«Espainiako erakustalditik at»

Espainia izango da Frankfurteko liburu azokako herrialde gonbidatua aurten, eta, hari begirada kritikoa eskaintzeko asmoz, Beyond Spain egitasmoa abiatu dute Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako hainbat eragilek

Beyond Spain egitasmoaren aurkezpena, herenegun, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2022ko ekainaren 24a
00:00
Entzun

Entzutetsua da Frankfurteko (Alemania) liburu azoka. Munduko garrantzitsuena eta handiena dela ere esan ohi dute; eta badu eragina eta zabalpena. Aurtengoa urriaren 19tik 23ra egingo dute, eta Espainia izango da herrialde gonbidatua. Horri «begirada kritikoa» eskaini eta bestelako errealitate bat agertzeko asmoz, ordea, Beyond Spain egitasmoa abiatu dute Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako hainbat kidek. Frankfurteko hainbat aretotan hartuko du lur, azoka ofizialaren egunetan eta handik «ez oso urrun».

Hitzaldiak, kontzertuak, irakurraldiak eta beste antolatu dituzte hiru nazioetako historiaren, errealitate politikoaren eta hizkuntzen egoeraren inguruan eztabaidatu eta sakontzeko, «Espainiaren erakustalditik at». Egitasmoa Frankfurten sortu da, diasporako jendeak bultzatuta, elkarlanean. Eta Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta Alemaniako idazleek, historialariek, hizkuntza eskubideen aldeko aktibistek, herri egitasmo zein erakunde politikoen ordezkari eta musikariek hartuko dute parte.

Petra Elser Beyond Spainen antolakuntza taldeko kideak BERRIAri azaldu dionez, Frankfurteko liburu azokak eragina du gero eztabaida publikoan, eta hori kontuan hartuta osatu dute programa: «Pentsatu genuen Espainiari ez uztea irudi bat ematen, gero atzean beste bat du eta». Uste dute «irudi garbiketa» egiteko baliatuko duela abagunea. «Beste errealitate bat erakutsi nahi genuen. Ez bakarrik haren kontra zerbait idatziz, ezpada guk ere Alemaniako publikoari aukera emanez bertatik bertara lekukotasunen berri izateko, hiru komunitatetako hizlarien ahotsetik; baita idazleak edo kultur eragileak ezagutzeko ere, beste errealitate bat transmititzen dutenak».

Horretarako, bost eguneko programa atondu dute, lau ildo nagusiri tiraka. Urriaren 19an abiatuko da, memoria historikoa ardatz hartuta. Frankismoaren sarea sendoa da. 45 urte «deep state» Espainiako justizia, polizia eta politikan mahai inguruarekin ekingo diote, eta Carlos Babio Albert Botran eta Iñaki Egaña historialariak izango dira hizlariak. Picassoren Gernika-ren inguruko ekitaldia ere egingo dute.

Gero, errepresioaren gaiari eutsiko diote, eta Espainiaren demokrazia zalantzan jarri, Demokrazia Espainian? Gerla zikina, mugimendu demokratikoen kontrako errepresioa eta giza eskubide eta narrazioaren aldeko borroka hitzaldiarekin. Hizkuntza eskubideen aldeko egitasmoak eta estrategiak ere landuko dituzte, eta aztertu zein den hiru hizkuntzen «benetako» errealitatea. Azkenik, erabakitzeko eskubidea izango dute hizpide, Josu Etxaburu, Julia Lleixa eta Via Galega hizlariekin. Tokia izango dute literaturak eta musikak ere; besteak beste, Edorta Jimenez, Raul Zelik, Laura Mintegi, La Basu, Fito Rodriguez, Joan Pons eta besteren eskutik.

Egitarau oparoa

Elserren arabera, egitasmo herrikoia da, eta garrantzia eman dio horri. Programa «aberatsa» dela dio, hiru komunitateen ikuspegiak jasoko dituena. «Hitzaldiak eta ekitaldiak kalitatezkoak dira». Adierazi du egitaraua ontzeak esfortzu handia exijitu duela, baina«lorpena» ere badela. «Frankfurteko liburu azokan publiko handia biltzen da, eta aukera bat eskaintzen du gauza batzuk ezagutzeko».

Espainiak Sormenez gainezka lelopean antolatu du programa, eta haren «alde iluna» azaleratzen saiatuko da Beyond Spain. «Kontzienteki» kokatu nahi izan dute hortik kanpo: «Ez dugu Espainiak antolatutako ekitalditan parte hartu nahi». Hain zuzen, «alde ilun» horretan jaso dute, besteak beste, Espainian hainbat artistari espetxe zigorra ezarri zaiela monarkiarekin kritiko izateagatik; «koofizialak» deritzen hizkuntzak sistematikoki baztertzen direla; eta mugimendu demokratikoek jazarpen juridikoa eta indarkeria poliziala zein instituzionala jasaten dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.