Durangoko Azokaren 7. Sormen Bekak esku hartze artistiko bat lagunduko du

Sarituko den proposamenak «euskara jendea» izango du gaitzat, eta 2025ean Durangoko Arte eta Historia Museoan eskaintzea da asmoa.

Paule Sanchez Durangoko euskara zinegotzia eta Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidentea, Durangoko Museoaren kanpoaldean. DURANGOKO AZOKA
Paule Sanchez Durangoko euskara zinegotzia eta Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidentea, Durangoko Museoaren kanpoaldean. DURANGOKO AZOKA
Ainhoa Sarasola.
2024ko ekainaren 4a
16:00
Entzun

Euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutaraztea da Sormen Beka DA! egitasmoaren helburua. Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak antolatzen dute beka, eta Durangoko Azokako egunetan eman ohi da haren berri. Bada, aurten ere abian jarriko dutela jakinarazi dute antolatzaileek, zazpigarren urtez.

Esku hartze artistikoak sortzeko beka izango da aurtengoa. Jakinarazi dutenez, proposamenak «euskara jendea» izan beharko du gaitzat. Halaber, gogora ekarri dutenez, azken urteetan Durangoko Azokak hainbat ekitaldi antolatu izan ditu Durangoko Arte eta Historia Museoan. Bada, bekaren bidez lagunduko den esku hartze artistikoa museo horretan edo inguruan egitekoa izan beharko da, eta edozein diziplina artistiko hartu ahal izango da aintzat, dela piktorikoa, eskultorikoa, ikus-entzunezkoa, performatiboa edo bestelakoren bat. Saritutako proiektua 2025ean museoan bertan eskaintzea da antolatzaileen asmoa.

«Sortzaile berriak» aurkeztu ahal izango dira deialdira; hau da, aurkeztutako proiektuak sortzailearen lehen edo bigarren esku hartze artistikoa izan beharko du —taldeka egindako lanak aintzat hartu gabe—. Banaka nahiz taldeka aurkeztu ahal izango dira proposamenak, eta irailaren 21era arteko epea izango da horretarako. Bekak 15.000 eurorekin lagunduko du sorkuntza prozesua eta plazaratzea, eta epaimahaiaren erabakia Durangoko 59. Azokaren egitarauaren barruan jakinaraziko dute. Ondotik, urtebeteko epea izango du sarituak lana garatzeko, eta heldu den urteko Durangoko Azokan erakutsiko du emaitza.

Denetariko egitasmoak

Askotariko proiektuak lagundu ditu Sormen Beka DA! egitasmoak martxan jarri zenetik. Aurreko sei aldietan, literaturari, musikari, ikus-entzunezkoei, arte eszenikoei, mundu digitalari eta familia transmisioan eragiteari lotutako proposamenei eman die bultzada.

Lehen aldian, 2018. urtean, AtopiaRPG taldeak euskarazko lehen rol jokoa garatu zuen bekarekin. Eta ondorengo urteetan Kai Nakai musikariaren lehen lana, Bañolet telesaila, Barraka bideojokoa eta Eukalyptus antzezlana lagundu ditu. Iaz aukeratutako proiektuak, Argizagi izenburupean, haurrentzat animaziozko telesail bat onduko du, eta aurtengo azokan erakutsiko dute emaitza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.