Espazioaren hezetasunak eragindako hainbat gogoeta

Beatriz Olabarrieta artistaren 'Lagom' erakusketa otsailaren 18ra arte egongo da ikusgai Bilboko Okela sormen lantegian

Beatriz Olabarrietaren Lagom erakusketako hainbat pieza, Bilboko Okela sormen lantegian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Konponketa garai betean ezagutu zuen Beatriz Olabarrieta artistak (Bilbo, 1979) Okela sormen lantegia. «Hezetasun handiko espazioa da, eta horrek inspiratu egin nau», kontatu du artistak. Gunearen hezetasunari erreferentzia eginez, Lagom izena jarri dio bere erakusketari, nahita, bisitari askok esanahia ez dutela asmatuko jakin arren: «Lagom hitzak aintzira esan nahi du hainbat hizkuntzatan; hau da, urari egiten dio erreferentzia, eta Okelak hezetasun handia duenez, izenburu aproposa iruditu zitzaidan nik bizi izandako sentipenak azaleratzeko». Haren lanak otsailaren 18ra arte egongo dira ikusgai, Bilboko Okela gunean, asteazken, ostegun eta ostiral arratsaldeetan.

Behin Okelan sartzean, aretoan barreiatuta hainbat pieza ikusiko ditu bisitariak. Horietako gehienak tamaina desberdinetako metalezko piezak dira, baina egurrezko xafla handi batzuk hartzen dute erakusketa gelaren espazio gehiena. Argiztapena ere apala da, arreta piezek har dezaten.

Erakusketa osatzeko, lengoaiaren mugak aztertzean eta komunikazioaren portaera disfuntzionalean jarri du arreta Olabarrietak: «Lengoaiatik aldentzen zen zerbait egitea zen nire asmoa». Hori lortzeko, hartzailerik gabeko mezuak, kontakizunari ez dagozkion ahotsak edota hizkuntza bakar batenak ez diren hitzak hartu ditu, besteak beste, piezen oinarri gisa. «Erakusketako piezetako batek, gainera, animalia baten antza ere badu, nire ustez», adierazi du artistak. Zilindro formako burdinazko pieza batez mintzo da, eta duela 25 urte inguru harategi izandako gunea hartu du hori lantzeko inspirazio iturri.

Izan ere, Olabarrietaren hitzetan, espazioaren egiturak, aldapek, paretetako harlauza zuriek eta izozkailuak «identitate propioa» ematen diote guneari. «Azkenean, espazioa bera ezagutuz, gunearen inguruko informazioa bilatuz, haren garrantziaz jabetuz... istorio bat osatzen ahalegindu naiz», azpimarratu du.

Sentsazioen nahasketa

Hala ere, Lagom ez da piezetara soilik mugatzen: Okelara sartzean, Alex Alonso Diaz komisario, idazle eta ikertzaileak idatzitako testu bat dago eskuragarri, euskaraz zein gazteleraz; Sahatsa Jauregik egin du euskarazko itzulpena.

Testua erakusketa ikusi bitartean irakurtzeko proposatzen dio Olabarrietak bisitariari. «Baina testua ez da erakusketaren osagarri», argitu du. Artista bakoitzak bere aldetik ondu zuen bere lana, eta beren emaitzek erakusketan egin dute topo lehenengoz. Olabarrietaren iritzian, «nahiko testu intimoa» da, eta «erakusketak bezala, askotariko sentsazioei egiten die erreferentzia».

Esate baterako, dutxan bizi izandako esperientzia bat da testuaren abiapuntua: «Hatz hezearekin, dutxaren kristalaren gainean aire-poltsa bat marrazten dut./ Bitartean, haren inguruko tantak nola desagertzen diren ikusten dut, ur bihurtu arte./ Hurrengo egunetan, nire hatzek utzitako arrastoa kondentsazioaren hondarretan sumatzen da». Gogoetarako grina pizten duen irakurgaia dela nabarmendu du Olabarrietak, batez ere, amaiera aldera: «Espazioa berrantolatu, aho barruan eta kanpoan./ Gure formaren mugen barruan zein kanpoaldean».

Egun, Berlinen bizi da Olabarrieta; 21 urte izango dira aurten Euskal Herritik atzerrira jo zuela: «Londresen eman ditut urterik gehien, baina orain Berlinen nago». Artista gisa lehen urratsak pandemiaren aurretik egiten hasi bazen ere, osasun krisiak beregan «eragin nabarmena» izan zuela adierazi du. «Baina orain ari naiz pixkanaka argia ikusten eta martxa hartzen». Bere ibilbide artistikoan, bakarkako hainbat erakusketa ondu ditu. Tartean, The only way out is in (Londres, 2017), Stay Twice (Bielefeld, Alemania, 2019), Faces (Bartzelona, 2020) eta Medium (Madril, 2020).

Okelan, ordea, lehen aldiz aritu da, eta, aldi berean, harena da guneak hartu duen bakarkako bigarren erakusketa. Lehena iaz antolatu zuten: Antonio Hervas artistaren Sausages. Hervas Euripidesen Medea pertsonaia tragikoan oinarritu zen, eta pantomimara jo zuen bere erakusketa osatzeko.

Esperientzia bitxia

Hilabeteko lana behar izan du Olabarrietak buruan zituen ideiak espazioan gauzatzeko. «Nik ez nuen Okela ezagutzen, eta, zalantzarik gabe, lan egitea egokitu zaidan lekurik zailenetakoa izan da», aitortu du. Azaroan jarri zen martxan, eta lan «asko» egin behar izan duela azaldu du: «Ezinezkoa da hona heldu eta zuzenean zure erakusketa jartzea; guneak berak asko baldintzatzen zaitu».

180 metro koadroan piezak antolatzeko ariketa sakona egin behar izan duela nabarmendu du artistak: «Espazioarekin elkarrizketan aritu behar izan dut: Okelaren eta erakusketaren arteko komunikazio bideak bilatu behar izan ditut». Gunean «aldaketa sotil batzuk» ere egin ditu, «baina ez dira asko nabaritzen».

Artistak gaineratu du Okelako Irati Urrestarazuren eta Sahatsa Jauregiren laguntza ezinbestekoa egin zaiola proiektua gauzatzeko: «Euren lankidetzarik gabe, askoz ere zailagoa izango zatekeen prozesu guztia; oso eskertuta nago». Oro har, esperientzia bitxia izan dela nabarmendu du Olabarrietak, eta «pozik» dagoela emaitzarekin: «Nortasun handiko gunea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.