'larruak eta izurrak'
Atzeratzen eta atzeratzen ari nintzen Larruak eta izurrak erakusketa bisitatzeko eguna, nahiz eta jakin joan, joango nintzela egunen batean eta esploratuko nuela, gogoa bai bainuen. Izan ere, mostra zortzi emakumezko artistak eta kolektibok osatzen dute, bertako eta nazioarteko ekoizleen lanak harremanetan jarriz. Honakoak dira protagonistak: Nora Aurrekoetxea, June Crespo, Yael Davids, Iman Issa, Sahatsa Jauregi eta Tripak, Kimia Kamvari eta Lucia Koch —erakusketako komunikazio-euskarrien ordenari jarraituz zerrendatuak—. Tabakalerako erakusketak, ordea, ikusteko luzeak eta trinkoak izan ohi dira, energiarekin eta denborarekin joatekoak, eta agian hori izan da kontua; biak falta izan ditudala denbora luzez. Bertaratzeko azken bultzada, instituzioko web orrian topatutako bideo komertzialak eman zidan. Bertan, bisitariak erakusketako piezekin zuzen-zuzenean elkarreraginean agertzen ziren, haiekin jolasten, ukitzen, gorputzarekin esploratzen: bai ote?
Behin erakusketan, hainbat kontuk deitu zuten nire arreta segituan; besteak beste, artisten artean 30 urteko diferentziak egonik eta espazioan hainbat arte adierazpen eta hainbat lengoaia aurkezten diren arren, erakusketa emakumezko eskultoreen belaunaldi berri baten aurkezpen gisara planteatzeak; guztiak zaku berean sartuz. Eta, ezinbestean, gogorarazi zidan nola euskal historiografia tradizionalean emakumezko pintoreen lanak zokoratuak izan diren, euskal arte garaikidean hobetsi izan diren forma eskultoriko geometrikoetara hurbildu diren emakumezko artistei lehentasuna emanez, eta haien jarduera hobetsiz. Eta hala jarraitzen du; kasu honetan artista hauen izaera eta egiteko askotariko eta konplexuak erabat sinpletuz gainera. Honen arrazoia bat eta bakarra da erakusketako eskuorrian azaltzen denez: Txillidaren mendeurrena ospatzeko helburuarekin ekoiztuko dituzten hiru erakusketetako bat —lehena— izatea. Mendeurrena duten artistez mozkortzen ari garen honetan, alde batetik eskertzekoa da urteurren honetara hurbiltzeko bestelako modu, ikuspuntu eta begiradak proposatzea. Baina, era berean, kontuz ibili beharrean gaude sortutako tranpa propioetan ez erotzeko.
Erakusketara itzuliz, instituzioko programazioaren barneko urteko apustu garrantzitsuenen artean egonik, bertako areto nagusian taxutu dute. Sarrerako testuak halako saiakera gisa aurkezten du mostra, intuizioaren bidez bizi beharreko esperientzia modura, estetika eta ukimena gidatzat hartuta. Honen alboan, Aurrekoetxearen KAIA eta Erdibitu piezak, zuzen-zuzenean erakusketaren tituluarekin elkarrizketan daude, hormigoizko egiturak estaltzen dituzten larruak eta izurrak baitira haiek ere; geruzen arteko jolas ikusezinak, hain hauskor eta makalak diruditenak itxuraz. Eta haiei erantzuten dirudi Cresporen Core eskultura multzoak —espazioko ezker hegalean sartuta—. Artistak Artiumeko banakoan duela hiru urte aurkeztutako lanaren segida da; bidoien gainean gauzatutako hormigoizko negatiboak dira, haien azal, gainazal, edo larru trinkoak. Plazera da espazio honetan ibiltzea, lanen artean paseatzea; batak bestera darama gorputza; eta bideo komertzialean ez bezala objektuak ukitu ezin badira ere —a ze pena!—, Kochen instalazioaren aitzakian, begiradak badu jostari ibiltzeko aukera, oihal garden eta finen arteko zirrikituen bila. Bereziki iradokitzailea da telen gorritasunetik Kamvariren instalaziorantz begiratzea: mendi eta paisaia bilakatzen diren behi-bizkarretatik hasi, eta zoruko odol-hauts muinora igaroz.
Espazio honetako proiektuen aukeraketa eta instalazio bikainak beste espazioek izan zezaketen distira apaltzen du. Iman Issaren proiektu aratza isolaturik gelditzen da aparteko zerbait balitz bezala, eta antzeko efektua sortzen da eskuin-hegaleko espazioan ere, Jauregi eta Tripak-en artean garatutako burdinazko egitura monumentala eta Yael Davidsen dimentsioz ikaragarria den oihal eta feltrozko instalazioaren artean.
Dena den, entsegu atsegina da Laura Valles komisarioak aurkeztutakoa, bereziki, eskultura eta proiektu askok, objektu huts gisara planteatzeaz gain, espazio gisara funtzionatzen dutelako erakusketa martxan dagoen bitartean haien barneetan ekintza ezberdinak proposatuz. Eta beraz, bisitariok obrekiko izan dezakegun hautematea guztiz eraldatzen da; ez baita gauza bera objektu huts ala leku —gotorleku, babesleku, azal edo larruazal— izatea.