Espazioaz, ikus-entzunezkoen bidez

'Beijing dayu' erakusketa jarri dute Pekinen, Nadia Barkatek eta Cristian Villavicenciok

MA Studio-n Barkatek eta Villavicenciok jarritako erakusketaren panoramika orokorra. JUDAS ARRIETA.
Igor Susaeta.
2012ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Biek erabili dute ikus-entzunezko lengoaia transmititu nahi zutena adierazteko. Nadia Barkatek (Bilbo, 1980) eta Cristian Villavicenciok (Quito, Ekuador, 1984) bideoak eta argazkiak baliatu dituzte Beijing Dayu (Euria gogotik Pekinen) erakusketa atontzeko. Eta bi artistek, bakoitzak ideia bere eremura eraman duen arren, espazioaz hitz egin nahi izan dute erakusketan jarritako lanekin. Joanden larunbatetik atzo arte ikusgai egon zen Txinako hiriburuko MA Studio-an —gune horretan lan egiten du Judas Arrieta artista hondarribiarrak—. Barkatek eta Villavicenciok azkeneko bi hilabeteak eman dituzte Pekinen proiektua gauzatzen, MA Studio-ren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Arte Ederretako fakultatearen lan hitzarmenari esker.

Villavicencioren proposamenean «hiria bera» da erdigunea. «Argazkiekin bi serie egin ditut, eta horietako bakoitzak hiru argazki dauzka». Aurreneko seriean Pekingo CCTV eraikina —Txinako irrati eta telebistaren eraikina— erabili zuen. «Argazki bat panoramikoa da, ondoan daukan eraikin oso altu batetik ateratakoa. Bestea, berriz, eraikin bera, baina miniaturan; maketa bati egindako argazkia da. Eta hirugarrena, berriz, CCTVrena, baina hiru dimentsiotan. Pankarta gisa baliatzen dute eraikitzen ari diren eraikinen obrak estaltzeko». Argazki horiekin ahalegindu da Villavicencio «joko bat» planteatzen, «hiriaren benetako irudiaren eta etorriko denaren edo etorriko ez denaren artean». Bere planteamenduetan ideiak kontrajartzen ditu, eta, kasu honetan, «errealitatea eta fikzioa» izan dira parez pare jarri dituen kontzeptuak.

Bigarren seriean, Pekingo skyline-a fotografiatu du. «Bi ale dira. Biak jolas parke batean egindakoak. Mendebaldeko arkitekturako eraikinak daude ikusgai parke horretan. Eraikin horietako ia gehienak dekadentzian daude, eta, hortaz, lehen serieko argazkiekin kontrajartzen dira». Ahalegindu da sinbologiarekin «joko ironiko bat» planteatzen.

Eta bideoko irudiak hiriko toki askotatik hartutakoak dira. «Panoramikak dira, oso motelak. Bideok sinkronizatuta daude, eta gauza bera ikusten duzu: baina batean plano orokorra erabilita, eta bestean, berriz, detailea». Gogoko du Villavicenciok hiriaren pertzepzioa «normalean» ikusten denarekin konparatuta «diferentea» izatea. «Horregatik, eraikin altuetatik hartu ditut irudiak». Baina plano orokorrez eta detaileez gain, «alderdi pertsonalagoa» ere txertatu du bideoetan. «Pekinen ezagututako jendearekin egindako elkarrizketak dira. Ia denak hirira lanera etorritakoak dira. Hitz egiten dute hiriaz, haiek hirira bultzatu zituzten arrazoiez...». Bideoek 25 minutuko iraupena dute.

Bilbon panoramikekin serie bat egindakoa zen artista ekuadortarra, baina Pekinera «beste eszenario batera» moldatu behar izan zuen, eta «gauza berriei» aurre egin zien. Han emandako bi hilabeteetan konturatu da Pekinek «kontraesan asko» dituela. «Kaos bat ere izan daiteke. Izan ere, tradizioari eusten saiatzen dira, baina toki asko ezin modernoagoak dira. Europan jada gaindituta dagoen dikotomia existitzen da hemen».

Barkatek, aldiz, Pekingo noise eta musika esperimentalaren eszenan jarri du begia. «Hasieran punk eszena landu nahi nuen, baina jada ez da existitzen. Gauzak azkar aldatzen dira hemen». Bi taldetako kideekin geratu, eta haien entseguak grabatu zituen. «Lan formalaren eta dokumentalaren artean kokatuko nuke nire saiakera. Ahalegindu naiz erakusten nolakoa den haien performancea, nola mugitzen diren haien espazioetan». Bi taldeen entseguetako puskekin egindako ordu erdiko bi bideo dira; elkarrizketarik gabekoak. Argazki sorta bat ere jarri zuen erakusketan. Barkate harrituta geratu zen txinatarren jarrerarekin. «Haiek ez zeukaten oso argi zer egin behar nuen, baina eskuzabal jokatu zuten une oro». Harrituta dago, era barean, Pekinen noise eta musika esperimentalaren eszena «oso indartsu» dagoelako. «Musika estilo horietan dituzten erreferenteak guk ditugunak dira, baina haien jarrera oso diferentea da».

Beijing Dayu (Euria gogotik Pekinen) izena jarri diote. Villavicenciok azaldu du zergatik: «Urtean 10 aldiz-edo egiten du euria hemen. Bi hilab0eteotan, aldiz, inoiz baino euri gehiago egin du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.