Eskorbutori buruzko bi liburu argitaratu berri dituzte gaztelaniaz

'La mejor banda del mundo' eta 'Eskorbuto recidivo' lanek modu ezberdinean kontatzen dute Santurtziko punk taldearen ibilbidea

Erredakzioa
Bilbo
2017ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Aurten 25 urte bete dira Josu Exposito eta Juanma Suarez Eskorbuto taldeko kideak hil zirela, eta, efemeride hori lagun, Santurtziko (Bizkaia) punk taldeari buruzko bi argitalpen berri argitaratu dituzte. Biak gaztelaniaz idatzita daude, baina, gainerakoan, ezberdinak dira asmoz eta egituraz.

La mejor banda del mundo Angel Landak eta Crisostomo Amezagak idatzi dute, eta Eskorbutoren historia bi errealitate edo ahots paraleloren bitartez kontatu dute. Batetik, lehenengo pertsonan idatzi duen narratzailearen errealitatea dago. Mexikora iritsi diren erreferentzien bidez ezagutzen du Eskorbuto, eta orain, Bizkaian bidaia bat egiten ari dela, 1980ko hamarkadan inguru berean zegoen egoera sozioekonomiko-politikoarekin alderatu ahal izango ditu erreferentzia horiek. Bestetik, beste ahotsak Expositok idatzitako hitzetan arakatzen du.

Eskorbuto Recidivo, berriz, Rock y violencia saileko hirugarren liburua da —beste bi liburu atera zituzten aurretik taldeari buruz—, eta taldearen historia osoa kontatzen duen liburu mardul bat da —900 orrialde ditu—. Roberto Ortegak idatzi du liburua, eta Pablo Cabeza kazetariaren hitzaurrea du. Cabezak askotan elkarrizketatu zuen taldea, eta lilbururako idatzitako testuan, haiekin bizi izandako hainbat pasadizo bildu ditu. Liburuak orain arte argitaratu gabeko 200 argazki ditu, eta baita elkarrizketak, adierazpenak eta datuak ere.

Ortega Eskorbutori buruz gehien idatzi duen kazetaria da, eta punk taldeari buruzko komiki bat ere egina du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.