Espazioan galduta

Juan Txillida artistaren 'Denbora' erakusketako margo eta eskulturak izango dira Donostiako Ekain galerian, abuztuaren 2ra arte

Juan Txillida artista, Ekainen jarritako lanetako bat eskuetan duela. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2014ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Denboran eta espazioan sakabanatutako obrak bildu ditu Juan Txillida artistak (Donostia, 1956). Bere ibilbide profesionalean egindako pieza esanguratsuenak aukeratu ditu Denbora erakusketarako, eta eskulturak eta margolanak nahastu. Garai ezberdinetan sortutako obrak dira, urteetako lanaren ondorioz bildutako eskarmentua eta azken hilabeteetako esperimentuak biltzen dituztenak. Donostiako Ekain galerian izango dira, abuztuaren 2ra arte.

Naturarekin harreman estua dute Txillidaren lanek. Zerura begiratzean edo telebistako programetan ikusitako konstelazioekin jolasten da, eta, espazioaren beraren moduan, etengabe mugimenduan daude haren alanbrezko eskulturak. «Espazialak dira nire eskulturak. Pisu gutxi dutenez, edonola jar daitezke: zintzilik, lurrean, zerbaiten gainean eta paretan iltzatuta. Obrak erabiltzeko mila modu daude, eta bakoitzean ezberdina da emaitza. Horregatik da horren garrantzitsua obrak erakusteko aukeratutako espazioa; nahiz eta geldi egon, ezin dira bi erakusketa berdin egin eskultura hauekin». Ekain galeriak pieza asko erakusteko aukera eman dio artistari, eta hogei bat obra jarri ditu. «Erakusketa antolatzen hasi nintzenean, cronos hitza etorri zitzaidan burura. Ez nuen obra berriekin lan egin nahi bakarrik, ez bainion zentzurik hartzen; azken finean, urteetako lanaren eraginez emandako pauso bakoitza islatzen dute obrek. Hortik dator denboraren eta espazioaren arteko jolasa». Mitologian ere oinarritu da Txillida obretarako, bai grekoan eta bai Euskal Herrikoan ere. «Izarrei eta konstelazioei begiratzearekin batera, harrespiletako borobilak haiekin duten loturetan oinarritu naiz sortzerakoan».

Denboraren jolasak

Erakusketako berritasun nagusia margo akrilikoekin egindako lanak dira. Orain arte, artistak olioa erabili izan du margolanetan; prozesu horrekin hilabeteak behar dira obra amaitzeko, eta akrilikoarekin, bestalde, azkar lan egin behar da. «Oso interesgarria egin zait material berriekin margotzea. Alde horretatik, denborarekin jolas egitea bezalakoa izan da, askoz ere arinago margotu behar nuelako». Erakusketako margoetan kolore biziak ikus daitezke, espazioaren aniztasuna eta planeten kolore biziak islatzen dituztenak: «Akrilikoarekin esperientzia ona izan dut, baina asmoa daukat bi materialekin esperimentatzen jarraitzeko».

Txillida duela lau urte izan zen Ekain galerian azken aldiz, eta orduan ere tamaina askotako eskulturek bete zuten aretoa. Artistak eskuz sortutakoak dira denak, gehienetan uneko inspirazioak bultzatuta. 1999an Huescan (Espainia) Txillidaren sei obrarekin egindako erakusketan, piezek argiarekin egin zezaketen jokoaz konturatu zen, eta, ordutik, ideia horrekin jolastu da. «Eskulturek, argiaren arabera, mila marrazki egin ditzakete itzalarekin. Horrek joko handia ematen du, eta askotan pieza berriak marrazteko aukera ere ematen didate. Esku baten tamainako pieza batek, paretan zintzilikatuta eta argiztapen egokiarekin, metro askoko irudia sor dezake». Pieza geometriko abstraktuek irudiak sortzen dituzte, eta mugimenduaren ideia indartu: «Hazi eta zabaldu egiten dira argien eta itzalen jokoarekin, batez ere airean zintzilikatzen ditudanean; etengabe formak sortzen dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.