Città senza architettura (Arkitekturarik gabeko hiria). Andrea Branzi arkitekto eta diseinatzaile italiarrak sortutako ideia hartu du oinarritzat Xabier Salaberria artistak (Donostia, 1969) Gasteizko Artium museoan jarri duen erakusketa izendatzeko: Arkitekturarik gabeko erakusketa bat. Oinarrian, bere erakusketak ere arkitekturaren ukazio esplizitu hori duelako abiapuntutzat. Artistak espekulaziorako espazio bilakatu du museoa, arkitekturaren eta erakusketaren muga lauso horretan jolas eginez. Modu horretan, lehen planoan jarri nahi izan du begiratzeko edo sentitzeko modua baldintzatzeko espazioak duen gaitasuna. Urriaren 3ra arte izango da ikusgai.
Eskulturaren, diseinuaren eta arkitekturaren esparruetan kokatzen dira Salaberriaren lanak, eta erakusketan ikus daitezkeen obrek ere eremu horiek guztiak ukitzen dituzte. Hain zuzen, elkarren arteko bidegurutze horretan kokatzen da erakusketa bera. «Erakusketaren espazioa, artearen sistema bera eta artistaren figura zalantzan jartzen ditu bere lan egiteko moduarekin, eta bere lanen bitartez proposatzen du praktika artistikoa mugetatik eta ertzetatik ulertzea», adierazi du Beatriz Herraez Artium museoko zuzendariak; bera arduratu da, Enrique Martinezekin batera, erakusketaren komisario lanak egiteaz.
Denera, 11 proposamen artistikok osatzen dute bilduma: objektuak, instalazioak eta argazkiak dira, «arkitekturaren eginkizunari, paisaiaren eta lurraldearen irudikapenari eta museografiaren alderdi teknikoari» erreferentzia egiten diotenak. Horietako asko berriki egindakoak dira, propio erakusketarako ondutakoak; badira, ordea, sortze prozesuan daudenak ere —«lan egiteko bide berriak zabaldu dituztenak»—, eta baita aurreko urteetan sortutakoak ere —horien «memoria» argazkien bidez plazaratzen du artistak—.
Multzotan sailkatuta, lanek «beren izaera propioari» eusten diote, komisarioen hitzetan. Baina, aldi berean, «logika espazial beraren bidez elkar osatzen dute guztiek», hots, elkar komunikatzen eta harremantzen dira, bistako lotura zuzenik izan ez arren. «Metahizkuntza ekintza bat da, erakusketa komunikazio sistema gisa esploratzen duena, topaketa eta esperientzia sistema baten gisan», azaldu du Martinezek.
Panelen anbiguotasuna
Ordena jakin bat jarraitu gabe osatu du erakusketa artistak; aretora egokitu ditu obrak, «estetika» bat bilatzeko asmoz, eta bisitariaren esku utzi du jarraitu beharreko segida. «Gure intentzioa ez da izan ordena kronologiko batean aurkeztea lanak; saiatu gara ahalik eta modurik egokiena bilatzen lanak erakusteko. Subjektu jakin baten begirada bera baita irudikatu eta espekulatu behar duena», azpimarratu du Salaberriak.
Edonola ere, hiru aretotan bana daiteke erakusketa. Hiru horietan handienak biltzen ditu artistaren lanik berrienak, adibidez. Museorako propio ondu dituen piezen multzo da, erakusketaren izen berekoa, eta panel modular zuriz eta marrazki edo planoen irudiz osatuta dago. Panel horien bidez, mapa moduko bat eratu du artistak aretoan: espazioa zatikatzen dute panelek, gune berriak sortuz, museoaren hormen funtzioa beteko balute bezala. Tarteka horma zuri dira, eta tarteka eskultura; izan ere, irudiak zintzilikatzeko euskarri gisa balio dute zenbait kasutan —Artiumeko erakusketa bera antolatzeko egindako planoak, esate baterako—, baina eskultura forma ere hartzen dute «bere horretan, biluzik» daudenean.
Bada, kokapenaren, kolorearen eta eginkizunaren arabera, aplikazio funtzionalaren eta sinbolikoaren arteko eremu berri bat sortu nahi izan du artistak panelekin, bere praktika artistikoan sarri egin ohi duenez. Eta, modu horretan, keinu egin nahi izan die Branzik eta Italiako beste arkitekto batzuek 1960ko eta 1970eko hamarraldietan sortutako ideiari. Izan ere, Archizoom taldeak plazaratu zuen ideietako bat izan zen arkitektura modernoaren ondare arrazionalista zentzugabetasunaren muturreraino eramatea, alegia, arkitekturarik behar izango ez zen arkitektura arrazionalista bat sortzea. «Batetik, panelek erretikularen itxura dute, ordena bat dago, eta horrek zuzenean eramaten gaitu italiarren marrazki eta teorietara. Baina, horrez gain, panelak garai modernoan erabilitako gailuak dira, eta, mugimendu modernoaren amaiera irudika zezaten nahi izan dut». Hortik dator izenburuan egindako erreferentzia ere.
Beste lan batzuk
Panelak ez dira anbiguotasun horretan kokatzen diren pieza bakarrak, halere: aretoaren erdian dagoen egurrezko banku batek ere helburu eta erabilera berberak ditu. Eta eskulturaren eta altzarigintzaren arteko mugan dago r de radio (2020) izeneko instalazioa ere: metalezko lau erakusmahai bertikal dira, kristal hautsien zatiz beteta. Obra bigarren aretoan ikus daiteke, eraikinen argazkiz osatutako Inkontziente/Kontziente 4 lanarekin batera.
Agiña mendian (Lesaka, Nafarroa) ateratako bost argazki ere badaude; Jorge Oteizak Aita Donostiaren omenez jarritako monumentuarenak dira, eta obrak gainazalean edo ertzetan jasandako higadurak erakusten dituzte. Atzean ikus daitekeen Aiako Harriaren siluetarekin parekatzen ditu artistak, objektuaren memoria eta eremua lotuz.
Espazioaren espekulazioa
Gasteizko Artium museoak Xabier Salaberriaren lanen erakusketa zabaldu du: 'Arkitekturarik gabeko erakusketa bat'. Eskulturaren, arkitekturaren eta diseinuaren arteko mugan daude pieza gehienak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu