Esentziak batzen ditu

Patxuko Nice taldeak hamaika estilo uztartuz osatutako disko bat aurkeztu du: 'Hego haizea, ego querido'. Kolaboratzaile sorta bat izan dute laguntzaile beren hirugarren lanean

Diskoaren aurkezpenean, zuzeneko saio txiki bat egin zuten taldekideek. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2017ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Patxuko Nice taldeak bere margolanaren azken-aurreko zatia osatu du. Hirugarren diskoa dute Hego haizea, ego querido (Mauka), eta, auzolanean egindako diskoa denez, Bilboko Xake espazioan aurkeztu dute. Orain arteko bideari eutsiz, estilo asko eta are kolaborazio gehiago ditu diskoak. Euskaraz eta gazteleraz dira abestiak, eta kolore asko ditu azalak. Musika ere halakoa dela azaldu dute taldekoek. Uztartze horretan, ordea, taldearen «esentzia» mantendu egiten dela nabarmendu du Sergio Ordoñez Patxuko abeslariak:«Helmuga berera daramaten bide ezberdinak dira».

Urtebete pasatu dute diskoa lantzen, Aieka estudioetan, Pello Gorrotxategirekin. Nahiz eta diskoa grabatzen orain urtebete hasi, Jon Mari Beasain gitarra jotzaileak azaldu du «ideiarekin bizpahiru urte» zeramatzatela. Ordoñezen ustez, urtebetez grabatzen egotearen emaitza antzeman daiteke kantetan. «Etxeko janaria bezalakoa da: landua eta maitasun handiarekin egindakoa». Grabaketaren egutegia ez dela behartua izan gaineratu du abeslariak, eta horregatik ez dutela eperik ezarri nahi izan. Musikarien hitzetan, horregatik, diskoak ez du une jakin bat islatzen, «grabaketak iraun duen urtean bizitakoa» baizik.

Abesti bakoitza bere kasa lantzen saiatu direla dio abeslariak. «Ez genituen egin nahi estilo ezberdineko baina soinu bereko abestiak», azaldu du Ordoñezek. «Baten batek esango du arraroa dela diskoa».

Beasainek nabarmendu du ez diotela euren buruari mugarik jarri. Aitortu du taldeak baduela «estilo nabaria», Esne Beltza eta Joxe Ripiau-n ikusi dena, baina lan honetan «barrutik atera» zaiena egin dutela: «Ez dakit eklektikoa den edo mestizajea, baina diskoa gu garen bezalakoxea atera da».

Hainbat taldetan aritutakoak eta hainbat estilo landutakoak dira musikariak, baina, Ordoñezek azaldu duenez, horrek ez du elkarlana oztopatu. «Ez genion inori askatasunik kendu nahi. Horregatik, hasieran estilo nahasketa zaila izan zen, baina denborak aurrera egin ahala, denak egokitu gara».

Prozesuan «taldearen esentziari» eutsi diotela adierazi du abeslariak: «Izatekotan, esentzia berri bat sortu dugu». Ruben Mesquida baxu jotzailearen esanetan, «Patxuko Nice soinuan» arreta jartzea da esentziari eusteko gakoa, bakoitzaren estiloa ahaztu gabe. Hala ere, dena ez dela estilo nahasketa argitu du Mesquidak: «Baditugu antzeko gustuak; Patxukok eta nik, esaterako, oso gustuko dugu 1980ko hamarkadako popa, eta hori nabaritzen da diskoan».

Nolanahi ere, Patxuko Niceren azken lanaren «eklektikotasuna» ez da soilik taldekideen estiloen uztarketaren emaitza izan. Diskoan parte hartu duten artisten kolaborazioek ere izan dute eragina. Glaukomako Juantxo Arakama, Zea Mayseko Aiora Renteria eta Fabulosos Cadillacseko Sergio Rodman dira Patxuko Niceren kantetan euren alea jarri duten artistetako batzuk. Haien laguntza eskertu dute taldekideek, are gehiago jakinik haietako batzuk beren ohiko estilotik kanpo aritu direla: «Eskuzabaltasun horrek erakusten du zintzotasunez betetako diskoa dela». Ordoñezek gaineratu du estilo batuketa ez dela arazo izan. «Estiloek ez dute ardura; esentzia da garrantzitsua». Esentziak estiloen berezitasunak baztertzen dituela azaldu du. «Esentzia da elkartzen gaituena».

Gazteen pareko ilusioa

Beasainek azaldu duenez, «urte batzuk» pasatu dituzte musika munduan, baina kanta berriak egiteko ilusio berbera dute. Ordoñezek berdin iritzi dio: «16 urteko gazteak dirudigu». Musikariak helburu baten atzetik ibiltzen direla azaldu du, baina sarritan helburu hori lortzeak ez dituela «betetzen». Haatik, disko berriarekin «hasierako ilusioa» bueltatu zaiola adierazi du abeslariak. Ilusioa berritzeko «gauza bera egiteari» utzi behar zaiola azaldu du, nahiz eta horrek betiko jarraitzaileen «arbuioa» ekarri. «Nahi duzuna egitearen pozak hori guztia gainditzen du».

Ilusioak taldekideen artean jarraitzen duen erakusle, Ordoñezek aurreratu du dagoeneko euren proiektuaren laugarren eta azken zatian ari direla lanean. «Gustatuko litzaiguke bestelakoa izatea, eta bidaia honetan lagun izan ditugun guztiak elkartzea». Argitu du ez dagoela ziur zerk osatuko duen azken lan hori, baina «handia» izango dela.

Euren azalpenetan esandakoa musika bidez ere irudikatu dute aurkezpenean. Hiru kanta jo dituzte, Xake espazioan eskainitako saioan, diskoaren atariko modura, eta musikariak musika jo bitartean, diskoaren azala egin duen margolariak , Quim Moyak, koadro bat marraztu du. Estilo asko, parte hartzaile sorta bat, eta, halere, esentzia bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.