Esperimentaziorako talaia

Nafarroako Unibertsitateko museoak 5.000 artelanen dohaintzak jaso, eta horietatik 37 erakutsiko ditu. Artisten artean, Chagall, Txillida, Sorolla, Chambi eta Aizpurua daude

Eduardo Txillidaren eskultura, eta, albo banatara, Carlos Irijalbaren Twilight eta Rufino Tamayoren Sandiak. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2016ko urriaren 1a
00:00
Entzun
«Hau da artistak elikatzeko aretoa». Valentin Vallhonrat Nafarroako Unibertsitateko museoko arte zuzendariaren aburuz, azken urtebetean erosi eta batez ere donazio bidez bereganatutako artelanek museoaren «funtzionamenduaren bihotza sendotzen dute». Vallhonraten arabera, artistak gonbidatu egiten dituzte museoa erabil dezaten euren produkzio artistikoan sakontzeko. Areto berriaren horma batean, hiru koadro erabat desberdin daude. Rufino Tamayo margolari mexikarraren hiru sandia hegalariak, Marc Chagallen alegoria bat eta Joaquin Sorollaren paisaia kostunbrista bat. «Mutur horiek ahalbidetzen diete artistei eremu bat irekitzea euren obrarekin lotzeko, esperimentatzeko eta irakurketa egiteko».

Hartara, artistentzat esperimentaziorako talaia izan liteke aretoa, eta ikusleari ere gogoeta egiteko balio diezaioke. Adibidez, Alphonse de Launay bidaiari frantziarrak argazkigintzaren hasieratan, XIX. mende erdian, Espainian erretratatutako hainbat pertsonaren bost irudi daude—eskaleak, dantzariak eta autorretratu bat ageri dira—. Alboan, Sorollak inpresionismoaren eraginpean 1898an margotutako Sarea koadroa dago, eta Valentziako kostaldeko arrantzaleak islatzen ditu. Vallhonraten arabera, «lotura argia» dago bien artean. Era berean, areto erdian, Eduardo Txillidaren eskulturatxo bat dago. Egun Bartzelonako Creueta del Collen dagoen Uraren laudorioa eskultura aztertzeko egin zuen, eta burdinarekin mugimendua adieraztea bilatu. Bi adibideok agerian uzten dute garai desberdinetako artistek bere lanean aurrera egiteko bideak esploratu zituztela.

Dohaintzak %95

Nafarroako Unibertsitatearen museoak 2014an ireki zituen ateak. Jose Ortiz Etxague margolariak eta Maria Josefa Huartek emandako artelanak izan zituen abiapuntu, baina, azken urtebetean, beste 5.000 lan jaso dituzte, gehienak dohaintzak (%95); batik bat, Mexikoko Gomez Laresgoiti familiaren eskutik. Gainera, Rafael Sanz Lobato argazkilariak 3.000 argazki inguru utzi dizkie, bere obra osoa; Jose Manuel Aizpurua arkitektoaren oinordekoek ere hainbat lan eman dituzte; Martin Chambi argazkilari perutarraren oinordekoek ere gauza bera egin dute. Angel Gomez Montoro museoko sustatzaileen partzuergoko presidentearen arabera, unibertsitateak ez du nahikoa dirurik bilduma handitzeko, eta, horregatik, norbanako eta erakundeen eskuzabaltasuna funtsezkotzat jo du.

Gehienak dohaintzak izan arren, hainbat lan erosi ere egin dituzte, hala nola argazkigintzaren sorrerako Charles Clifford argazkilari ingelesaren lan bat, Alphonse de Launayren bost argazki eta Inge Morathen 1955eko Madrilgo Gran Viako argazki bat. Aretoan, 37 artelan egongo dira ikusgai, urtarrilaren 1era arte. Gomez Montororen ustez, artista guztien obrez gozatzeko aukera du ikusleak. «Anekdota bat datorkit burura. Maria Josefa Huartek kontatu zidan jendeak gozatzea nahi zuela, hark bere etxean egiten zuen bezala».

Margolanen artean, Sorolla, Chagall eta Tamayo nabarmentzen dira. Sorollaren koadroak argitasun eta kolore berezia du. Chagallena, berriz, ilunagoa da. Erdigunean, lore sorta bat garraiatzen ari den gizon bat dago, koadroari izena ematen dion Homme Fleurie (gizon loreduna). Margolanen alde guztietan, grabitatearen legeak urratuz eta garrantziaren araberako tamaina hartuz, kale musikariak, bikote bat eta hainbat animalia ageri dira. «Ilusioa, sukar ametsa, fantasia, liturgia eta errusiar literatura» ikusten ditu Chagallen obra horretan Vallhonratek. Berezia ere bada Rufino Tamayok 1967an margotutako Sandiak. Espainiarrak Amerikara iritsi aurreko arte ondarea abangoardiarekin uztartu nahi izan zuen.

Argazkigintzak ere bere garrantzia hartzen du. XIX. mendeko irudiez gain, museoak toki bat egin dio iragan mendeko abangoardiari. «Eremu hori betetzea falta zitzaigun», dio Vallhonratek. Antoni Arissa, Josep Sala eta Jose Manuel Aizpuruaren argazkiekin osatu dute zulo hori..

Egungo artistei ere egin diete tokia. Bi lan dira nabarmentzekoak: errealitate eta fikzioarekin jolas egiten duen Cristina de Middelen Man Jayen eta Carlos Irijalba nafarraren Twilight (Ilunabarra).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.