Eskorpioiengandik babestuta

Arteleku aterpetu zuen Donostiako eraikina Igeletxe gune okupatua bihurtu du Patxo Telleriaren 'Igelak' film luzeko lantaldeak, eta han ari da lanean egunotan.

Ernesto Gasco (Donostia Film Commission), Bengoetxea, Gaztañaga, Otxoa eta Telleriarekin, Igeletxeko dekoratu batean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2015eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Kolore berdea nagusi, askotariko igelen irudiz betea dago, barrutik zein kanpotik, 1987tik iaz itxi zuten arte Arteleku arte zentroa aterpetu zuen eraikina, Donostiako Txomin Enea auzoan, eraikin hori abenduaren erdialdera arte Igeletxe bihurtua baitago, Patxo Telleriaren Igelak pelikularen filmatze lanetarako. Bankuek etxegabetuak eta sistema kapitalistaren logikari aurre egin nahi dioten idealistak aterpetzen eta batzen ditu, Telleriak berak idatzitako gidoian, Igeletxek. Horregatik dago etxea, igelen irudiz ez ezik, etxegabetzeen aurkako aldarrikapenez eta eskorpioiei —bankuetako arduradunei— sarrera debekatzen dieten seinalez beteta. Igelek eskorpioiengandik babesteko gune okupatua da Igeletxe, eta han elkartuko dira, beste pertsonaia askorekin batera, Ander (Gorka Otxoa), Sara (Miren Gaztañaga) eta Pako (Josean Bengoetxea).

Filmeko istorioak ez du kokaleku geografiko zehatzik, Telleriak azaldu duenez, baina Donostian eta inguruetan ari dira filmatzen. Aurreko asteetan eraikina horretarako prestatu eta gero, atzo hasi ziren Txomin Eneko eraikineko filmatze lanak. «Filmeko gunerik esanguratsuena eta adierazgarriena txoko liluragarri hau izango da, lehen Arteleku zena, izugarrizko eraldaketa egin eta geroIgeletxe bihurtu duguna. Hau izango da pelikularen bihotza edo makineria gela».

Musikak filmean zer garrantzi duen argi uzten du parte hartuko duten musikarien zerrendak: Ainhoa Arteta, Xabi Solano (Esne Beltza), Gose, Francis Diez (Doctor Deseo), Natxo de Felipe (Oskorri), Oreka TX eta Gatibu. Ekoizpena Abra Pro etxearen ardura da, eta aurrekontua bi milioi eurokoa. «Igelak komedia sozial musikatua» izango da, Telleriak dioenez. «Ez musikala, baina bai musikatua, musikak indar handia izango duelako».

«Sekulako krisi garai gordinean kokatua dago filma», azaldu du Telleriak, «eta horri aurka egiteko jendea batu egiten da etxe honetan, txoko honetan. Hau da Igeletxe, igelak, eskorpioien ziztadak jasotzeaz nazkatuta, biltzen diren tokia, otzan eta inozo izateari utzi eta borrokalari eta erantzule izateko».

Otxoa gustura, «etxean»

Gorka Otxoaren pertsonaia, Ander, bankari bat da istorioaren hasieran, eskorpioien saldokoa. Legez kanpoko mugimendu batzuk egin izana leporatu diote, ordea, eta bere burua gorde beharrak Igeletxera eraman du. Han «bizitzari buruzko beste ikuspuntu batekin topo egiten du», Otxoak azaldu duenez, «oso jende sortzailearekin», eta horrek «barruko borrokak» sorraraziko dizkio. «Une batean Igeletxeko liderra ere bihurtuko da... baina ez dut gehiago aurreratuko». Otxoarentzat, «plazer handi bat» eta «luxu bat» da «maila honetako film batean lan egin ahal izatea etxean, Donostian».

Miren Gaztañagaren pertsonaia, Sara, Igeletxeko beste kide batzuk bezala, ez dago Igeletxen banku batek etxegabetu duelako eta bizitzeko beste lekurik ez duelako, berak nahi duelako baizik, idealismoagatik, bera baino egoera okerragoan daudenekiko elkartasunagatik.

Gaztañagaren kasuan, zinemaren arloan inoiz izan duen «esperientziarik potenteena» da Igelak, eta horregatik ilusio handiz ekin dio lanari. «Oso aukera ederra da ikasteko. Profesionalez inguratuta nago, eta dena xurgatzeko gogoz». Horrez gain, filmeko istorioan parte hartzeko «oso motibatuta» sentitzen da. «Komediaren bitartez horrelako drama gogorretara hurbiltzeko eta horietaz hausnartzeko modu bat da. Uste dut ikuslearentzat aukera ederra izango dela pelikula hau, eta asko gozatuko duela».

«Filmak tonu grisa dauka azpitik, baina gainetik kristoren kolorea eman nahi dio Patxok», Josean Bengoetxearen ustez. Horrez gain, lantaldearen «profesionaltasuna» ere balio positiboen artean nabarmendu beharrekoa dela uste du.

Bengoetxearen pertsonaia, Pako, «zoragarria» da, aktorearen ustez. «Une batzuetan oso behean dago eta beste batzuetan oso goian, eta Igeletxeren barruan satelite moduko bat da». Pakoren ikuspegiak ez du bat egiten Igeletxeko bizilagun askorenarekin. Maiz bere buruari egozten dio bere egoeraren errua, eta ez du maite asanbladetan eta protesta ekintzetan parte hartzea.

Joan den astean hasi eta abenduaren 18an amaituko dituzte filmatze lanak, eta filma 2016ko udarako amaitua izatea espero dute. «Ez dakigu noiz estreinatuko dugun, baina gustatuko litzaiguke Donostiako Zinemaldian parte hartzea», adierazi du Telleriak. Argi du, dena den, ez dela oraindik kontu horietaz pentsatzeko garaia, lanari ahalik eta ondoen ekitekoa baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.