Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak

Esaten ausartu, eta asmatu

Alaia Martinek irabazi du Amurrioko saioa, eta, lehen itzulian lortutako puntuak batuta, 1.405,5 puntu ditu denera. Abenduaren 3an jakingo da zeintzuk arituko diren Txapelketa Nagusiko final handian

Enbeita kantuan; atzean, Artetxe, Iguaran, Laburu, Bizkarra eta Martin. O. M. E. / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Amurrio
2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Pentsatzekoa zen ausartu eta asmatuko zuela Alaia Martinek. Hala egin zuen. Eta nola egin, gainera. Kantatu bakarrik ez, esan egin zuen kantuz. Hala, ausart eta tinko eutsi zion atzoko saioan Amurrioko Bañueta kiroldegiari (Araba). Eskura du, beraz, final handirako txartela.

 



 

676 puntu eskuratuta nagusitu zen beste bost bertsolarien gainetik. Zehazki, bigarrenarengandik, Aitor Bizkarrarengandik, 24,5 puntura (651,5). Oihana Iguaranek egin zuen hirugarren, 632,5 punturekin, eta laugarren, berriz, Onintza Enbeitak (632,5). Agin Laburu izan zen azken-aurren, 624 puntu eskuratuta. Eta Miren Artetxek egin zuen azken, 595,5 punturekin. Abenduaren 3ra arte itxaron beharko dute atzoko sei bertsolariek, finalera zein pasatuko den jakiteko.

Hamarreko txikiko lanarekin hasi zuten saio puntuagarria. Artetxe eta Iguaran izan ziren ariketari ekiten aurrenekoak. Euren nagusiak paradisu fiskaletan dirua gordetzen duen enpresa bereko bi informatikari zirela jarri zien Beñat Vidal gai emaileak gaitzat. Iguaranek Artetxeri ordenagailua hackeatzea proposatu behar zion. Hala abiatu zuen bertsoaldia Artetxek: «Hara ta hona mugituz/ etekin aiduru/ ta nik jakin nahi dudan enago seguru/ ta zuk hackeatzea/ daukazu helburu/ gero zer egiteko/ aurkitzen badugu». Azken bertsoan aktibatu zuen nagusiaren ordenagailua trukatzeko plana Iguaranek: «Ni bila hasiko naiz/ zuk ez egin kasu/ harrapatzen banaute/ pantailei eman su/ ta nik hasitakoa/ zuk buka ezazu».

Zortziko handia izan zuten erantzun beharreko hurrengo ariketa. Martinen eta Bizkarraren bertsoaldiak utziko zituen, ziurrenean, alerik txalotuenak. Orain oso gutxi jazotako auzi baten aurrean jarri zituen bi bertsolariak gai emaileak: «Haur jaioberri baten gurasoak zarete. Epaileak ez du zuek ipini nahi diozuen izena onartzen, eta beste bat ipintzea erabaki du». Hain justu, gertatu berri den kasu horri egin zion keinu lehenengo bertsoan Bizkarrak: «Lehenago gure adarrak mozten/ jardun izan ziren trebe/ dagoeneko eztigute uzten/ haziak ereiten ere». Eta hau erantzun Martinek: «Ez zuen uste Hazia izena/ izen egokia zenik/ epaile horrek egindakoak/ niretzat ez du izenik». Hitz jokoen bidez ilustratu zuen Bizkarrak bere hurrengo bertsoa: «Hobeto gaude Milagros/ Suplicios horiek gordez/ euskal izenek gure bizitza/ betetzen dute kolorez/ nola edo hala lortu nahi dute/ bizi gaitezen dolorez». Txalo zaparrada jaso zuen bien artean ondutako bertso sortak.

Fin aritu zen zortziko txikiko ariketan ere atzoko irabazlea. Iguaranekin batera egokitu zitzaion ariketa horri eustea. Baita ondo eutsi ere. Gaiaren arabera, autoa aparkatzen ari zen Iguaran. Keinuka hasi zitzaion, ordea, Martin; laguntzeko asmoz. Iguaranek aurpegi txarra ipini zion arren, azkenean, Martinen argibideei kasu egin, eta kolpe bat jo zion atzeko autoari. Kolpearen ondotik, hurrengoa azaldu zion Martinek Iguarani bertsoz: «Bolantea helduta/ halako boterez/ haseran etzenuen/ nahikoa interes/ egin zaidazu kasu/ baina hainbeste ez». Umorez busti zuen Iguaranek hurrengo bertsoa josteko haria, eta hitz joko batekin adierazi zuen kendua duela lehenago eraman zuen hasiberriaren L ikurra: «Keinua egin dezu/ egoskor maldur han/ elea nahiz ta jantzi/ nuen lehen sekula/ orain jota daramat/ ta ez matrikulan». Publikoa barrez leherrarazi zuen Martinek botatako azken bertsoak: «Barka hola sartzea/ zure bizitzara/ ertzain jubilatuak/ holakoak gara».

Gozagarria izan zen Bizkarrak eta Enbeitak ondutako bertso sorta ere. Gaiak hala aginduta, egunean emandako pausoak kontatzen dituen aplikazioa instalatu duten lagun bi dira, eta, sakelakoan jarri zutenez geroztik, kalean oinez doazen bakoitzean, Enbeita telefonoari begira egon ohi da. Soa pantailatik altxa zezala eskatu zion lehen bertsoan Bizkarrak: «Baina pantaila horri egiozu uko/ begiratzeak eztu/ pausorik gehituko». Hala erantzun zion, ondotik, Enbeitak: «Nekea, deskantsua/ zaintzeko oreka/ markagailua eztut/ lehertu nahi eta».

Ganbara izan zuten egin beharreko hurrengo ariketa. Ondorengo gaiaren gainean kantatu behar izan zituzten hiruna bertso: «Gaur arte ez zara ausartu. Oraingoan erantzun egin duzu». Nahiko zabalik utzi zien atea gai emaileak, eurek aukera zezaten zein bide hartu. Argi utzi behar zuten, batetik, zer zen ordura arte egitera edo esatera ausartu ez ziren hori, eta zein izan zen euren erantzuna.

Martin izan zen puntu gehien bildu zituena ariketa horretan (153). Kafetegi batean kokatu zuen bere burua, bere haur txikiarekin. Titia ematen ari zitzaiola, ondokoak entzun zituen marmarka: «Oraindik ere titian/ oraindik ere katean/ ta hala erantzun diot/ defentsan, ez atakean/ bularra emango diot/ hala nahi dugun artean». Bigarren bertsoan, aldiz, aldameneko mahaiko bikoteak «minduenaren antzeko» alde egin duela kontatu zuen. «Azkenean ausartu naiz/ eztaukat hitzik jateko/ bestela ere andreok/ askotan gara kateko/ eta eztut deus entzun nahi/ aholkuak dauzkat lepo/ eskubiderik eztute/ iritzia emateko». Behin kafetegian haurrarekin bakarrik zegoela irudikatu zituen haurrari esandakoak: «Beraz, nere txiki polit/ zuk behar banauzu behar/ hartzazu lasai titia/ eta lasai egin negar/ ta nahi dugun erritmoan/ askatuko dugu elkar».

Bertso saio borobila eginda eskuratu zituen 676 puntuak Martinek, eta, Elizondokoak batuta, 1.405,5 puntu ditu poltsikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.