Espainiako Orkestra Nazionalak hartuko du lekukoa Musika Hamabostaldian

Jaialdian azken aldiz 2008an izan ondoren, gaur itzuliko da Espainiako Orkestra Nazionala Kursaaleko oholtzara. Kontzertua David Afkhamen zuzendaritzapean emango dute, eta Leonidas Kavakos biolinista izango da gonbidatu berezia.

Espainiako Orkestra Nazionalaren kontzertua aurkeztu dute David Afkham zuzendariak eta Leonidas Kavakos biolinistak. JAVIER ETXEZARRETA
Ane Delgado Aldabaldetreku.
2021eko abuztuaren 25a
15:24
Entzun

Galiziako Orkestra Sinfonikoaren eta Euskadiko Orkestraren joan den asteko emanaldien ondoren, gaur Espainiako Orkestra Nazionalaren txanda izango da jaialdian. 2019tik David Afkham da orkestraren zuzendari, eta hark gidatuko du, eta harekin batera, Leonidas Kavakos biolinista greziarra arituko da. Kontzertua 19:30ean izango da, Kursaaleko auditoriumean, eta sarrerak amaituta daude. Gaur goizean egin dute kontzertuaren aurkezpena, Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariarekin batera.

Espainiako Orkestra Nazionala 1947an izan zen lehen aldiz Musika Hamabostaldian, eta, Ataulfo Argentak zuzenduta, Betthovenen Bederatzigarren sinfonia eskaini zuen Donostiako Orfeoiarekin batera. Azken aldiz 2008an aritu zen, Donostiako Orfeoiarekin aldi hartan ere, eta Brahamsen Requiem alemaniarra interpretatu zuen. Gaurkoan David Afkahmek gidatuko du taldea, Alfayaren hitzetan, «azken urteetako zuzendari alemaniarrik onenetako» bat denak. Bernad Haitink Fundazioaren Talentu Gazteen saria irabazi zuenean ezagutarazi zuen bere burua Afkhamek, eta horrek Haitinken laguntzaile izateko aukera eman zion Chicagoko Sinfonikoan, Concertgebouw Orkestran eta Londreseko Orkestra Sinfonikoan.

Azpimarratzekoa da gonbidatu bereziaren izena: Leonidas Kavakos. Alfayak azaldu duenez, «kalitate bikaineko biolinista eta artista» da, «duen teknika paregabeagatik, maisutasunagatik eta musikaltasunagatik goraipatua» izan dena. 21 urte zituenerako munduko biolin lehiaketarik garrantzitsuenak irabaziak zituen: Sibelius 1985ean, Paganini 1988an eta Naumburg urte berean. Nazioarteko ospea, berriz, handik hiru urtera heldu zitzaion, Sibeliusen Biolinerako kontzertua grabatu zuenean. Grabazio horrekin, Gramphone saria irabazi zuen 1991n, eta mundu osoan interpretatzeko aukera izan zuen. Donostian izana da Kavakos, 1999an hain zuzen ere, eta Sibeliusen kontzertu hori interpretatu zuen Euskadiko Orkestraren denboraldian. 1734ko Stradivarius Willemotte biolina jotzen du.

Programari dagokionez, kontzertua Piotr Ilitx Txaikovskiren Biolinerako kontzertua re maiorrean obrak irekiko du, eta Robert Schumannen 1. Sinfonia-rekin amaituko da. Afkhamen hitzetan, «programa erabat erromantikoa» da, baina «desberdintasun argiak ditu konpositore baten eta bestearen artean». Schumannen kasuan, «itxaropenez beteta» dagoelako aukeratu dutela azaldu du: «Esperantzaz betetako obra da, eta pandemia egoera honetan sentimendu hori transmititu nahi diogu publikoari». Leonidas Kavakos biolinistak, bere aldetik, zuzendariaren hitzak azpimarratu ditu, eta «ikuslearen gozamena» nahi dutela azaldu du. Txaikovskiren obrarekin izan duen harremana «arraroa» dela aitortu du, «hainbat alditan joan eta itzuli» delako obra honetara. esan du kontzertua maskararekin interpretatzea izango dela «tristeena», berarentzat «oso zaila» delako. Hala ere, pozik agertu da «publikoarekin berriro konektatu ahal izateagatik» eta «musika klasikoa berriro martxan jartzeagatik».

80 urte baino gehiagoko ibilbidea

Espainiako Orkestra Nazionala 1937an sortu zuten, Espainiako gerran, eta berriz ere aurkeztu zuten 1942an. Ordutik, etengabe kontzertuak ematen aritu dira, eta, Espainian jotzeaz gain, Europan, Amerikan eta Asian ere aritu dira. Bere historian zehar, Espainiako Orkestra Nazionalak XX. mendeko zuzendari garrantzitsuak izan ditu zuzendari titular gisa: Bartolome Perez Casas, Ataulfo Argenta, Rafael Fruhbeck de Burgos, Antoni Ros-Marba, Jesus Lopez Cobos eta Josep Pons. Era berean, orkestrak bakarlari bokal eta instrumental entzutetsuenekin kolaboratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.