Azeriei deritze lukiak Bizkai aldean. Christian Rodriguez (bateria), Josu Ximun Billelabeitia (ahotsa, gitarrak) eta Antton Goikoetxeak (baxua) hala jarri zioten euren proiektuari izena, azkenaren baserriko oilategi hutsean entseatzen hasi zirenetik. Oiloak jatera sartzen ziren lukiak aurretik hara, beste zerbaiten bila ari dira orain han eurak. Baina ez dira bertan goxo geratzekoak. Ibilbidea dute musikan, ganbara betea, baina ikasitakoarekin, funtzionatzen duela frogatutako horren mugekin jolastea da haien proposamena. «Usaina hartzen du bestela», ohartarazpena Billelabeitiak.
Abiadura aldaketak, pasarte zikinak, melodia poperoak, eta ahotsekin, autotunearekin, sintetizadoreekin, eta okurritzen zaienarekin esperimentatzeko gogoa. Hala agertu zen hasieratik hirukoa, 2019an autoekoitzi zuten #1 diskoarekin, eta jarrerari eutsi diote lan berrian ere, estudioan sartzean gauzak «serioago» hartuz, Billelabeitiaren arabera. Hamar kanturekin osatu dute #2, eta Atico Stereoren zigilupean atera.
Estreinako diskoa grabatzean, hirurek zituzten proiektu paraleloak (Rodriguezek All I Need eta Goikoetxeak Leun), eta Lukiek «bigarren planoan» zelakoan da Billelabeitia. Gauzak aldatu zaizkie, baina. Berak jarraitzen du Belakon, baina besteek utzi dituzte aurreko taldeak —Sara Zozayarekin aritzen da Goikoetxea—, eta aurreko lanak izandako harrerak ere izan du eragina. «Jaso dugu berotasuna eta sumatu dugu jendea badatorrela gu ikustera. Hori ikusita ezin duzu beste aldera begiratu. Apurka hasi gara beste bide bat hartzen, eta polita da hori: hasierako planak ez irtetea uste genuen moduan».
Jotzen hasi zirenetik grabatu arteko lau urteetan ondu zituzten kantuak bildu zituzten lehen diskoan, eta oraingoa, berriz, urtebetean sortutakoekin osatu dute. Hor sumatu du jauzirik handiena Billelabeitiak. «Iaz, pandemia zela-eta kontzertu askorik ez zegoenez, konposatzeko aprobetxatzea pentsatu genuen, eta hamar kantu izandakoan [Bilboko El Tigre] estudiora sartzea, arin».
Fantasiazko mundu koloretsu eta ilunantz batek girotu zuen aurreko lana, eta antzera jantzita dator berria ere, Ximon Agirreren eskutik. Diseinuan baina batez ere soinuan, lan berria aurrekoaren jarraipena izatea bilatu baitute. «Kantu asko nahita egin ditugu nahiko kontinuistak. Aurreko laneko Don Gomes-en estrofak nahiko ilunak dira, eta dena aldatzen da errepikan; ireki eta argitsuago bihurtzen da. Hori ere egin dugu hemen, Izate iragankorrak eta SnK kantuetan, adibidez».
Billelabeitia aritu izan da kantuak konposatzen orain arte, gitarra eta ahotsena leku «errazagoa» delakoan horretarako. Igarri du, ordea, #2-n gehiago hartu dutela parte beste bi kideek ere, eta ospatu egin du hori. «Ohituta egon naiz kantuak nahiko garatuak eramatera etxetik, baina oraingoan asko izan da entsegura joan eta ea zer gertatzen zen ikustea, eta hori asko gustatu zait. Gauza unikoak gertatzen dira hor, batek bakarrik atera ezingo lituzkeenak». Barre erdiz ilustratu du: «Christian eta Antton egon zitezkeen inprobisatzen, eta ni kanpoan telefonoz edo txiza egiten; zerbait interesgarria entzun eta hortik tira egin dugu gero».
Kantua lantzen hasi eta norabide «normatibo» bat hartuz doala ikustean, hura nondik puskatu probatzen hasten direla dio kantariak, betiere nolabaiteko oreka bat bilatuz, pasarte arriskatuen eta entzunerrazen artean. «Industriak eskatzen du irensten errazagoak diren singleak ere egitea. Eta gustatzen zaigu, baina beti lekua utzita gauzak apurtzeko. Badaude 5x4 eta rock eta pop musikan asko entzuten ez diren beste metrika batzuk, adibidez; gustatzen zaigu hori sartzea eta saiatzea ez dadila arraro geratu».
Zazpiko erritmoa jarri dute, adibidez, Izate iragankorrak-en errepikan. Eta esperimentazio lanak ekarri ditu; besteak beste, Ipuin Ha hirukoitza eta Obabatxue ere, ukitu psikodelikodun sehaska kantua. «Nire amonak eta amak kantatzen zuten. Badu kultura arabiarrarekin lotzen dudan tonuerdi bat; lantzen hasi eta betelana egin behar zuen kantuetako bat zen, eta gehien gustatzen zaidanetako bat bihurtu da».
«XXI. mendeko errituala»
Hala izendatu ditu kontzertuak Billelabeitiak, «XXI. mendeko errituala». Arrasateko gaztetxean (Gipuzkoa) joko dute gaur, Tolosan (Gipuzkoa) bihar, Lakarran (Nafarroa Beherea) etzi, eta apirilaren azkenera arte, behintzat, lotuak dituzte hainbat data.
Bizia bada diskoa, biziagoa izatea agintzen du zuzenekoak. Ezberdin entzungo da diskoaren aldean, eta hala behar duela adierazi du Billelabeitiak: «Talde asko saiatzen dira kontzertuetan diskoko soinuarekin oso fidel jokatzen, baina niri desberdintzea gustatzen zait. The Clash eta The Police bezalako taldeek ere asko egiten zuten: diskoan modu batera jo, eta zuzenekoan moldatu. Kantuak, gainera, ez dira amaitzen grabatzen dituzunean; ez dira eskulturak, bizirik daude. Modu batera grabatu ditugunak jada moldatu ditugu, eta ondo dago hori; Belakorekin ere pasatu izan zaigu. Guri ere gertatzen zaigu: hazi egiten gara, aldatu».