Eskuetan dituzte garaikurrak

Pello Lizarraldek, Anjel Lertxundik, Joxan Elosegik eta Alex Gurrutxagak aurtengo euskarazko Euskadi Literatura sariak jaso dituzte, Artium museoan eginiko ekitaldi batean

Aurtengo zazpi saridunak, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Bingen Zupiria Kultura sailburua alboetara dituztela, atzo, Artiumen. RAUL BOGAJO / FOKU.
Erredakzioa
Gasteiz
2021eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Pello Ramirezen txeloaren doinuek lagunduta egin zuten aurtengo Euskadi Literatura sariak banatzeko ekitaldia atzo iluntzean, Gasteizen, Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoan. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eskutik jaso zituzten garaikurrak aurtengo zazpi saridunek, Jose Ibarrolak eginiko irudi bana, hain justu ere. Banan-banan joan ziren irabazleak hitza hartzen, eta esker oneko hitzak izan zituzten denek. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ere parte hartu zuen ekitaldian.

Zupiriak adierazi zuenez, «gizarteaz eta bertako gatazkez elikatzen den sormenezko kultura jardueraren bat badago, gogoeta eta erreferentziak eragiten dituena edo kontraesanak erakusten dituena, Euskadi Literatura sariekin modalitate guztietan saritzen den sormen jarduera da». Urkulluk, bestalde, nabarmendu zuen 25 urteotan sariok «euskal literatura ezagutzen eta aintzatesten lagundu» dutela. «Hori egiten jarraituko dute belaunaldi berriek ere, etorkizuneko idazleek, beren ikuspegitik, mundua interpretatzen lagun diezaguten; azken finean, elkar ezagutzen eta elkar hobeto ulertzen lagun diezaguten».

Pello Lizarralde saritu dute aurten narratiban, Argiantza (Erein) eleberriagatik —111 Akademiaren saria eta Espainiako Kritikaren saria ere eskuratu ditu liburu berari esker—. Aurrez ere eskuratua zuen Euskadi saria, 2003. urtean eta arlo berean, Larrepetit (Erein) nobelarekin. 1980ko hamarkadara jo du lan saritu berrian, eta bideogintzaren agerpenaren osteko zinema aretoen beherakadan girotutako istorio bat eratu du.

Anjel Lertxundik, berriz, Haltzaren muinoa (Elkar) lanari esker irabazi du haur eta gazte literaturaren arloko aitortza. Ikusten eta entzuten duen arbola bat da liburuko protagonista, zeinak bera bizi den muinoan gertatzen dena kontatzen duen; Antton Olariagak sorturiko marrazkiek janzten dute liburua. Lertxundik ere bitan irabazia du aurretik Euskadi saria, narratibaren alorrean bietan: 1982an, Hamaseigarrenean, aidanez nobelagatik (Erein); eta 1999an, Argizariaren egunak eleberriagatik (Alberdania).

Joxan Elosegik euskarazko literatur itzulpenaren saria eskuratu du, Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak (Alberdania) katalanetik euskarara ekartzeagatik. Urtebete lehenago plazaratu zuen Irene Solak jatorrizko lana, haren bigarren eleberria dena: Canto jo i la muntanya balla (Anagrama). Lurralde bateko askotariko izakiak ditu protagonista lanak, eta sorginkeriagatik salatutako andreak, perretxikoak, lainoak, orkatzak, mendiak... narratzaile bihurtu ditu idazleak. Itzultzaileak frantsesetik euskaratutako lanak argitaratu izan ditu batik bat, Lydia Fleminen eta Amelie Nothomben zenbait liburu tartean.

Saiakera Euskaraz modalitateko aurtengo saria Alex Gurrutxagak irabazi du, Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria lanagatik (Alberdania). Literaturako doktore tesirako eginiko ikerketa baliatu zuen Gurrutxagak liburua idazteko, eta iazko ekainean argitaratu zuen.

Gaztelerazko lan sarituak

Gaztelaniazko kategorietako aurtengo sarituek ere jaso zituzten beren garaikurrak atzoko ekitaldian. Literaturaren atalean, Txani Rodriguez kazetari eta idazlearentzat izan da aitortza, Los últimos románticos (Seix Barral) liburuagatik. Javier de Isusi irudigileak, halaber, Transparentes. Historias del Exilio colombiano (Astiberri) gaztelerazko komikiagatik eraman du literatur lan baten ilustrazioari dagokion saria. Eta gaztelerazko saiakeraren arloan, berriz, Mikel Reparaz kazetariak jaso du aitortza, Las grietas de América lanagatik (Ediciones Peninsula).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.