Zerikusi gutxi du gaur egungo Begiz Begi taldeak orain bederatzi urte sortutako enbrioiarekin:2007. urtea zen Patxi Amulet eta Xabi Etxeberri musikariek Baionan bat egin zutenean. Kantaldietarako bikotea sortu zuten orduan, eta kantu batzuk ere sortu zituzten. Gaur, ordea, boskotea da taldea, 2010ean Sebastien Luc, Nicolas Armendariz eta Peio Lambert batu zirenetik, eta «arrunt aldatu da estiloa», Etxeberriren arabera. Hark azaldu du mutazioaren zergatia: «Gure musika aberastu nahi genuen, eta maite genituen estiloetara joan, eta estilo horiek bateria, baxua eta bigarren gitarra bat sartzea agintzen zuten». Eta hortik bikotetik boskoterako jauzia, formazioan, eta, ondorioz, musika estiloan ere bai. «Gure lehen lana izan zen binaka genituen kantuak moldatzea. Folk eta pop estilokoak ziren, baina hasi ginelarik bosnaka konposatzen, rock progresibo hori, alde psikodeliko eta esperimentala garatzen hasi ginen». Horregatik daude bi Begiz Begi, edo gehiago, bilakaera horretan.
Edonola, badira dagoeneko zazpi urte taldea, boskote gisara, lanean ari dela. Tarte horretan, hiru disko kaleratu dituzte; azkena, Hatsa (Baga Biga), berriki argitaratu dute, eta Azkue fundazioak antolatutako Banden Lehia irabazi izanaren ondorio da. Sari gisara, sei piezako lana grabatu dute Kaki Arkarazok lagunduta, haren Garate estudioan, Andoainen (Gipuzkoa). Modu analogikoan eta ia zuzenean grabatu dute. «Kristoren xantza izan da».
Ez dago Begiz Begiren errepertorioan estilo bat eta bakarra, edo ez behintzat estilo pururik. Post-rock motakoa da oro har musika, aldaera progresibo askokoa, eta musika instrumentalera jotzen dute sarri. Azken batean, esperimentazioa oinarrizko elementua da haien jardunean, eta gauza ezberdinak probatuz joan dira taldearen estiloa fintzen. Azken diskoan, gehiegi obsesionatu gabe, lortu dute oreka pixka bat, Etxeberrik dioenez: «Uste dut beste diskoetan denbora gehiago pasatu dugula [estiloa] bilatzen aurkitu gabe. Oraingoan ere bilatu dugu, baina aski fite jarri gara ados gauza batzuen inguruan, eta hori gauza berria da».
Ertz askotakoa da emaitza, Ritxi Aizpuru Baga Bigako arduradunak nabarmendu duenez: «Biolinak ikuspegi berritzailea ematen dio post-rockari, tarteka uztartuak ditu ukitu sasi edo post-progresiboak, malenkoniatsuak, lasaiak, pisu handiko pasarte indartsuak eta euskal tradiziozko doinu usaiak zortziko itxurarekin». Barealdia kantan, adibidez, sonoritate handiko musika instrumentalean igar daitezke euskal dantzen erritmoen zantzuak.
Ez da kasualitatea: izan ere, Etxeberrik dioenez, taldearen estiloan euskal sustraiak mantentzea dute xede. «Mundu herrikoitik» iritsiak dira Etxeberri eta Patxi Amulet, eta «gaurko musikaren mundutik» gainerako taldekideak. Bi munduak uztartuta sortzen dute, euskal musika herrikoiaren oihartzunak bilduz erritmo garaikideagoen aterkian. Alde horretatik, Errobi, Itoiz eta antzeko taldeen estilotik edaten dute, Etxeberrik dioenez.
Edonola, ikusten du aldea orduko talde horien eta gaur egungo panoramaren artean: «Publikoak, beharbada, naturalago hartzen eta onartzen zituen». Gaur egun, ordea, belarria formatu komertzialetarako hezia dela uste du, eta zailagoa izaten dela hortik kanpora nabarmendu eta aintzat hartua izatea: «Ez dakit publiko heziketa den, baina iruditzen zait gure gurasoek errazki onartzen zituztela musika estilo batzuk».
Mitologia, gaurko bizitzan
2015ean Joan ihes egin baino lehen diskoa autoekoiztu zutenean, gai bat bilatu zuten lana goitik behera ardazteko, eta kameren gizarteaz aritu ziren egungo kontrol soziala salatzeko. Oraingoan, antzera, hari batez josi dituzte diskoko sei kantak, eta euskal mitologian bilatu dute horretarako inspirazioa. «Talde guztiek bezala, gure eguneroko bizia eta kezkak nahi genituen adierazi, baina, aldi berean, paralelismo bat egin nahi genuen euskal mitologiarekin, erremedio bat balitz bezala gure eguneroko kezkei erantzuteko». Horregatik, Claude Labaten Libre parcous de la Mythologie basque liburua ardatz, antropologoarekin bildu ziren taldekoak, gaia lantzeko. Ondotik, Odei Barroso bertsolariak osatu ditu hitzak, eta Maiana Agorrodoi marrazkilariak egin du azala, euskal etxea irudikatuz egungo gizartearen bihotz gisara.
Banden Lehiak bultzada berria eman zion taldeari, iaz. Ez zuten espero irabaztea, eta are, ez zuten argi ikusten lehiaketa sistema ere: «Taldearen hastapenetan hautu berezia egin genuen: ez genuen parte hartzen lehiaketetan, eta ez genuen sobera parte hartu nahi gauza instituzionaletan. Autoekoizpenean lan egiten genuen, eta leku alternatiboetan jo nahi genuen. Baina lehiaketa horrek [Banden Lehia] euskaraz kantatzen duten taldeei ikusgarritasuna ematen die, eta biziki inportantea da hori. Kontent ginen bakarrik Bilborocken jotzearekin, eta irabaztea ikaragarria izan zen. Eta ondotik etorri dena ere biziki ona izan da».
Aurrerantzean, lana jendaurrean jotzea egokituko zaie Begiz Begi taldekoei. Azaroaren 19an Bartzelonan ariko dira, Willis Drummondekin batera, EH Sona jaialdiaren barruan. Eta, Etxeberrirentzat, «ohorea» izango da oholtza Ipar Euskal Herriko kideekin partekatzea. Dioenez, «eredua» baita Willis Drummond: «Kontzertuekin egin dute beren ibilbidea, ez dute lortu ospea publizitateari esker. Sare sozialetan, gehienetan nahi izaten dugu ahal bezainbeste komunikatu, baina ezin da musika entzun gabe». Horregatik, Willis Drummondekoek bezala, oholtza gainetik gerturatu nahi dute publikoa, eta parez pare jardun. Begiz begi. Izango dute horretarako aukerarik.
Esperimentazioaren ondorio
Baionako Begiz Begi taldeak bere ibilbideko hirugarren diskoa aurkeztu du: 'Hatsa'. Ertz askotako estiloa jorratu dute, post-rocka oinarri. Euskal mitologia da hitzetako gai nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu