Haren aitonak eta amonak elkarri bidalitako eskutitzak aurkitu, eta ezagutzen ez zuen istorio bat deskubritu du Itziar Eliasek (Azkoitia, Gipuzkoa, 1980). 36ko gerra lehertu aurrekoa —urte bereko ekainekoa— da haien harremanaren hasiera irudikatzen duen lehen eskutitza. Argi erakusten du elkarrekin erabat maiteminduta zeudela. Bazuten gizarteak ezarritako oztoporik, ordea. Amona goi klasekoa eta aberatsa zen, Azkoitiko familia frankista batekoa. Aitona, aldiz, Azpeitiko (Gipuzkoa) familia xume batekoa, eta gudaria. «Garai hartan ez zen normala bikote hori elkarrekin egotea», Eliasen arabera. Errealitate horri tiraka sortu dute Eliasek berak eta Izaskun Arandiak Eskutitzak antzezlana. Bihar estreinatuko dute, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan, Soreasu antzokian, 21:30ean.
Arandiak zuzendu du obra, eta aktore lanetan Elias, Aitor Fernandino, Iosu Florentino, Josean Bengoetxea, Olatz Beobide eta Aiora Sedano ariko dira. Denen artean, Emilia eta Joxeren istorioa kontatuko dute. Bikote gaztea dira, eta ez batak eta ez besteak ez dute bat egiten haiengandik espero daitekeenarekin. Horrexegatik egingo zaie hain korapilatua harremanari eustea.«Maitasun istorio bat da. Maitasun debekatua. Maitasun amaigabea. Borroka egiten dute denaren gainetik». Baina, kontakizun guztietan bezala, gertatuko da zerbait «positiboa»: bilatuko dute elkarrekin komunikatzeko modua; eskutitzen bidez, hain zuzen. «Eskutitz klandestinoak», izango dira.
Nondik datorren ulertzeko modu bat izan da obra sortzeko prozesua Eliasentzat. «Eskoletan ikasten dugu historia eta 36ko gerra, baina inork ez digu kontatzen nola bizi izan zuten gure etxeetan». Haatik, bere etxean gertatutakoaren berri izanda, kontatu egin nahi izan du. «Gaur egun, askok ez dute nahi hitz egitea; tabu handiak daude. Sentsazioa daukat errepublikako garai horretako informazioa galdu egin dugula. Gerra hain gogorra eta bortitza izan zen gazte horientzat... Gerrakjan egin ditu oroitzapen horiek denak».
Abiapuntua benetako istorio bat izan bada ere, garai hartako beste hainbat istorio ezagutu dituzte sortzaileek, eta haiekin osatu dute obraren muina. Horretarako, dokumentazio lana egin dute: besteak beste, Ahotsak.com-en eta udalen artxiboetan arakatuta. Hala, hainbat istorio ezagututa osatu dute bat eta bakarra: Eskutitzak.
Dokumentazio lan horretan konturatu da Elias zein «ezberdinak» ziren garai hartako eta egungo hartu-emanak: «Nesken eta mutilen artean zer-nolako distantzia handia zegoen; elkar ezagutzerakoan harremanak zein zailak ziren; eskua emateak bizitza osoko senargaia izango zela esan nahi zuen...». Emakumeak sasoi hartan nola hezten zituzten ere ohartu da: «Zu honekin ezkonduko zara, eta kito!».
Aitona eta amona bizi ziren bitartean, «zeharka» soilik izan zuen halako kontuen berri aktoreak. Eta haien eskutitz bidezko harremanaren berri, batere ez. «Nolabait, eskutitz horiek aukera eman didate aitona-amonak berriz ezagutzeko». Gutun horiei esker, gero ulertu ahal izan ditu haien jokaera asko: «Familia asko zaintzea, maitasuna adieraztea... Niri oso exajeratuak iruditzen zitzaizkidan. Orain ulertu dut zergatik zen horrela. Guretzat hain erraza da: 'Maitemindu egin gara, eta kito'. Aitona-amonek borroka egin behar izan zuten hori errealitate bihurtzeko. Eta, lortuta ere, gero hatzarekin seinalatzen zituzten. Haientzat garaipen handi bat izan zen, eta, gero, urteetan antzeman egin zen».
Aurreko belaunaldien lekuan jartzea «ez da izan batere erraza» Eliasentzat. Batetik, haien egoeran jartzea eta haien jokabidea ulertu beharra eskatzen duelako aktore lanak. Eta, bestetik, gorputz mugimenduak ezberdin egiten zirelako lehen eta orain. Haren arabera, egun, jendeak naturalki mugitzen du gorputza, baina garai hartan tentsioan eusten zioten. «Publikoaren aurreko irudia asko zaintzen zuten».
Zinematik hurbil
Hastapenean, zinemarako proiektua zen Eskutitzak. Eusko Jaurlaritzako gidoi lehiaketan aurkeztu zuten proposamena, baina bigarren gelditu ziren. Orduan, antzerki obra bat egitea erabaki zuten, baina zinemarako egindako lana ahaztu gabe. Emanaldia oholtza gainean egingo duten arren, pantaila batean proiektatuko dituzte zenbait irudi. Pantailako irudi horietan honako aktore hauek agertuko dira: Klara Badiola, Iñaki Beraetxe eta Lander Otaola.
Emiliaren ikuspegitik kontatuko dute istorioa. Hark biziko dituen kontuak oholtzan ikusi ahal izango dira, baina hark biziko ez dituen gertakariak eta, finean, eragingo diotenak, pantailan proiektatuko dituzte. Momentu jakin batzuetan, baina, zuzeneko antzezpena eta pantailako irudiak aldi berean ikusi ahal izango dira.
Nahi zutena lortu zuten Eliasen aitona-amonek. Trabak traba, aurrera egin zuelako haien arteko maitasunak. Baina isilpean gorde zuten beren esperientzia. «Haiek hemen egongo balira, imajinatu istorio honen berri izatea, eta haiekin egotea... ».
Eskutitz debekatuak
36ko gerraren testuinguruan girotutako maitasun istorio bat kontatzen du Itziar Eliasek idatziriko 'Eskutitzak' antzezlanak.Bihar estreinatuko dute, Azpeitiko antzerki topaketetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu