KRITIKA. Artea

Espazioaren deseraikuntza

Joelle Tuerlinckxen lan bat, Artiumeko erakusketan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Joelle Tuerlinckxen lan bat, Artiumeko erakusketan. ARITZ LOIOLA / FOKU
2025eko martxoaren 18a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'El caso de l(a casa) museo(a)'

Artista: Joelle Tuerlinckx. Non: Artium museoan, Gasteizen. Noiz arte: Apirilaren 27ra arte.

Joelle Tuerlinckx. Ez nuen artista ezagutzen, eta, noski, haren lanaz ere tutik ere ez nekien. Hasieran, artista gazteren bat izango zela pentsatu nuen, ez dakit oso ongi zergatik, baina zer urtetan jaio zen ikustean ohartu nintzen ezetz, nire gurasoen adinaren bueltakoa zela. Internetera jo nuen jarraian, eta hara non topatu nuen Madrilgo Reina Sofia museoko bildumaren erakusketan badela bere pieza bat, eta 2009an museoak berak kudeatzen duen Palacio de Cristal espazioan banakako erakusketa bat egina zuela. Artiumeko zuzendari Beatriz Herraez Reina Sofia museoan lanean ibilitakoa da, eta, nahiz eta ez zegoen han lanean Tuerlinckxen banakako erakusketa jarri zutenean, ez litzateke arraroa pentsatzea Artiumen orain duen El caso de l(a casa) museo(a) erakusketa handik nolabait eratorria-edo dela.

Sarrerako testuan bi gako ematen dira erakusketa ulertzeko: bata, artista kontzeptuala dela, alegia, kontzeptuak eta ideiak aztertuz lan egiten duela; eta bestea, askotan tokian-tokirako pentsatutako piezekin lan egiten duela. Hasieran asmakizun baten pistak dirudite; are gehiago testuarekin batera museoko espazioen maketa bat dagoenean eta areto barrura begiratu eta hainbat objektu txiki ikusten direnean bata bestearen segidan. «Zer da hau?», galdegin zidan nire kideak, arteari lotutako ororen erantzuna izango banu bezala. «Ba orain ikusiko dugu» pentsatuz, sorbaldak altxatu, eta, arrotz eta ezezagun zaigunaren aurrean sortzen den arbuiatzeko joera orokortuaren aurka, pistei heldu, eta artelanak esperimentatzea besterik ez zegoen. 

Lehenengo geldialdia, maketan. «Zergatik ari zara horri hain luzaz eta hain kontzentratuta begira?». Sarrerako testuaren ondoan egonik, zentzua zuen maketa hura erakusketa ulertzeko beste gakoetariko bat izateak. Erakusketa bera zen begirada batean bertan ikus zitekeena; baina piezek baino garrantzi handiagoa hartzen zuten espazioek, maketak espazioen eskala ulertzeko erabiltzen baitira hein handi batean. Eta ideia horrekin barneratu nintzen, erantzunak baino zalantza eta galdera gehiago nituela.

(ID_14433821) (Aritz Loiola/@FOKU) 2024-11-15, Gasteiz. Artiumek Joelle Tuerlinckxen erakusketa aurkeztu du
Artiumeko erakusgelan ikusgai dagoen maketa.  ARITZ LOIOLA / FOKU

Ahots asko irteten ziren aretotik; lehena korapiloz betetako soka baten muturrean kokatutako bozgorailu batetik zetorren. Eta, hari adi, espazioaz ari zen hizketan, korapiloz betetako soka huts batek nola eraldatzen zuen haren inguruko espazioa, nola eragiten zuen haren inguruko espazioa hautemateko moduan. Beste lan bat eskuineko horman dago: marraztutako lerro zuzen bat, eta, beste hainbat objekturen artean, espazio luzeak neurtzeko eta markatzeko erabiltzen diren gurpildun tresna horietako bat. Aurrerago, ezkerretara, igarobide itxurako bao bat dirudiena dago, erakusketetan, ikus-entzunezkoak dauden geletara sartzeko ipini ohi diren errezel beltz pisutsuekin estalia. Eskuarekin heldu nion alde batetik, baina hormari josia zegoen. Eta irribarre egin nuen; artista bisitariekin jolasean ari da. Eta hasi nintzen erakusketaren kontzeptuan barneratzen: badirudi espazioa eta denbora hautemateaz doala kontua. 

Errezel beltza dagoen hormaren beste aldera igaro nintzen. Eta hara non, hor ere beste bao itxurako bat tapatzen duen beste errezel bat zegoen. Eta pentsatu nuen, «agian, hemendik sar daiteke», konturatu ere egin gabe 30 bat zentimetroko lodierako hormaren beste aldean nengoela... Eta noski, hura ere josia zegoen bi aldeetatik. Eta hor ohartu nintzen erakusketa aretoetako kodeek zenbateraino baldintzatzen duten gure ibilkera. Eta, era berean, dibertitzen hasteko puntua ere izan zen hura. Artistaren ironia eta umorea ulertu nituen momentua; eta nola gaitasun paregabea duen, umorea, ironia eta jolasa erabiliz, argitara ateratzeko Artium museoko espazioa eta espazio horretan bisitariok bete ohi ditugun arau erregulatzaileak, eta espazioa osatzen duten elementuak erabiltzeko modu instituzionalak  —erakusketa osatzen duten beste hainbat lanetan ere agerikoa dena—. 

Joelle Tuerlinckx aspaldi ezagutu dudan artistarik argiena iruditu zitzaidan; heldua, baina era berean freskoa; kontzeptu mardulei heltzen die, eta erraz bilakatzen ditu bisitariekiko etengabeko komunikazio eta jolas-erlazioen bidez; eta aretoan sortzen diren gorputz-esperientzietatik ateratako ezagutzak eta hausnarketak, aretoetako mugak atzera pasatu, eta bertan igarotako une dibertigarriei esker, bisitariak etengabeko hausnarrean uzteko ahalmena duena. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.