Espainiako Arte Eszenikoen saria irabazi du Marie de Jongh taldeak

Haur eta gazteentzako atalean saritu dute taldea. Konpainiaren «gizartearekiko konpromiso etengabea» nabarmendu dute

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2018ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Haur eta Gazteentzako Arte Eszenikoen Espainiako saria eman diote Marie de Jongh konpainiari, bere ikuskizunetan ageri den «gizartearekiko konpromiso etengabeagatik». Espainiako Kultura Ministerioak ematen du sari hori —30.000 euro dira—, urtero, eta konpainiak hitzik gabeko ikuskizunetan darabilen keinu hizkera ere nabarmendu du epaimahaiak, «edertasun eta hunkipen handiko» kalitate estetikoa lortzen duela azpimarratuta.

Marie de Jongh konpainia Jokin Oregik (Soraluze, Gipuzkoa, 1970) eta Ana Meabek (Lekeitio, Bizkaia, 1970) sortu zuten, duela hamar urte, Haur antzerkia helduentzat, eta anterki heldua haurrentzat leloarekin. Ordutik, Alabatxo; Robot maitea; Kibubu; Zer duzu, negarrez, Marie?; Amour; eta Izar obrak aurkeztu dituzte. Haurren aurkako indarkeria, pertsona adinduen bazterketa, maitasun homosexuala, animaliekiko tratu txarrak, askatasuna eta beste hainbat gai jorratu dituzte lanotan. Oregiren zuzendaritzapean beti, bera baita konpainiako ikuskizun guztien sortzailea eta zuzendaria.

2008tik, konpainiari nortasun propioa eman dion kontaera garatu du, «balio artistiko eta tekniko eztabaidaezineko muntatzeak» sortuz, aurtengo Espainiako Haur eta Gazteentzako Arte Eszenikoen saria banatzeko epaimahaikideen esanetan. Euskal Herrian bertan eta Espainiako, Frantziako, Herbehereetako, Poloniako eta Ameriketako Estatu Batuetako hainbat jaialditan agertu ahal izan dute balio hori.

Bilbon dauka egoitza taldeak, eta «pozik» agertu ziren atzo bertako kideak, sare sozialetan zabaldutako mezu batean, jasotako sariagatik. «Oso eskertuta! Gogoan ditugu, eurena ere badelako sari hau, gurekin hamar urte hauetan lan egin duten lankide eta artista guztiak!».

Ez dute lehen saria

Hamar urteko ibilbidean, hainbat sari jaso ditu Marie de Jongh konpainiak. Besteak beste, Avignon Off jaialdiko Tournesol saria jaso zuen 2015ean, Kibubu lanagatik, eta Espainiako Max saria, berriz, iaz, Amour ikuskizunari esker. Izar antzezlana ematen ari dira orain, zeinak espazio eszeniko onenaren Feten saria irabazi zuen. Ostiralean bertan, esaterako, Berrizko (Bizkaia) kultur etxean taularatuko dute lana, 18:15ean hasita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.