Dena prest dago datorren larunbatean Bizkaiko Bertsolarien Txapelketaren finala jokatzeko. 17:00etatik aurrera, zortzi bertsolari —Beñat Ugartetxea, Etxahun Lekue, Ibon Ajuriagojeaskoa, Jone Uria, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia— elkarrekin lehian arituko dira Miribillako Bilbo Arena aretoan (Bilbo), txapela nork eskuratuko.
Esanguraz beteriko txapelketa eta finala izango dira aurtengoak. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakari Asier Ibaibarriagak esan duenez, «txapelketa Bizkaiko bertsolaritzaren erakusleiho da, eta finala, urtebeteko lan handiaren emaitza». Eta aurten erakusleiho horrek agerian uzten duena da Bizkaiko bertsolaritzaren sasoia, gaztetasuna —finalera iritsitako bertsolari guztiak 40 urtetik beherakoak dira—, belaunaldi aldaketa eta berriztatzeko gaitasuna —aurten irabazle irtengo duenak lehenengo aldiz jantziko du txapela, txapeldun izandakorik ez baitago finalisten artean—.
Finalera iritsitako bertsolarietako batek, Miren Amurizak, laburbildu du gainerakoek ere pentsatzen dutena: «Bizkaian belaunaldi aldaketa ikusten ari da; plazetan aspalditik nabaritu dugu, eta aurten finalean ere inoiz baino nabariagoa da. Argazki horren parte izatea pozgarria da».
Lau gizonezko eta lau emakumezko arituko dira finalean, duela lau urte bezala, eta hori ere positibotzat jo dute finalistek.
Amurizari gorazarre
Irabazleari txapela janzteko eginkizuna Xabier Amurizari egokitu izana ere bada esanguraz beteriko keinua eta aurtengo txapelketaren berezitasunaren adierazgarri. Aurten jende aurreko emanaldietatik erretiratzea erabaki du Amurizak, eta Bizkaiko txapeldun berriari txapela janztea ibilbide luze eta emankor bati akabera emateko modu ederra izango da.
«Bertso munduko erreferente handia, txapeldun izandakoa, isileko behar mordoa egindakoa». Halaxe definitu du Ibaibarriagak Amuriza. Bertsolaritzara «iraultza» ekarri zuela eta «bertsolaritza modernoak izan duen figurarik nabarmenenetako bat» izan dela gogorarazi du, baina ez du ahaztu, jende aurrean eta agertokiaren gainean egindako lanez gain, bestelako beharretan ere buru-belarri aritu izan dela Amuriza, bertsolaritzaren ikerkuntzan, esaterako.
Amurizarentzat ere esangura berezia izango du larunbateko finalak: «Niretzat aurtengoa bertsolaritzatik erretiro urtea izan da, eta horren erremate ezin biribilago eta hunkigarriagoa da aurtengo txapeldun berriari txapela janztea. Norberak janztea gauza ederra da, baina inori janztea ere bada ederra. Nire bertso ibilbidearen amaiera biribila izango da», esan du.
Finalera iritsitako zortzi bertsolarientzat ere adore emateko berbak izan ditu Amurizak. Eta aholkua ere: «Trantze horretatik pasatuta nago, eta ezin diet esan egoteko lasai. Lasai ez da egon behar, tentsioan egon behar da».
Irabazten duenak irabazten duela ere, Amurizarentzat «ohore handia» izango da hari txapela janztea, azaldu duenez. Eta ez du zalantza izpirik ere agertu: «Ziur nago zapatukoa egun ederra izango dena».
Sasoiz iristeko aholkua
Saioa 17:00etan hasiko da, baina Bilbo Arenako ateak 15:30ean zabalduko dituzte. Antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko eta aretora sasoiz iristeko gomendioa egin dute, jendetza espero delako larunbatean Miribillan. Ostiralera arte sarrerak salgai egongo dira Bizkaiko Bertsozale Elkarteak horretarako atonduriko webgunean, eta larunbatean ere eskuragarri egongo dira Bilbo Arenako txarteldegietan, 14:00etatik aurrera.
Amaia Ugalde eta Maite Berriozabal arituko dira gai-jartzaile larunbateko finalean. Epaileak, berriz, Ander Txakartegi, Joseba Santxo, Jurgi Fuentes, Leire Etxebarria, Mirari Azula eta Miriam Juaristi izango dira.
Lehenbizi, finalera iritsitako zortzi bertsolariak arituko dira, zortziko nagusian, zortziko txikian, hamarreko txikian eta bakarkako lanean, puntua emanda zein gaia emanda. Puntu gehien lortzen duten bi bertsolariak pasatuko dira bigarren atalera.
Bigarren atal horretan zortziko txikian, seiko motzean eta kartzelako lanean arituko dira bi finalistak. Lehenengo eta bigarren ataletako puntuazioak batuta puntu gehien lortzen duenak jantziko du txapela. Saioa amaitutakoan, hedabideen aurrean azalduko dira zortzi finalistak.
Larunbateko finalarekin akabera emango zaio joan den apirilean hasitako prozesu luzeari. Udaberriko fase hartan 56 bertsolarik parte hartu zuten, eta bederatzi saio jokatu ziren. Fase horretatik 25 bertsolari sailkatu ziren, eta haiek eta finalera inoiz iritsitako beste bost bertsolarik udagoieneko kanporaketak jokatu zituzten, bost orotara.
Azkenik, finalaurrekoak iritsi ziren. Hiru jokatu dira, eta 18 bertsolarik parte hartu dute: kanporaketetako fasetik sailkatutako hamahiruk, eta 2014ko txapelketan finalista izandako bostek. Hortik atera dira larunbatean lehiatuko diren zortzi finalistak.
Esanguraz beteriko txapelketa
Larunbatean jokatuko da, Bilbon, Bizkaiko Bertsolarien Txapelketako finala. Irabazleari txapela jantzi ahal izatea «bertso ibilbidearen amaiera borobila» izango da Xabier Amurizarentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu