Nekatuta zeuden Alaia Martin eta Agin Laburu, igandean, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa bukatuta. Gainontzekoengandik koska zabalera sailkatu ziren, baina aldeak ez zuen erraz lortu zutenik adierazten. «Lanean egon naiz. Horretara nentorren, eta uste dut egin dudala. Saiatu naiz ariketa bakoitzari eta gai bakoitzari punta zorrotzena ateratzen, ahalik eta gehien ematen gai bakoitzari», azaldu zuen Alaia Martin saioko irabazleak, finalerako sailkatu berritan. Bi finalaurreko falta direla, ez du ezerziurrik Laburuk, baina finalean izateko aukera handia du. Bera ere saioko irabazlearen antzeko gorputzaldiarekin zegoen oholtzatik jaitsitakoan: «Lan handia egin dudan sentipena dut, baita momentu askotan distira puntu bat atera dudanarena ere. Sufritzea egokitu zait, baina, agian, ariketak ere ez ziren nire gustukoenak».
Ez zen lan txikiagoa izan Ander Lizarralde, Jon Martin, Beñat Iguaran eta Unai Gaztelumendirena, 1.200 bertsozalek bete zuten Aritzbatalde kiroldegian. Tolosako eta Eibarko finalaurrekoetan ezusteko handirik ez bada, finaletik kanpo izango dira laurak.
Azken hiru finaletan kantatu ondotik, Jon Martin finaletik kanpo gera daiteke, beraz. Zarauzko saioak sentipen gazia utzi zion ez zuelako gozatu. «Pena ematen dit ez iristeak, finala gozatzeko saio bat izaten delako. Finaleko gaiak ere gustatzen zaizkit, ondo aukeratuta egoten direlako».
Emaitza txapelketan izan duen sentipenarekin lotu zuen. «Sufritzen ikusi dut neure burua. Txapel goserik ez daukat, bertsoa bizimodu bai, baina ez dut bizibide nahi... Beharbada, konturatu naiz txapelketa ez dela egon nahi dudan lekua».
Txapelketa oso bestelako sentipenarekin utziko du Lizarraldek. Harentzat, txapelketa «ikaragarria» izan da. «Neure burua ikustea finalaurrekoetan hirugarren egiten ez nuen inoiz irudikatuko», zioen emaitzarekin pozarren. Kantaera ez ezik, ikuspegia ere berezia du Lizarraldek. Final-laurdenean baino maila apalagoan, baina finalaurrekoan ere erakutsi zuen. «Ez dakit erakusten saiatzen naizen ala ez dakidan disimulatzen. Horrela, gustura kantatzen dut, eta horrelakoa naiz ni. Horrekin egingo dut aurrera», aipatu zuen umoretsu. «Urduri» hasi zuen saioa; bere burua «trabak gainditzen» ikusitakoan, «konektatu» egin zen.
Egoera berean izan zen Iguaran ere saioaren hasieran, eta gehiago kosta zitzaion aldarteari buelta ematea. «Neure burua kontrolatzen nahiko lan. Nerbioso izan naiz hasieran, burua kontrolatu ezinik, eta bukaerarako beste tenple bat lortu dut». Gaztelumendik ariketa guztietan erakutsi zuen printzaren bat ala beste.
Behar zenean, umorea
Sei puntuko motzean «itota» jardun zuen Laburuk memoriaren omenaldi batera joan nahi zuen etakidearen ahotik, joan nahi ez zuen Gaztelumendirekin. «Sei puntuko motza oso toki estua da, eta gaia oso delikatua. Hankarik ere ez nuen sartu nahi gai horretan», azaldu zuen Laburuk. Horren ondoren, azken ofizioan, jo zuen goia. «Banekien nonbaiten jo beharra neukala, puntuazioa igo beharra neukala nonbait».
Zortziko txikikoa dute azken ofizioa finalaurrekoetan. Laburuk eta Iguaranek bete-betean jakin zuten umorea ekartzen, eta eskertu egin zuten bertsozaleek. Festetarako komunak alokatzeko enpresa batean lan egiten zuen Laburuk, eta, festak bukatuta, jasotzera joandakoan, Iguaran aurkitu zuen komunetako batean. Bertsoaldiak aurrera egin ahala hauspoa galdu zuen. Hala ere, Laburuk, bikain hasita, maila berean erantzun zion aurreneko bertsoa Iguaranek. «Ez da errexa usai/ horrekin bizitzen/ baina nere laguna/ ez da errex hiltzen/ oraindik nola zauden/ ez det entenditzen./ Lagunduko al dizut/ lentilla aurkitzen?», lehertu zuen plaza Laburuk. Era honetara erantzun zion Iguaranek lehen bertsoaren azken bi puntuetan: «Nere plana edarra/ da Agin begira/ festara eman nazu/ hurrengo herrira».
Alaia Martinek ondoren jo zuen goia, kartzelan. «Egunero leku eta ordu berean ikusten zenuen hura, gaur ez dago», izan zuten gaia. Ez zegoen hura amona izango zela erabaki zuen Martinek: «Etorri zaizkit bi bide nagusi, eta azkenean ni gehien betetzen nauenetik jo dut: amonarenetik. Eroso sentitu naiz: hiru ideiak hasieratik etorri zaizkit, eta betelanetan gozatu dut». Betelanean asko jantzi zituen bertsoak, hirugarren bertso honetan, kasu: «Ordu hontan joaten nintzen/ horren puntual bisitan/ bizitzak zorionean/ luze jarri didan zitan./ Abila zinen oraindik/ modan eta politikan/ telebistari hizketan/ egoten zinen kritikan./ Zure biloba maitea/ ni izan nintzen ttikitan/ nola orrazten ninduzun / udaberriko eguzkitan./ Nahiz ta orain zu ez zauden/ bilatutako tokitan/ nirekin egongo zara/ une eta leku guztitan».
Lizarraldek aita zenduaren haria hautatu zuen. «Aditu eta segituan etorri zait. Gertu samarretik hartuta zalantza izan dut, ez nekielako emozioarekin bukatzerik izango nuen. Gero pentsatu dut, horrelako aukera edukita nola ez nuen ba kantatuko». Saioko une berezienetakoa eragin zuen hunkituta eta hunkiarazita.
Esfortzuaren emaitza
Alaia Martin eta Agin Laburu lehen bi sailkatuak koska handiarekin nagusitu dira igande honetan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu