Bi hamarkada gertu dira Ganbara taldea desegin zenetik. Euskal folk talde garrantzitsuenetako bat izan zen 80ko hamarkadan; urte luzez izan zena piztu da berriro ere. Maria Eugenia Etxeberria, Josean Martin, Alex Blasco eta Juan Ezeiza Ganbarako taldekide ohiek elkartzea erabaki dute; oraingo honetan, Xabi Aburruzaga trikitilaria izango dute lagun. Elkartzea, gainera, disko baten eskutik heldu da: Eguntto batez (Agorila) lana kaleratu berri dute, taldearen zazpigarrena. Horretan, aurreko diskoetako hainbat kanturen moldaketak eta abesti berriak bildu dituzte.
Aurten 30 urte bete dira Ganbara taldearen sorreratik, eta hamasei desegin zenetik; geroztik, hainbat taldekide ohik elkarrekin jarraitu dute lanean. Ezeiza eta Martin Xarnege taldean elkartu ziren; Etxeberriarekin ere bat egin zuten, Euritan Blai proiektuan. Hiruren solasaldi eta gogoetetatik sortu zen Ganbara berpizteko ideia. «Fitxaketa berri bat» dute bigarren aro honetan: Xabi Aburruzaga trikitilaria. «Perspektiba pixka bat nahi genuen lanak moldatzerakoan.Kantua norberak egin badu, oso zaila da, eta komenigarria da kanpoko norbait egotea», dio Juan Ezeiza taldeko kideak. Kantu berrien artean, Aburruzagak berak sortutakobat jaso dute, Irumugarrieta. 36ko gerraren inguruan egindako Tener 13 años en el 36 dokumentaleko Peleamos, peleamos kantua eta aurretik argitaratu gabeko Makilarienak abestia ere bildu dituzte.
«Hasiera zailak»
Moldatu dituzten kantuen artean, berriz, «kutunenak edo joko gehiena emango zutenak» aukeratu dituzte. «Folk-pop nahastua egiten jarraitzen dugu, baina gure esperientziarekin moldaketa helduagoak eta landuagoak egin nahi genituen». 1989an Ganbara (tik) lanean hartutako bideari eutsi diote. «Disko helduena izan zen».
Aurreko diskoetan bezala, azken horretan ere hainbat kolaborazio izan dituzte. Joao Afonso abeslari portugaldarrari euskaraz eta portugesez abesteko gonbita egin zioten, eta Banan-banan eta Oi eiztari! kantuetan parte hartu du. Angel Unzu Ganbaran aritutakoak ere lan egin du diskoan, gitarran eta perkusioan. Tartean izan dira, besteak beste, Markos Juaristi kontrabaxu jotzailea, Irkus Ansotegi pandero jotzailea, Iñigo Egia perkusio jotzailea eta EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoko soka laukote bat.
Denborak eman die esperientzia. Aldaketa ugari izan ziren Ganbarako ibilbidearen lehen zatian, bai estiloaren aldetik, baita musikarien aldetik ere. «Jazz gehiago egiten zen momentu batzuetan, rock gehiago besteetan, zeuden musikarien arabera». 17 urterekin hasi zen Ezeiza taldean, eta urte politak izan ziren harentzat; dena den, «hasierak zailak izan ziren, kontzertu gutxi baitzegoen». 1982an plazaratu zuten Behin batean (Soñua) lehen lana, eta hiru urte geroago heldu zen bigarrena, Banan-banan. Urte horretan bertan Folk Sari Nazionala irabazi zuten Toledon (Espainia), eta hari esker euren proiekzioa handitu zen. «Garai hartan edozein jaitan berbena egoten zen, eta kantaldia berbenaren aurretik». Hamar urteren buruan etorri ziren beste lau disko: Harat honat (1987), Ganbara(tik) (1989), Buhamien balleta (1992) eta Itsas zabalean (1995).
«Gaur egun DJak daude, eta kantaldirik ez. Ez dira garai onak kontzertuak emateko; azkenaldian nabaritzen da dei gutxiago direla, eta aurrekontuarekin borrokan ibili behar da». Ganbarako taldekideak ez dira musikatik bizi, eta kontzertuak egin nahi dituzte, musikarekin jarraitu. «Ikusiko dugu martxan gaudela honek zer ekarriko duen».
Esperientziaren bigarren bidea
Ganbara taldea hamasei urteren ondoren elkartu da; moldaketak eta kantu berriak jaso dituzte 'Eguntto batez' diskoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu