Esateko idazten dena aztertuko du Galeuscak gaur hasi eta igandera arte

Euskaraz, galizieraz eta katalanez lan egiten duten idazleen bilkura Donostian egingo da, KMn eta San Telmon

Erredakzioa
Donostia
2012ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Esateko idazten dena aztertuko dute, gaur hasi eta igandera bitartean, euskaraz, galizieraz eta katalanez idazten duten idazleek Galeusca bilkuraren barruan. Donostian, Koldo Mitxelena kulturunean eta San Telmo museoan, egingo dira Euskal Idazleen Elkarteak (EIE), Asociacion de Escritores en Lingua Galegak (AELG) eta Associacio d'Escriptors en Llengua Catalanak (AELC) urtero antolatzen duten topaketa.

Gaur, 19:30ean hasita, poesia eta musika emanaldia izango da KM Kulturunean. Zazpi poeta alén da fronteira Pamiela argitaletxearen liburuaren gaineko saioa egingo dute Xose Estevez, Jose Angel Irigarai eta Luis Rei idazleek eta Ruper Ordorika eta Arkaitz Miner musikariak.

Galeuscaren ekitaldi nagusiak bihar egingo dira San Telmo museoan. 10:15ean Esateko idazten dena: ahozkotasuna aztertuko dute Juan Kruz Igerabidek, Laia Martinez Lopezek eta Antonio Reigosak. Ondoren, 12:15ean, hedabideetarako idatzitako testuez jardungo dute Rafa Xambo i Olmosek, Xurxo Manuel Soutok eta Arantxa Iturbek, eta azkenik, arte eszenikoetarako idatziez hitz egingo dute Vanesa Sotelok, Aizpea Goenagak eta Lluis Arcarazok. Moderatzaile lanak Ana Urkizak egingo ditu. Saio hori 16:30ean hasiko da.

Arratsaldean, 18:30ean, berriz, ipuin kontaketa saioa egingo dute San Telmon bertan Joxemari Carrerek, Cristina Mirindak eta Carles Garcia Dominguezek, euskaraz, galizieraz eta katalanez hurrenez hurren.

Igandean Galeusca Federazioaren batzar orokorra egingo dute hiru hizkuntzetako idazleek. Galeusca bilkura 1984an hasi ziren egiten, bainaduela hiru urte Galeusca Federazioa osatu zuten hiru elkarteek, komunean dituzten interesen alde egiteko asmoarekin eta batik bat administrazioekiko harremanetan jarrera bateratuak eta adostuak izateko helburuarekin. Federazioaren lehendakaritza urtez urte berritzen da eta 2012an EIEri dagokio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.