Espainiako Gobernuak kendu du Urdaibaiko Guggenheim egiteko oztopo nagusia

Eraikina egin ahal izateko, Kosta Legean ezarritako ingurumen babes maila aldatu du. Bizkaiko Foru Aldundiak txalotu egin du erabakia.

murueta
Muruetako ontziola. Han egin nahi dute Guggenheim museoa hedatzeko egoitzetako bat. RAUL BOGAJO / FOKU
jokin sagarzazu
2023ko azaroaren 23a
15:20
Entzun

Bizkaiko Foru Aldundiarentzat «berri ona» da Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren erabakia, Urdaibaiko itsasertzaren babesa murrizten duena, Muruetako ontziolen eremuan. Erabaki horrek Urdaibaiko erreserba naturalean egin nahi den Guggenheim museoa eraikitzeko bidea zabaltzen du. Hala adierazi du ostegun honetan Leixuri Arrizabalaga aldundiko bozeramaileak. «Berri ona da, proiektua aurrera doala eta aurreikusitakoaren arabera garatuko dela erakusten baitu». Orain arte, Kosta Legeak Muruetako eremuan itsasertzetik 100 metro baino gutxiagora eraikitzea eragozten zuen, baina atzo ezagutarazitako aldaketarekin, muga hogei metrora egongo da. Horrek modua emango luke museo berria egiteko.

Neurri hori onartu izanak erakusten du, halaber, Espainiako Gobernuak proiektua babesten duela. Trantsizio Ekologikoko Ministerioak 40 milioi euro jarriko ditu padura leheneratzeko. Diru hori EAJk eta Espainiako Gobernuak adostu zuten iaz, 2023ko aurrekontuak babestearen truke. Eusko Jaurlaritzaren 2024ko aurrekontuetan ere lau milioi euroko diru sail bat agertzen horretarako. Espainiako Gobernuak diru laguntza eman duen arren, ez du Guggenheim proiektua kudeatuko, hori aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Guggenheim fundazioaren esku baitago.

Neurri batean aurreikus zitekeen erabakia da Trantsizio Ekologikoko Ministerioarena. Aurka azaldu ziren talde ekologistek, eta zenbait norbanakok auzitara jo zuten, alegazioak aurkeztuta, baina ez zuten aurrera egin. Zain Dezagun Urdaibai plataformak jakinarazi du beste aldaketa bat eskatuko duela Gernika-Lumo eta Murueta arteko zatirako. Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektuan bi eraikin aurreikusten dira: bata Muruetako ontziolan eta bestea Gernika-Lumoko Dalia lantegiko orubean. Horrez gain, bi eraikinak lotuko dituen bide berde bat eraiki nahi dute, bost kilometro inguru izango dituena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.