Kultur politikak

Espainiako Gobernuak lege bakarra ezarriko die film, telesail, areto eta plataformei

Orain dela hamabost urteko legea eguneratuko dute, film independenteak ekoizpenetik proiekziora arte sustatzeko asmoz. Espainiako Filmoteka kultura ondare izendatuko dute.

Zinema areto bat, artxiboko argazki batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Andoni Imaz.
2022ko otsailaren 15a
17:17
Entzun

Zinemaren eta ikus-entzunezkoen industria sendotzeko asmoz, gaur egungo ekoizpen eta banaketa sistemara egokitutako lege bat prestatu du Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioak: Zinemaren eta Ikus-entzunezko Kulturaren Legea (egun Zinemaren Legea dago indarrean). Izenak berak erakusten du: ikusmoldea zabaltzea da helburu nagusia, «ikus-entzunezko kultura» garaikidearen beharrei erantzuteko zinemetako karteldegien mugetatik harago. «Balio kate osoa» jasotzea da berritasunetako bat, baita telesailak eta streaming plataformak aintzat hartzea ere. Ministroen Kontseiluak lege aurreproiektua onartu du gaur.

«Hamabost urte igaro dira aurreko legea ezarri zenetik, eta aldaketa izugarriak gertatu dira ordutik ikus-entzunezkoen munduan eta mundu digitalean: sektoreak errealitate berrira egokitzeko eskatzen zigun», azaldu du Miquel Iceta Kultura eta Kirol ministroak.

Gaurko iragarpenaren ondoren, ministerioak sektoreko ordezkariekin hitz egingo du testua «aztertzeko eta aberasteko». Prozesu hori amaitutakoan, Ministroen Kontseilura eramango dute berriro, eta lege proiektuaren tramitazioa hasiko dute, Icetak azaldu duenez. Urte amaierarako egin nahi dute hori, asko jota.

Legeak aukera emango du zinema aretoetan estreinatuko ez diren film luzeak diruz laguntzeko; pandemiak eraginda erantsi zioten aukera hori egun indarrean dagoen legeari, aretoak itxita zeudela-eta, baina ordura arte ez zuten laguntzarik jasotzen. Telesailak laguntzeko aukera ere egongo da. Kontzeptu hauek erabili dituzte zirriborroan: film zinematografikoa, aretoetan estreinatzen dena; ikus-entzunezko lana, zuzenean plataformetan edo Interneten estreinatzen dena; eta telesaila.

Ekoizpen kate osoaren diru laguntzak arautuko ditu legeak: ekoizleenak, banatzaileenak, aretoenak eta plataformenak. «Ekoizpen independentea» sustatuko dute diru laguntzen bidez, eta arreta berezia jarriko dute «artista berrietan, animaziozko lanetan eta nazioarteko koprodukzioetan». Banaketan, filmen «nazioartekotzea» bultzatuko dute, «Frantziako ereduari jarraituz».

Testuan, filmak erakusteko guneen barruan, areto komertzialak, «espazio alternatiboak» eta Internet bereizi dituzte, eta aipamen berezia egin diete «merkatura sarbide zaila» duten film luze eta laburrei. Zinema aretoei laguntzeko, lehenetsiko dute «ekoizpen europarrean eta iberoamerikarrean espezializatutako programazio bat» izatea, filmak jatorrizko hizkuntzan ematea eta laburrak ere pantailaratzea.

Laguntzak jaso ahal izateko, zinema aretoek kuota bat bete beharko dute, gainera: urteko programazioko filmen %20 gutxienez Europako Batasunekoak eta iberoamerikarrak izan beharko dira. Puntuazio bikoitza izango dute dokumentalek, animaziozko filmek, emakumeek zuzendutako film luzeek, «estatuko hizkuntza koofizialetan» azpidatzitakoek eta diru gutxi biltzen dutenek (200.000 euro baino gutxiago), besteak beste.

Plataformen datuak, argitara

Bestalde, sektoreko zenbait eragilek urteetan egin duten eskaera bat jasoko dute legean. Streaming plataformek film bakoitzak duen ikusle kopuruaren berri eman beharko diote ICAA Zinemaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuari, aretoek orain arte egin duten bezalaxe. ICAAk, gainera, kopuru horiek argitaratu egingo ditu aldian behin. Plataformek isilpean gorde izan dituzte datu horiek, eta eztabaidagai bihurtu dira batzuetan.

Paraleloan, Espainiako Kongresuan Ikus-entzunezkoen Legea aztertzen ari dira —hizkuntza gutxituak sustatzeko itun bat egin zuten hor, besteak beste—. Zuzenketen fasean dago, eta haren asmoa da plataforma handiak behartzea beren diru sarreren %5arekin gutxienez ikus-entzunezko lanak finantzatzera.

Ondarea babesteko neurri batzuk ere hartuko dituzte, legearen zirriborroaren arabera. Espainiako Filmoteka kultura ondasun izendatuko dute, haren instalazioak eta edukiak babesteko asmoz. Eta ondarea zaintzeko eta zabaltzeko ardura «argituko» du legeak, baita autonomia erkidegoen rola ere. Diru laguntza espezifikoak jarriko dituzte ikus-entzunezko ondarea kontserbatzeko.

ICAAk, lege berriaren arabera, betebehar berri batzuk izango ditu: lau urtean behin sektorearen plan estrategiko bat egin beharko du, baita haren helburuen jarraipena ere. Gobernua behartuko du, gainera, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Kulturaren Kontseilua sortzera, gehienez legea indarrean sartu eta sei hilabetera, bitartekariaren funtzioa bete dezan, kolaborazio publiko-pribatua errazteko eta sektorearen garapena bultzatzeko.

Ministerioak argi utzi du genero berdintasuna, jasangarritasuna, trantsizio digitala eta irisgarritasun unibertsala direla lege guztien helburuak, eta irizpide garrantzitsuak izango dira laguntzak zein proiekturi eman erabakitzeko, baita ezinbestekoak ere kasu batzuetan. «Laguntzek Europako irizpideekin bat egingo dute: irekiagoak eta malguagoak izango dira», laburtu du ministerioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.