Denbora batez haren berririk izan ez bada ere, ez da geldirik egon Sara Zozaia (Donostia, 1995). Nerabe taldean aritu eta 2019an eta 2020an bakarkako EP labur bana argitaratu ostean (III eta I), Nara hirugarren lanarekin dator orain. Estreinako lan luzea du, eta pozik dago egindako lanarekin. Pazientziaz osatzen dabilen ibilbidean beste aurrerapauso bat eman du, eta, orain arte bezala, ez da inongo etiketa edo estilotara mugatu; guztiari koherentzia emanez, bere proposamen musikala hedatzea lortu du.
Nolakoa izan da diskoa sortzeko eta grabatzeko prozesua?
Oso luze joan den sentsazioa dut. Abesti oso desberdinak daude diskoan, eta zaila egiten zitzaidan dena diskoan sartu eta elkarren artean lotzea. Norabide bat emateko, produktore bat behar nuela antzeman nuen, eta estilistikoki zer bideri jarraitu eta abestiak diskoan nola lotu ikusten lagundu zidan Jon Agirrezabalagak.
Non egin zenuen grabazioa?
Bilboko El Tigre estudioan. We Are Standard taldeko kidea izan zen Jon, eta, ezagutu nuenetik, harekin egin izan dut guztia. Kanta berriak pasatu nizkionean, norabide interesgarri eta berezia eman zien guztiei.
III eta I bosna abesti zituzten lan laburrak ziren. Prestaketa eta lan aldetik desberdintasun handia izan al da Nara?
Artista batzuek kontzeptu finko baten bueltan osatzen dute disko osoa, baina nire kasuan ez da horrela izaten; kantu solteak sortu, eta, amaituta daudenean, batera argitaratzen ditut. Oraingoan abesti gehiago sortu ditut, eta horregatik izan da prozesua luzeagoa, abesti kopuruagatik, ez beste ezergatik. Aurrekoaren oso antzerako prozesua izan du guztiak. Hori bai, lan gehiago ekarri didan kontu bat biniloan argitaratzearena izan da. Erabaki sinplea dela eman dezake, baina erabaki mordo bat hartu behar izan ditut. Dena dela, aurrerago CD formatuan ere kaleratuko dut. Argitaratutako hiru bideoklipek ere lan handia eman didate.
Abestiaren arabera, tresna desberdinek dute protagonismoa. Konposatzeko orduan nola dakizu zer behar duen bakoitzak?
Diskoan, eta zuzenekoetan ere hala dela esango nuke, bi abesti mota bereiz genitzake: organikoak eta elektronikoak. Lehen multzoan, bandarekin lokalean sortutako abestiak sartzen dira. Kasu horretan, abestia denon artean landu ostean, zuzenekorako forma ematen diogu, eta horrela grabatzen dugu. Bigarren kasuan, tresna elektronikoekin sortutako abestiak dira. Normalean nik bakarrik sortutakoak izaten dira, eta, oinarria eginda, Joni pasatzen dizkiot berak elementu elektronikoak sartzeko. Abestiaren sortze prozesuak baldintzatzen du nolakoa izango den.
Nara izenburuak zer esanahi du zuretzat?
Nire musikak bizitzan eta musikan dudan bizi momentua islatzen du. Pentsatzen eta sentitzen dudana esaten dut haren bidez, eta orain konturatzen naiz nire gurasoek sortu zuten Sara, ume hura, urteak pasatuta nola esentzian berdina den, baina, era berean, beste zerbait den. Bizitako guztiak gure kanpoan dagoen kapa moduko bat ezartzen digu, eta esentziara iristeko gaitasuna galdu egiten dugu batzuetan. Ez da erraza azaltzea, baina Sarari nire bizipen guztiak gehitzen badizkiot, Nara bihurtzen da. Horrela interpretatzen dut nik. Horretaz aparte, Nara Japoniako hiri bat ere bada, eta lotura sentitzen dut hango kulturarekin; asko gustatzen zait, eta horrek ere indartu du izenburua.
Zer-nolako harrera izan dute diskoa argitaratu aurretik kaleraturiko abestiek?
Abesti bakoitzak eragin desberdina izan du. Misty ez da diskoko abesti komertzialena, baina lehen aurrerapen kanta izan zen, katarsi moduko bat izan zen. Caravan-ek publiko berria erakarri du nire musikara; oso intentsoa naizela pentsatzen duen jendearengana iritsi da [barrez]. Entzuteko errazagoa da; inprobisazioz sortu nuen, egun bakar batean, eta beste publiko eta soinu batzuetara iristeko leiho bat ireki dit. Maitia, berriz, egitea pentsatuta neukan zerbait zen, eta oso pozik geratu naiz emaitzarekin. Bertan islatzen da estilo aldetik nora joan nahi dudan.
Nola definituko zenuke egiten duzuna?
Darkywinky egiten dudala esaten dut beti. Ez du inolako zentzurik, baina lehenengo elkarrizketa egin zidatenean, hala erantzun nuen, eta hala egiten dut orain ere [barrez]. Nire musika ez da estilo batean markatzen, baizik daukan tonu eta izaera triste malenkoniatsuan. Hortaz, elektronika tristea egiten dut, rock tristea egiten dut, eta, jakina, post-rock tristea egiten dut. Musikak oinarri ilun eta sakona izatea nahi izaten dut, eta hainbat modutan lor daiteke hori, baina guztiari esperantza puntu bat txertatzen saiatzen naiz. Abestian gertatzen denak du garrantzia niretzat, eta hori gorabehera eta akorde progresioekin lortzen da.
Beti izan duzu popetik, baina oraingoan gehiago sakondu duzu bide horretan.
Asko kostatzen zait estruktura aldetik ohiko abesti bat egitea. Niretzat, abesti bat behar duen momentuan hasten eta amaitzen da; ez naiz tematzen lelo bat izan dezan. Pop musikan estruktura zehatzak eta errepikakorrak erabiltzen dira, eta hori egiten erakutsi dit Bengok. Maitia aurkeztu nionean, oso bestelakoa zen abestia, eta beste estruktura bat hartu zuen harekin. Ez dut pop askorik entzun izan, baina asko ikasten da hortik ere, eta ez da erraza pop abesti on bat egitea. Askotan, gauzak konplikatu egiten ditugu behar den momentuan ixten ez dakigulako; irekita uztea askoz ere errazagoa izaten da, baina hor asmatu egin behar da.
Zein da hemendik aurrerako zure helburua? Hasiera berri baten moduan planteatzen duzu?
Ez zait gustatzen hasiera eta amaierei buruz hitz egitea; zikloka ulertzen ditut gauzak. Ziklo bat izaten da lehenik, eta gero jarraian beste bat, eta horrela. Oraingo zikloa diskoa kaleratzen dudanean amaituko dela pentsatzen dut, eta, abesti berriak sortzen hastearekin batera, beste bat hasiko dut. Momentuan momentukoa egingo dut, eta ikusiko dugu bizitzak zer dakarren. Hala ere, uste dut hau beti nirekin egongo den proiektua izango dela; musika arloan nahi dudana egiteko aukera ematen dit, eta behar dut hori.
Irakurri elkarrizketa osoa Badok atarian