«Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin lan egitea zoragarria da. Baita hunkigarria ere. Urte asko dira elkar ezagutzen dugula». Aspaldi hasi zuen harremana EOSekin Ramon Lazkanok (Donostia, 1968). Oskorriz obra (1990), esaterako, harekin estreinatu zuen, artean oso gazte zela: «Pixkanaka, sendotu egin da gure arteko harremana. Egun, orkestrarekin lan egitea adiskideekin lan egitea da niretzat. Hori oso erosoa da musika egin ahal izateko, batez ere guk egiten dugun musika exijentea edo zaila izan litekeelako; tentsioak leuntzeko».
Bihar, Donostiako Kursaaleko auditoriumean (20:00) emango dute Hondar pieza, Euskal Herrian estreinakoz —Monte Carlon (Monakoko Printzerria) estreinatu zuten, 2016an—.Gero, Iruñeko Baluarten (asteartea), Gasteizko Printzipal antzokian (19an), eta berriro Kursaalean (20an) emango dute, EOSen abonu denboraldiaren barruan.
Lan prozesu luzea eduki du Lazkanok bai orkestrarekin, eta baita Lawrence Foster zuzendari estatubatuarrarekin ere. Hark gidatuko du orkestra kontzertuotan. «Fosterrekin lan egitea pribilegioa da, esperientzia handiko zuzendaria baita. Udazkenean izan ginen elkarrekin. Partitura jaso zuenean, nirekin elkartu nahi izan zuen, eta Parisen egon ginen [han bizi da Lazkano]». Azken egunotako entseguetan, «fintzea» izan dute egitekoa.
Zertan jarri duzue arreta?
Orkestrarentzat obra berri bat da; eskakizun berezi asko dauzkan partitura bat da. Eskaera horiek betetzeko, astiro egin behar izan dugu lana. Esaterako, asteazken arratsaldean bost ordu eman genituen, bi zatitan banatuta: lehenengo, haize instrumentuekin lan egiten, eta, gero, bigarren zatian, hari instrumentuekin. Partzial horiek egiteak, gero, musika azkarrago bereganatzea dakar.
Hondar-ek higaduraren kontzeptuarekin dauka zerikusia. Hitzari erreparatuta, abstrakzioa dakar gogora...
Ez da horren abstraktua, ordea. Azken finean, higadura denbora da. Denbora pasatu, eta gauzak aldatu egiten dira. Eraldatu. Gure memoriari, objektuei bezala, higadura eragiten dio denbora pasatze horrek. Eta musikari ere bai... antzekoa gertatzen zaio.
Zer zentzutan?
Orkestra XIX. mendeko gailu bat da; gaur egunera ekarria eta hobetua, noski, baina XIX. mendeko musikari erantzuten zion tresna bat da. Gaur egun, orkestra beste instituzio bat bilakatu da, eta instituzio horrek museo lana egiten du batetik, errepertorioa gordez eta hura zabalduz; nagusiki, XIX. mendeko errepertorioa. Hori perspektiban jartzen badugu, esan daiteke XIX. mendeko soinu hori zahartu egin dela, eta soinu horren gainean hautsa geratu dela, zahartu egin dela, museoko piezak bezala. Soinuaren zahartze prozesu hori interesatzen zait niri.
Higadura horretan, zahartze horretan, jartzeak adinako garrantzia dauka kentzeak?
Ez, azken finean sortu egiten baita; musika berria baita, eta sortzeko, idatzi egin behar da, asmatu egin behar da berriro ere. Higadura, berez, ez da kentzea: eraldatzea da. Hondar-eko higadura horrek, nire gogoan, martxa funebre baten antza hartzen du, nahiz eta musikak berak ez duen ez martxarik eta ezta funebre trazarik ere. Bai idazten ari nintzela, eta baita orain ere, entzuten dudanean, halako martxa funebre baten memoria ekartzen dit.
21 minutu irauten du piezak. Nola eragiten dio zuzendari bakoitzaren tempoak?
Partituran 22 minutu ingurukoa da. Estreinatu zenean, zuzendariak tempo arinagoak zerabiltzan, eta 20 minutu iraun zuen. Musikaren denbora asko aldatzen da, ez bakarrik zuzendari eta interpreteen arabera, baita aretoaren arabera ere, egoeraren arabera, tenperaturaren arabera... Musika dilatatu edo estutu egin daiteke. Hori niretzat oso fenomeno interesgarria da. Musikak berak eskatzen duena, musika egitearen ondorioa da. Musikak helburu artistikoa baldin badu, normala da denboraren pertzepzioak haren itxura aldatu ahal izatea.
Horrek, forma desberdinak har ditzakeela jakiteak, zuri ez dizu sortzen deserosotasunik...
Musikak, jotzen den bakoitzean, forma eta denbora desberdina hartuko du. Hori bai, interpreteen jokabideak oso erabakigarriak dira musika nola jasotzen den ikusteko. Batzuetan, interpreteek oso astiro jotzen dute, eta, hala ere, badirudi azkar edo tentsio handiko erritmoan doazela, eta, beste batzuetan, kontrakoa. Badira azkar jotzen dutenak ere, eta, hala ere, musika oso airoso ateratzen da. Denbora malgua da, eta haren pertzepzioa ere oso aldagarria izan daiteke.
Mikel Chamizo konpositore eta adituak idatzi du «soinu bitxi eta iritsezinez» osatutako obra bat dela. Zer esan nahi du soinu bitxiz osaturik egoteak?
Nik konposatzen ditudan soinuak ez dira, normalean behintzat, orkestrak ematen dituenak. Hori egia da. Niri orkestraren soinua lantzea gustatzen zait, eta, orkestraren soinua lantzeko, instrumentuek eskaintzen duten teknologiari ere eskatu egin behar zaio; ikertu egin behar da, esperimentatu. Teknologia hori ikertzean, orkestraren gisako multzo handi bat denean, soinua erabat alda daiteke. Eta hori da lan ildo nagusia niretzat.
Exijentzia bereziren bat badauka instrumenturen batek edo sekzioren batek?
Guztiek dituzte exijentzia bereziak, eta ohikoak ez diren soinuak egiteko teknikak.
Zuk zeuk esana da musika exijentea dela; eta «soinu iritsezinez» ari gara. Publikora iristea ez da erraza, hortaz?
Betiko galdera da, eta betiko galderek urduri jartzen naute honezkero. Jakin beharko genuke zer den publikoa, eta hartaz hitz egiten dugunean zergatik hartzen dugun publikoa orokortasun modura; publikoa guztia estandarra balitz bezala. Publikoaren arazoa artearen aurrean jartzen den norbanakoaren arazoa da. Egia da musika batzuek eta batik bat musika komertzialek publiko izugarria erakartzen dutela, bai, baina egia da, halaber, soinuekin egiten den bestelako sorkuntza asko jende gutxik entzuten duela. Baina gauza bera gertatzen da poesiarekin, literaturarekin, pinturarekin, arte plastikoekin... Baina nahikoa da pertsona bakar bat hunkitzea musika berri batekin, musika hori esanguratsua izan dadin aurrerantzean.
Orkestra XIX. mendeko tresna bat dela diozu. Bestelako egitura batzuetan esperimentatzea ere gustuko duzu.
Bestelako musika gehiago idatzi dut. Orkestrarako musika gutxi da bestearen aldean. Ganbera musika asko idatzi dut, musika bokala idatzi dut... Interesatzen zaidana musika da, eta musikak berak eskatzen dituen tresnak erabiltzen ditut. Proiektu bakoitzak bere behar espezifikoak dauzka. Elektronika ez dut kasik erabili; gaztetan pixka bat. Azken urteotan proposatu didate behin edo bitan, eta ez da suertatu, baina ez daukat alboratua.
Hondar honek ba al du loturarik aurreko Hauskor harekin?
Obra guztiek dute bide bat. Perspektibaz begiratuta, halako erlazioa ikusten dut obra batetik bestera; ikusten dut gauzak nola joan diren definituz urteak pasatu ahala. Hondar-ek zerikusia du, bai, Hauskor-ekin [2006]; baina baita Mugarri-rekin ere [2010]. Hura bien artean dago kokatua. Eta Hauskor-ek erlazioa dauka Ilunkor-ekin. Hura 2000. urtekoa da. Ilunkor-ek ez dakit harremana duen aurreko orkestra lanarekin, baina badu erlazioa bestelako lanekin... eta horrela segida osatuz, Eriden-ekin [1998] eta Ur loak-ekin [1998]. Musika berriro egin ahal izateko, aurrez egindakoari galdegiten diogu. Egindakoak irekitzen ditu ate berriak.
Obra gehienak euskaraz izendatzen dituzu. Hitz iradokitzaileak dira normalean.
Niretzat garrantzitsua da, gauza askorengatik. Euskara erabiltzen dut nagusiki bi gauzarengatik. Batetik, euskara delako nire haurtzaroarekin eta nire txikitako garaiarekin lotzen nauena; lotura horrek memoria ekartzen du, eta memoria horren presentzia beharrezkoa da lan artistikoa egiten dudanean. Bestetik, halako intimitate bat dakarrelako. Euskara izan da nire lehenengo hizkuntza, eta intimitate horrek halako eremu sekretu bat sortzen du.
Zein da musikarekin daukazun lehen memoria printza?
[Barreak...] Ez dakit ondo; baina, beharbada, nire amonaren pianoa gure etxera iritsi zenekoa; Pleyel bertikal bat zuen, oso zaharra... Ni oso txikia nintzen, eta altzari beltz handi hark zer-nolako lekua hartzen zuen etxean...
Orduan hasi zinen sentitzen musikarekiko bulkada?
Musikarekiko harremana hasieratik oso ebidentea izan dut. Ez da behartua izan. Berehala agertu zen nigan. Ez diot inoiz musikari galdetu nire bizitzan jarraitu behar duen ala ez. Musika hor egon da beti, eta ezin zitekeen saihestu.
Musika memoria da?
Niretzat bai, musikak elikatu bainau. Baina guztia da memoria, ezta? Musikak elikatu du nire memoria. Soinuak memoria ekartzen du. Batzuetan, ahaztu egiten zaigu hori, egungo gizartea oso bisuala baita. Espazioaren pertzepzioa ez da begietatik etortzen. Zati bat bai akaso, baina ez guztia. Espazioaren pertzepzioa soinuaren bitartez jasotzen dut; belarriek esaten didate zer gertatzen den nire atzean, eta ez begiek. Soinuak informazio kantitate ikaragarria ematen digu eguneroko bizitzan.
Noiz bihur liteke soinua musika?
Lehenik, musika definitu beharko genuke, eta niretzat hor dago problema nagusia. Zer da musika? Guk musika hitza erabiltzen dugunean, oro har, erabiltzen dugu XIX. mendean Alemaniako musikologiak eman zion zentzuarekin. Egun, termino bakarra erabiltzen dugu munduko parte askotan geratzen diren fenomenoak definitzeko; hori nahiko absurdoa da. Soinuarekin gauza asko egiten dira, gauza asko sortzen dira; artearen munduan ere bai, instalazioetan eta abar... Hori musika da, ala ez? Geure buruari galdetu beharko genioke. Baina berdin musika komertzialaz ere, edo nik neuk egiten dudanaz. Musika da, ala ez? Termino beraren mendean multzokatzen ditugu XIV. mendeko musikak, inuitek egiten dituzten ahots jolasak, Javako erritualak... Musika terminoak gaur ez dauka zentzu handirik zehazten ez badugu.
Zuri, a priori, edozein soinu zaizu baliagarri musika sortzeko?
Bai, bai, edozein...
Isiltasuna ere bai?
Bai... Oso konplexua da hori azaltzea orain [frantsesezbere buruarekiko], tesi baterako ematen baitu... Hiru egoeratara garamatza isiltasunak, gutxienez: isiltasuna ukapen modura, hutsune modura, edo absentzia modura... Uf, luze joko liguke...
Beste batean arituko gara isiltasunaz?
Bai, isilik egingo dugu elkarrizketa.
Ramon Lazkano. Musika konpositorea
«Espazioaren pertzepzioa soinuaren bidez jasotzen dut»
Denboraren iragatea eta hark sortutako higadura; musikan ere zein eragin duen kezkatzen du Ramon Lazkano. Bihar estreinatuko du, Donostian, 'Hondar' pieza, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak emana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu