Musika

Esne Beltzak 'Altxa eskua' abestiaren bideoklipa argitaratu du

Taldearen arabera, abesti horrekin «otsaileko agurrean Miribillan biziko denaren zatitxo bat dasta daiteke». BERRIAk aurreratu du kantuaren bideoa.

Paulo Ostolaza.
2024ko irailaren 30a
12:00
Entzun

Amaierara heltzen ari da Esne Beltzaren ibilbidea. Taldeak otsailaren 1ean emango du bere azken kontzertua, Bilbo Arenan —sarrerak amaitzear dira—, eta gaur argitara eman du «han biziko denaren zatitxo bat». Altxa eskua abestiaren bideoklipa ikus daiteke jada, BERRIAk aurreratuta.

Abesti hori taldeak iazko azaroan argitaratu zuen Esne Bidea diskoko bigarren singlea da. Bideoan ageri dira 2024. urtean zehar taldeak egindako agur birako kontzertuetako irudiak, tartean Euskal Herriko plaza ugaritakoak eta Japoniako Fuji Rock jaialdikoak.

Bi kolaborazio ditu Altxa eskua-k: Zuberoako Xiberoots reggae taldearena eta Rocky Dawuni Ghanako afro roots abeslariarena. Bideoklipean ageri dira Kimu dantza konpainiako kideak ere. Esne Beltzak baieztatu du Miribillan izango direla kantuan ageri diren horiek guztiak, baita, besteak beste, Fermin Muguruza, La Pegatina, El Canijo de Jerez, Juantxo Arakama eta Chambao ere.

Otsailaren 1a iristerako, Esne Beltzak gainditua izango du adin nagusitasuna; hau da, beteak izango ditu 18 urte. Zehazki, Etzakit, The Solanos eta Joxe Ripiau taldeetatik zetozen hainbat musikarik sortu zuten. Xabi Solanok, Aritz Lonbide Lombi-k eta Jon Elizalde Jontron-ek izan zuten proiektua abiatzeko ideia, eta berehala batu zitzaizkien beste bederatzi musikari: Pello Gorrotxategi, Jon Mari Beasain, Aitor Zabaleta, Iban Zugarramurdi, Zigor Lampre, Juanbau Larburu, Aitor Saizar, Sergio Ordoñez Patxuko eta Jon Garmendia Txuria. Lehenbiziko diskoa 2008an kaleratu zuten: Made In Euskal Herria. Beste zazpi eman dituzte ordutik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.