Pantxoa Carrere
'Esperantzan'
Diskoetxea: Baga Biga.
Bakarkako estreinako lana 2016an argitaratu ondoren, bueltan da azkaindarra kantu sorta berri eder batekin. Disko atsegina da, kalitatezko lehengaiak dauzkana, baita gonbidatu sorta erakargarria ere(Eñaut Elorrieta, Euskitze, Patxi Garat...), eta guztiaren gainetik Pantxoaren ahots goxoa, teknika aldetik oso jantzia, eta beti bere tonuan dagoena. Iñaki Dieguezek ekoiztua da, eta soinu garden eta ahaltsua lortu du 11 kantuetan. Konpositore bikainen abestiak aukeratu ditu grabaziorako: Manex Pagola, Renaud Sechan eta Ugo Karrere batik bat. Amets baten hegalez animatuaren bateria eta abarrekin kontrapuntu polita egiten die kantu pausatuagoei, eta Xabier Euskitzerekin batera kantatutako Pilota, euskal jokoa dugu nabarmendu beharreko beste piezetako bat. 74 urterekin ere Pantxoak maila handia ematen jarraitzea baliagarria da oso gure eszenarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu