Eskena 2.0, herriaren eta sortzaileen lotura finkatzeko asmoz

Euskal Antzerki Jaialdiaren lehen aldia egingo da Bilbon gaurtik igandera bitartean, proba modura

Eskena 2.0 jaialdia aurkeztu zuten atzo Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2013ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Eskena Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkartuak elkarteak sortzaile eta herritarren arteko harremanak finkatzeko asmoa du, eta, horretarako, Eskena 2.0 Euskal Antzerki Jaialdia egingo du Bilbon gaurtik igandera bitartean. BBK aretoan izango dira emanaldiak, eta horietan Hortzmuga Teatroa, Dar- Dar Produkzioak, Pikor Teatroa, Ados Teatroa, Teatro Paraiso eta Hika Teatroa konpainiek parte hartuko dute. Emango dituzten sei antzezlanetatik bi euskaraz izango dira, eta besteak gaztelaniaz.

«EAEn sortutako antzezlanak» herritarrengana ekartzea eta ezagutzera ematea da Eskenaren helburua, Amaia Ibañez elkarteko gerentearen esanetan. Jaialdiaren lehen aldia Bilbon egingo da, eta «esperientzia aitzindari gisa» baliatuko dute antolatzaileek. Halere, gainontzeko hiriburuetara zabaltzeko asmoa ere badaukate.

Bost emanaldi eta gai ugari

Jaialdia bihar hasiko bada ere, aurrerapen modura Hortzmuga konpainiak kale antzerkia egingo dugaur Zazpikaleetako metro geltokian. Beste antzezlanak, berriz, BBK aretoan taularatuko dituzte.

Dar-Dar produkzioak Pasado mañana ikuskizuna eskainiko du, bihar, 19:30ean. Karlos Linazasororen Etzi ipuinaren egokitzapena da obra, eta orain arteko emanaldiak euskaraz egin badituzte ere, gaztelaniazko moldaketa antzeztuzko dute bihar.Downen sindromea duten pertsonengana eta haien familiengana hurbildu nahi dute konpainiakoek obra horrekin. Programatzaileen ustez, «hunkigarria» da lana, eta gazte eta helduengan pentsatuta dago dago.

Emanaldi bi egingo dituzte etzi. Pikor Teatrok S@rebegian gazteentzako lana aurkeztuko du 10:00etan. Antzezlan horretan gaur egun gazteek pantailekin duten loturaz ariko dira.Ados Teatroak Figurantes obra estreinatuko du, 20:30ean. Helduentzako obra da, eta, Eskenakoen esanetan, «euskal zaporearen» bila dabilen zinema ekoizle bat da protagonista. «Euskal Herriko herri bat dantzan jarriko du»

Teatro Paraisok Vuela si puedes antzezlana emango du larunbatean, 18:00etan. Lau txori dira protagonistak, eta arrazakeriaz, botere nahiaz eta berekoikeriaz arituko dira, baita lankidetza, elkartasun eta errespetuaz.

Hika Teatroak Ilargiaren bi aldeak obra antzeztuko du igandean, azken egunean, 18:00etan. Adin guztietakoentzat da, eta ilargiaren alde banatan bizi diren gazte biren istorioa kontatzen du. Dantza, antzerkia eta zirkua biltzen ditu Makalak musikatutako lan horrek.

Informazio gehiago nahi izanez gero jo webgune honetara:

www.eskena.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.