hertzainak, Zarama, Niko Etxart, Mikel Markez, Antton Valverde... Fiachras taldeak, berriz, kantu bat idatzi zion. Kontraesanak gorabehera, asko sentitu dira haren lanak erakarrita.
Aurrera doa
«Proiektu hau ate bat da: abiapuntu bat». Hori argi du Erkiziak. Hasieratik ikusi zuen ez zela zerbait txikia izango, lehentasuna izango zuela kide guztientzat. Horren erakusgarri da, diskoa duela hilabete batzuk grabatu zutenez, dagoeneko kantu gehiago prestatu dituztela, bihar aurkeztuko dituztenak. Zuzenekoa, izan ere, diskoa baino aberatsagoa izango da: elementu gehiagorekin eta abestien moldaketekin osatuko dute. Gogotsu daude, baita urduri ere, beren «Frankenstein» konpartitzeko irrikaz.
Esperimentu bat, poeta deserosoa musikatzeko
Jon Miranderen olerkietatik abiatuta, sei kantuko disko bat osatu dute Elena Setienek, Xabier Erkiziak eta Grande Days taldeak: 'Mirande'. Bihar aurkeztuko dute, Donostiako Antzoki Zaharrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu