Euskal letren plaza izateko asmoz sortu zuten Literaturia, 2008an, Larrabetzun (Bizkaia). Jaialdia Zarautzera (Gipuzkoa) aldatu zen 2014an, eta bertan segitzen du oraindik ere, baina ohiko guneetako bat aldatu du aurten: Musika plazan jarri ohi zituzten beren mahaiak bertaratutako argitaletxeek; Lege Zaharren enparantzara aldatu da aurten, eta Ahotsenearen karpa izan du babes.
«Eskerrak karpari!», horixe zen atzo esaldirik errepikatuenetakoa, azoka ireki berritan, tartekako zaparrada mardul artean ari zelako joaten goiza. Batzuek gogoan zituzten duela bi urteko euritan bustitako liburuak eta mahaiak: «Musika plazan bagina orain, azoka bertan behera utziko lukete akaso». Karpa sarreratik barrenera begiratuta, urre koloreko bi besaulki, mahai txiki bat, eta hainbat aulki ikus zitezkeen. «Liburu aurkezpenetarako txokoa da».
Azokako mahai gainak liburuz janzten ziren bitartean, Modelo zineman hasia zen Ezberdin bezain eder ipuin kontaketa, Mariano Hurtado eta Nerea Ariznabarretaren eskutik, 11:00etan. Ordu erdi geroago hasi zen liburu aurkezpenen soka, karpa barruan, Cira Crespo eta Elena Ziordiaren Baginen. Euskal Herriko historia emakumeen bitartez (Txalaparta) lanarekin.
Hasiera ofiziala
Eguerdian puntuan, EIZIEri, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteari, aitortza eginez ireki zuten azoka, ofizialki. Jaialdiaren lelo nagusiari -Atea: hitza da giltza- aipamen eginez hartu zuen oroigarria Mila Garmendiak: «EIZIEko giltza nire etxeko giltzen artean bizi da, eta Arantzazu lankideak eta biok egunero zabaltzen ditugu EIZIEko ateak. Hori da elkartearen ideia, hain zuzen ere: ateak zabal-zabalik izatea denontzako».
Bego Montoriok, ondoren, eskerrak eman zizkion Literaturiari, itzulpengintzari «betidanik» egin dion tokiagatik; itzulpengintzak euskal literaturari egin dion ekarpenean «arreta jartzeagatik»; eta «itzulpenak herritarrengana hel daitezen» egin duen ahaleginagatik. «Itzultzaileok beti sentitu izan gara eroso hemen, eta horren adibide da 2015az geroztik EIZIEk eta Literaturiak antolatu dugun itzulpen tailerra». Horren harira, aurreko urteetan tailer amaierako irakurketa eleanitzean parte hartu duten zarauztarrei eskerrak eman zizkion Montoriok: «Hor uztartu gara normalean itzalean egoten garen pertsonaiok, itzultzaileok eta beste kulturetakoak. Uste dut, haiekin batera, bakoitzak bere kulturako hitzekin, mundurako ateak zabaldu genituela».
EIZIEri egindako omenaldiaren segidan, urre koloreko besaulkietan eseri zen Amaia Telleria, bere Haizelekuak (Alberdania) aurkezteko. Atzetik, eta 19:00ak bitartean, Eneko Aizpuruaren Bidasoan gora (Elkar), Julen Belamunoren Hotz industriala (Susa), Igor Estankonaren Moskito (Susa), Anjel Lertxundiren Gilles de Rais (Alberdania), Xabier eta Martin Etxeberriaren Valerium tremens (Elkar), Oier Guillanen VHS (Susa) eta Alex Gurrutxagaren Xabier lete, aberriaren poeta kantaria (Alberdania) ere aurkeztu zituzten.
Testuingurua gogoan
Euria ez zen izan atzoko hizpide bakarra Literaturiako azokara bildutakoen artean. Alberdania argitaletxeko Jorge Jimenez Bechek, esaterako, bere ustez jaialdiaren ezaugarri nagusia dena nabarmendu zuen: «Hona ez gara asko saltzera etortzen, ahal dugun guztia saltzen dugun arren».
Antzeko ideiari heldu zion Susako Leire Lopezek ere: «Hau ez da makro ekitaldi bat, baina beste zeozer dauka. Literaturazaleekin, beste argitaletxeetako kideekin eta idazleekin elkartzeko espazio bat da, eta, momentu honetan, hainbeste gauza bertan behera geratzen ari direnean, pozgarria da hemen egotea».
Maiatzeko Lucien Etxezaharretak espazio aldaketak azokari ekarritako onura nabarmendu zuen: «Orain arte sakabanatuak ginen Musika plazan, eguraldi txarrarekin ere. Orain, eguraldi ez hain onarekin ere, jendea biltzen da, eta uste dut ideia ona dela aurkezpenak ere toki berdinean egitea.». Pandemia garaian, are gehiago: «Urte beldurgarrian gara, liburu dendak itxita eta azokak ezabatuak edo erdi hutsak, eta Literaturia hau bezalako ekimenak oso garrantzitsuak dira».
Aurtengoaren testuinguruari erreparatu zion Txalapartako Garazi Arrulak ere: «Esaten dute pandemia garaian Espainiako Estatu mailan %7 hazi dela irakurzaletasuna». Eta euskara irakurketa hizkuntza bezala atzean ez geratzea, hori ere erronka da.
Euskarazko irakurgai egarriz dagoenak irekiak izango ditu gaur ere Literaturiako azokako karparen ateak, 11:00etatik aurrera. Modelo aretoan, berriz, Ateko zirrikitutik ipuina kontatuko du Leire Bilbaok, 11:00etan. Ordubete geroago, omenaldia egingo diote idazle horri. Bi mahai inguruk itxiko dute jaialdia: Miren Amuriza, Antton Olariaga eta Aitor Arregi Literateak gaiaren inguruan arituko dira, 12:30etik aurrera, Mikel Sotoren gidaritzapean; 17:00etan, berriz,Anari eta Ruper Ordorika entzuteko aukera izango da, Letragintza: hitza musikaren giltza? gai hartuta, Jon Eskisabel moderatzaile dutela.
Literaturia 2020
«Eskerrak karpari!»
Euri jasa artean ireki ditu ateak Literaturia letren azokak, Zarautzen. Ahotsenearen karparen barruan ezarri dituzte aurten liburu aurkezpenak eta erakusmahaiak, lehen aldiz. Garai gogorrotan ere euskal letren jaialdiari eutsi izana eskertu dute editoreek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu