Eskuetatik zintzilik

World Puppet Festival txotxongiloen nazioarteko jaialdia egingo dute Donostian eta Tolosan, maiatzaren 28tik ekainaren 5era. 30 konpainiatik gora bilduko dira

Donostia 2016, Topic eta Unima erakundeetako ordezkariak, World Puppet Festival jaialdiaren aurkezpenean, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
«Hau ez da berriz errepikatuko. Oso zaila da txotxongiloen inguruko hainbeste jende elkartzea». Guillermo Gil Unima Txotxongiloen Nazioarteko Elkarteko ordezkariaren arabera, garrantzi handikoa da World Puppet Festival jaialdia. Lau urtez behin, mundu osoko herrialderen batean egiten dute, eta, aurten, Donostia 2016rekin eta Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroarekin elkarlanean, Euskal Herrian antolatu dute, lehen aldiz. Mundu osoko 30 konpainiak baino gehiagok emanaldiak egingo dituzte Donostian eta Tolosan (Gipuzkoa), maiatzaren 28tik ekainaren 5era. Pablo Berastegi Donostia 2016ren zuzendari nagusiaren esanetan, «udaberriko apusturik handienetako bat da».

Txotxongiloak haurrekin lotu ohi diren arren, helduentzako emanaldiak ere prestatu dituzte. Denetarik ikusi ahal izango da: tradiziozko emanaldiak izango dira batzuk, eta abangoardiako joerei jarraitzen dietenak besteak. Gainera, areto itxietan ez ezik, kalean ere hainbat ikuskizun izango dira. Donostian, teilaturik gabeko hogei gune baino gehiago hartuko dituzte txotxongiloek, eta, Tolosan, bost plaza. «Kaleek gainezka egitea eta ilusioa piztea» dira egitasmoaren helburuak, Berastegik azaldu duenez. Kalean egingo diren ikuskizunak doan izango dira, eta, areto itxietakoak ikusi nahi izanez gero, sarrerak ohiko saltokietan eskuratu ahal izango dira.

Belgikako Tol Theatre konpainiak egingo du jaialdiaren inaugurazio ekitaldia, eta, ikuskizun horretan, garabi handi batek txotxongiloak, aktoreak, bizikletak eta abeslariak hegan jarriko ditu. Maiatzaren 28an, Donostiako Zurriola hondartza inguruan izango da emanaldia, eguraldiak laguntzen badu. Aretoetan programatutako ikuskizunen artean, Frantziako Theatre La Licorne konpainiaren Spartacus nabarmendu dute antolatzaileek: zuzeneko musikarekin girotutako zirku erromatar bat da. Red Earth Revisited ikuskizunean, berriz, Hegoafrikako Assitej South Africa konpainiak, Herbehereetako Speetheater taldeak eta Euskal Herriko bi txotxongilolarik parte hartuko dute. Andaluziako (Espainia) Espejo Negro taldearen Oscar, el niño dormido obra ere ikusgai izango da; Feten Europako Haur Antzerki Azokan ikuskizun onenaren saria irabazi zuen.

Euskal Herriko bi partaide horiez gain, hemengo hainbat konpainiak ere parte hartuko dute jaialdian. La Enananaranjak eta Iñaki Matak Altzoko Haundia taularatuko dute, Migel Joakin Eleizegi erraldoiaren istorioa kontatzen duen obra. Joan den hilean estreinatu zuten Donostian haurrentzako ikuskizuna. David Azurzaren musika du, eta Koldo Izagirrek idatzi ditu testuak. Euskaraz emango dute, gaztelaniako azpidatziekin. Markeliñe taldeak, berriz, Krusoe emango du, Daniel Defoeren Robinson Crusoe nobelan oinarritutako antzezpena. Familia osoarentzako hitzik gabeko saioa da. Errenteriako (Gipuzkoa) Roberto Whiteren Varietté White obrak hitzik gabeko lau pieza biltzen ditu, eta Iñaki Mata antzuolarraren (Gipuzkoa) Barreras lanak gurpil aulki bat du abiapuntu.

Bi erakusketa

Txotxongiloek azken urteetan izan duten bilakaeraren inguruko erakusketa bat zabalduko dute maiatzaren 28an, Donostiako Okendo kultur etxean: XX. mendeko maisuak. Espainiako Estatuko txotxongiloak. Espainiako XX. mendeko txotxongiloei buruzko atzera begirako bat izango da. Molde zaharrak apurtu eta estetika berrien alde apustu egin zuten artistak aukeratu dituzte, haien lanari ikusgarritasuna emateko: besteak beste, Juli Pi, Hermenegildo Lanz, Salvador Bartolozzi, Pepe Otal... Bereziki, ardatz baten inguruan sakonduko dute: 1936ko gerrak eta frankismoak ibilbidea etenarazi zielako hain ezagunak egin ez ziren txotxongilolarietan jarriko dute arreta. Ekainaren 25era arte egongo da ikusgai. Tolosako Topicen, bestalde, Joan Baixas txotxongilolari katalanaren Eroen ontzia erakusketa bisita daiteke dagoeneko, urriaren 2ra arte.

Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan ere izango du bere lekua egitasmoak: maiatzaren 28an eta 29an, hitzaldi sorta bat egingo dute Europako hainbat herrialdetako adituek. Europako eta Ameriketako txotxongiloen tradizioa eta errege makinek horietan izan duten eragina landuko dituzte. Komediak antzezten zituzten txotxongilo konpainiei deitzeko erabiltzen zen izena da errege makina. 1631tik XIX. mendeko lehen erdialdera arte, etengabe aritu ziren mota horretako konpainiak antzezten: Bilbon, Lisboan, Bartzelonan, Cadizen (Espainia)... Haien izaera kontuan hartzea ezinbestekoa da inguruko beste txotxongilo mota batzuen jatorria eta bilakaera ulertzeko. Gutxi landutako gaia dela iritzita, eta horren inguruko ikerketa bultzatu nahian, Europako hainbat herrialdetako unibertsitatetako ikertzaileak bilduko dira Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.