Musika

Esne Beltzak otsailaren 1ean emanen du azken kontzertua, Bilbo Arenan

Taldeak 2023ko udazkenean jakinarazi zuen bere ibilbidea amaitzekoa zela, agertokietan hamazazpi urte pasa eman ondotik. Iragarri dute «lagun handiz inguratuta» esanen dutela agur: Fermin Muguruza, El Canijo de Jerez eta beste ariko dira haiekin.

Esne Beltzaren kontzertua, artxiboko irudi batean.
Esne Beltza taldearen kontzertu bat, Gasteizen, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko irailaren 14a
09:00
Entzun

2025eko otsailaren 1ean esanen du agur azkenekoz Esne Beltzak, Bilbo Arenan. Taldeak iazko azaroan iragarri zuen taldea desegiteko erabakia, bere ibilbideko zortzigarren diskoa kaleratzearekin batera: Esne bidea. Eta orduantxe jakinarazi zuten, hain zuzen, agur bira eginen zutela 2024an —horretan dihardute—, eta 2025ean despedituko zirela guztiz, «festa erraldoi batekin». Hori berretsi dute orain, Bilboko kontzertuaren berri emanda. «Festa bat izango da, denik eta alaiena». Sarrerak irailaren 17tik aitzinera erosten ahalko dira, baina BERRIAlagunek gaurtik eta %20ko deskontuarekin eros ditzakete; aukera zabalik da jada BERRIA Dendan, eta argibideak posta elektronikoan jasoko dituzte.

Taldeko kideek nabarmendu dutenez, «lagun handiz inguratuta» esanen dute agur Bilbon, eta, zaleak ez ezik, lagun musikariak ere sartu dituzte zaku horretan, hain justu. Beste talde hauek ere ariko dira oholtza gainean: Fermin Muguruza, La Pegatina, Chambao, El Canijo de Jerez, Moro Bad Sound, Pini, Juantxo Arakama, Gorka Suaia, Endika eta Maisha (121 Krew), Ama, Flavio, Xiberoots, Kimua Dantza Kolektiboa, Green Valley eta Pucci. Are, erantsi dute «sorpresa gehiago» ere izanen dela.

Hemezortzi urte beteta

Taldekideek oroitarazi dutenez, otsailaren 1a iristerako, Esne Beltzak gainditua izanen du adin nagusitasuna; hau da, beteak izanen ditu 18 urte. Zehazki, Etzakit, The Solanos eta Joxe Ripiau taldeetatik zetozen hainbat musikarik sortu zuten. Xabi Solanok, Aritz Lonbide Lombi-k eta Jon Elizalde Jontron-ek izan zuten proiektua abiatzeko ideia, eta berehala batu zitzaizkien beste bederatzi musikari: Pello Gorrotxategi, Jon Mari Beasain, Aitor Zabaleta, Iban Zugarramurdi, Zigor Lampre, Juanbau Larburu, Aitor Saizar, Sergio Ordoñez Patxuko eta Jon Garmendia Txuria. Lehenbiziko diskoa 2008an kaleratu zuten:Made In Euskal Herria. Beste zazpi eman dituzte ordutik.

Baina heldu dira bidearen amaierara. «Gure behiak ez du esne gehiagorik, ziklo bat itxiko dugu, eta ziklo hori alaia bezain ederra izan dela zabaldu nahi dugu lau haizeetara», adierazi dute kideek ohar batean, besteak beste. Eta zera erantsi, egindakoaz harro: «Bihotz forma duen mundu bat osatu dugu elkarrekin, koloretsua, alaia; eta errespetua, miresmena eta esker ona luzatzen dizuegu gurekin bat egin duzuen guztiei. Aunitz dira ezingo direnak Miribillan gurekin izan, baina haiek gogoan kantatu eta dantzatuko dugu. Marabilla izango da Miribilla».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.