Espazio komun bat aurkituta

h3o musika proiektuan egin dute bat Sorkunde Idigoras, Hasier Oleaga eta Julen Izarrak

Hasier Oleaga, Sorkunde Idigoras eta Julen Izarra, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Alberto Lizarralderekin batera, Euskal Herrian sortutako lehen jazz eskola zuzendu zuen Sorkunde Idigorasek: Jazzle. 1987an sortu zuten eskolaren oinarri izan zen elkartea, jazza eta inprobisazioa ardatz hartuta, eta proiektu hartatik eratorriak izan ziren Donostian hainbat urtez egin zen Plaza jaialdia eta Zirrara zigilua ere. Bere garaian, Idigorasen ikasleak izan ziren Hasier Oleaga eta Julen Izarra, eta oraingoan bat egin dute hirurek h3o taldean. Idigorasek, Oleagak eta Izarrak. Pianoak, bateriak eta saxoak.Errabal zigiluak kaleratu die beren lehenengo diskoa: h3o.

Idigoras eta Oleaga aurretik elkarrekin lan egindakoak ziren, nahiz eta orduan landu zutenproiektua ez zen disko batean gauzatu. Orain dela denbora bat, baina, bateria jotzaileak berriro jo zuen pianistarengana. «Berriro deitu zidan Hasierrek, elkarrekin lan egitea proposatuz. Nik denbora bat neraman musika egin gabe, eta ez nengoen oso animatua, baina, azkenean, baietz esan nion. Julenekin lan egitea proposatu zidan, eta baita kontrabaxu jotzaile batekin ere. Lanean hasi ginen, eta ikusi genuen aurrera egiten zuela».

Ez da izan oztoporik gabea, hala ere, gaur arte egindako bidea. Urruti bizi zela eta, kontrabaxu jotzailerik gabe gelditu ziren berehala Idigoras, Oleaga eta Izarra, eta orduan «hutsune handi bat» ikusi zuen aurrean pianistak. «Baina hori, nahi eta espero ez genuen ezusteko gisa hartu genuena, azkenean izan zen beste modu batean sortzeko eztena».Izan ere, baxua talde baten soinua asko markatzen duen tresna da, eta hura gabe, «beste zerbait» bilatu behar izan zuten. «Denbora eskatu digu, baina ikusi dugunean zerbait polita atera dela, pentsatu dugu ondo legokeela disko batean islatzea hori».

Aurretik, baina, «asmo handirik gabe» hasi ziren lanean, Oleagak azaldu duenez. Besteak beste Joni Mitchellen, Kurt Weillen eta Dave Hollanden bertsioak eginez egin zioten bideari, bakoitzak proiektura zeramana konpartituz, eta beraiek idatzitako piezetara igaro ziren jarraian. «Hor ikusi genuen bagenuela zer eskaini. Kantu ezberdinak ziren, eta hor zegoen taldearen aberastasuna ere». Prozesu horretan guztian, euren «nortasunaren bila» aritu direla gaineratu du Izarrak. «Saiatu gara benetakotasunaren bila joaten, eta hori ageri da diskoan. Kantu bakoitzak badu bere istorioa, bere garapena, eta guk jarri dugu indarra pieza bakoitzak bere istorioa izan dezan».

Ohiko jazz taldeetan ez bezala, h3o ez da eraiki musikari baten inguruan, eta hiru kideek idatzi dituzte diskoko piezak, nahiz eta erdia baino gehiago Idigorasenak diren. «Baina beti oso garbi izan dugu taldearentzat idazten ari ginela; musikari hauekin jotzeko, ez beste batzuekin», egin du ñabardura pianistak. Denak gustura eta eroso sentitzea inportantea baita. «Denok saiatzen gara idazten duguna jo behar duen horrengana hurbiltzen. Esfortzua egin dugu bakoitzak aurki dezan bere lekua taldean. Eta azken emaitzan hori nabaritzen da». Oleagak ere uste du «elkarrekin jotzeko aproposa» den musika idazteko ahalegina egin dutela. «Hau ez da norbaiten hirukotea, baizik eta talde bat, eta taldearentzako musika idatzi dugu».

Taldea izanagatik ere, hirukotearen izenak Hasier Oleagaren deiturara eramaten du entzulea. «Joko bat dago horren atzean», aitortu du bateria jotzaileak. Batetik, haren izen-abizenen lehen hizkiak daude, eta bestetik 3 zenbakia, hirukoteari erreferentzia eginez. «Eta, gainera, h2o-rekin, hau da, urarekin ere lotzen da. Ura moldakorra da, gardena.. horren bila joan gara gu ere».

Musika inprobisatua

Jazz etiketa gainean eramango duen arren, h3o-ren proposamenak bestelako musiken eragina era jasotzen du, Idigorasek adierazi duenez. «Jazzean aritu gara aurretik, baina bestelako bideetan ere bai. Eta, ondorioz, zerbait egiten dugunean, bizi izan dugun hori guztia daramagu gainean. Jazz disko bat izan daiteke, musika inprobisatu asko duelako barnean, baina estetika hutsari begiratzen badiogu, ez nuke hain ziur esango jazz disko bat denik. Jazz piezak badira, hala dira inprobisaziorako lekua uzten dutelako».

Diskoa Beasaingo (Gipuzkoa) Pottoko estudioan grabatu zuten iazko azaroko bi egunetan, Fredi Pelaez teknikari zutela. Ondoren, baina, Alberto Lizarralderengana jo zuten ekoizpen artistikoa egin zezan, eta hark eman dio azken forma diskoari. Lana kalean dutela, orain zuzenean aurkeztea dute helburu, nahiz eta badakiten ez dela hau garairik onena horretarako. «Inoiz ez da erraza,eta orain gutxiago», azaldu du Idigorasek. Gogoa, baina, ez zaie falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.