KRITIKA. Artea

Espazioak

Saul Leiter argazkilariaren erakusketa, Tabakaleran. GORKA RUBIO / FOKU
Saul Leiter argazkilariaren erakusketa, Tabakaleran. GORKA RUBIO / FOKU
2024ko urriaren 1a
05:00
Entzun

'saul leiter. amaitu gabeko mundua'

Instituzioek beraien erakusketen programazioan ildo zehatzak —batzuek besteek baino gehiago— definituak izaten dituzte: ze motatako erakusketei irekitzen dizkieten ateak, eta zeintzuk baztertzen dituzten, alegia. Zenbaitzuek garaiaren arabera zehazten dute hori, adibidez, egungo artea erakusteko espazio bilakatuz; beste batzuek berriz, erakusketen izaerari heltzen diote, esaterako, taldeko erakusketak soilik ekoiztuz; eta badira, tartean, arte-lengoaia espezifikoen erakusketak soilik egiten dituztenak. Azken horien artean kokatzen da, hain zuzen, Tabakalerako Kutxa Fundazioa aretoa, esklusiban argazkigintzari lotutako proiektuak erakusteko helburua duena. Tarteka, bertako ekoizpenak eta egileak izaten badira ere, maiz atzerriko argazkilari esanguratsuak ekartzen dituzte, azken erakusketa honetan, kasurako: Saul Leiter-i buruzkoa baita, New Yorkeko Argazkilaritza Eskolako partaidetzat jotzen denari buruzkoa.

Kutxa Fundazioa aretoa, bi solairuk osatzen duten espazioa da, zeinaren egituraketa eta antolamendua oso gutxitan aldatzen den. Behealdean, ongietorria aurrez aurreko horma batek egiten du, eta erakusketaren ibilbidea ezkerretara hasten da, espazio laukiaren perimetroan barrena. Eta espazioaren erdian, beste barne espazio bat irekitzen da, txikiagoa, laukia hori ere. Bertan, espazioaren ezaugarriengatik, izaera intimistagoa duten argazkiak ipintzen dira gehienetan. Goialdean, espazioa bitan banatzen duen horma bat dago, eta, horren aurrean, maiz, beira-arasa handi bat egoten da; eta erpinetako batean irekitzen den espazio txikian, berriz, erakusketako piezen egilea protagonistatzat duen ikus-entzunezkoren bat egon ohi da.

Espazioaren antolamenduan hain aldaketa gutxi —edo alerik ere ez— egiteak zuzeneko eragina du erakusketaren aurrekontuan, baita haren jasangarritasunean ere: erakusketa bakoitzaren beharren arabera horma zaharrak kendu, berriak jarri, pintatze lanak egin eta altzairu berriak diseinatzea ez da tontakeria, eta, zalantzarik gabe, kontuan izan beharrekoa da. Dena den, urtea joan eta urtea etorri, instalazio eta museografia aldetik proposamen berririk onartzen ez duen espazioa izateko erabakia hartzea ere, ez da ezdeusa; are gehiago, beti antzeko formatu eta lengoaia artistiko bera erakusten den lekuan. Horren ondorioa izan da, besteak beste, azken erakusketetara bertaratzerakoan, bisitetatik errepikapen sentsazioarekin irtetea. Horma zurietan, tamaina ez hain handiko eta zuri-beltzeko argazkien ilarak egon ohi dira, espazioaren ibilbidea eta nolakotasun guztiak buruz ezagutzen ditudan lekuan: hemen argazki intimoagoak, hor dokumentazioa eta han berriz, ikus-entzunezkoa. Eta erakusketa honetatik irteterakoan ere, sentsazioa bera izan zen, Kutxa Fundazioa aretoko beste argazki erakusketa bat gehiago bisitatu izanarena.

Saul Leiterren argazkiak bikainak dira, hori ez da ezbaian jartzen. Argazkien enkoadraketak eta perspektibak guztiz iradokitzaileak dira, tradizioarekiko apurtzaileak asko, egunerokotasunean begiek egiten dituzten kliskak diruditela. Bat-batekoak dira, eta oso freskoak. Anne Morin komisarioak zenbait argazkirekin egindako instalazio proposamenak gainera, haien gaineko irakurketak zabaldu eta ugaritu ditu, espazioaren antolaketari eta instalazioari lotuta, instituzioak utzi dion askatasun esparru murritzaz baliatuz. Zenbaitetan argazkiak banaka aurkeztu beharrean, bikoteka edo multzoka antolatu ditu, Eisesteinek zineman baliatutako muntaketaren printzipioa oroitarazten dutenak: zuzeneko zerikusirik edo segidarik gabeko irudiak elkartuz, haien arteko elkarketaren bidez esanahi, iradokizun edo irakurketa berri eta ustekabekoak sortuaz. Eta hala gertatzen da Leiterren zenbait argazki-elkarketekin ere; bat-batean argazki huts batek izan zitzakeen iradokizun gaitasunak areagotu egiten direla, ikusleek haien gaineko bestelako hausnarketa eta narrazioak sortuz.

Maiz, erakusketak bertan erakusten diren objektu hutsen bistaratzeak direla pentsatzen da, horiek aurkezten diren instalazioaren eta espazioaren nolakotasunak kontuan hartu gabe; azken elementu horiek piezen hautematean eta bisitarien esperientzian duten zuzeneko garrantziaz ahaztuta. Bada, espazioak ezinbestekoak dira erakusketetarako, baina espazio horiez hausnartu eta erakusketa bakoitzaren nolakotasunetara moldatzeko esfortzuak egitea ere bai. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.