Zahartze ona izan du PiLT taldearen musikak, Rafa Rueda (Mungia, Bizkaia, 1972) gitarrista eta abeslariaren arabera. Gauza bera iradokitzen du taldearen itzulerak eragindako oihartzunak. Urtarrilean iragarri zuen taldeak hainbat emanalditarako itzuliko zela, hamarkada pasatxoko geldialdiaren ondoren. Bost kontzertu emango dituzte, eta horietako bi jada egin dituzte: Bilbon eta Iruñean. Gaur, Tolosako (Gipuzkoa) Bonberenean izango dira, eta bihar, Gasteizko Jimmy Jazzen.
Bilboko Kafe Antzokian oholtzaratu zineten berriz. Nolakoa izan zen?
Ederra izan zen: ahaztezina. Jendea hasieratik gure alde izan genuen. Hasierako urduritasuna pasatuta, disfrutatzen saiatu ginen, eta, egia esan, oso gau ederra pasatu genuen.
Mungian egingo den Ibilaldia izan al da itzultzeko arrazoia, ala lehenagotik ere harra barruan zenuten?
Harra beti egon da hor. Elkartzen ginen bakoitzean ateratzen zen itzultzearen kontua. Ibilaldiaren antolaketan zebilen batek komentatu zidan ea zergatik ez genuen zerbait berezia egingo, Mungian egin zen azken Ibilaldian abestia egin genuenez gero. Horrela hasi zen. Azkenean, kontzertuek ez dute zerikusirik Ibilaldiarekin, baina proposamen hori izan zen akuilua.
Zenbateraino izan da zuek betetzeko, eta zenbateraino publikoaren eskaerarengatik?
Bietatik egon da. Guztiok ditugu gure saltsak, PiLT-tik kanpo. Berriz batze honek, gure proiektuetarako ere, haize freskoa ekarri du. Nik uste dut, alde horretatik, ondo etorri zaigula, eta bagenuela beharra aspaldiko kontuak berriz bizitzekoa. Bestalde, azken 3-4 urteetan jende askok komentatu digu itzultzearena. Bai publikoaren eskaria, eta bai gure barruko harra betetzeko balio izan du.
Zu izango zara, taldekideen artean, PiLTren soinutik gehien aldendu dena. Kosta zaizu rock pisutsu eta atmosferiko horretara bueltatzea?
PiLT oso talde eklektikoa izan da beti. Rockean eta metalean kokatu izan gaituzte normalean, baina pop ukituak ere izan ditu, lehen diskotik azkeneraino. Nik arlo hori jorratu dut nire bakarkako ibilbidean. Hasieran, jendeari arraroa egin zitzaion salto hori ematea. Alde horretatik, nik askotan esan izan dut musika modu orokor batean ulertzen dudala. Erritmoa, melodia eta harmonia dira niretzat garrantzitsuak; estiloak ez ditut hainbeste desberdintzen. PiLTren proposamenean ere, bakarka lantzen dudan hori ikusten dut, eta, egia esan, oso natural sentitzen naiz horretan.
Itzulerak aldaketa nabarmen bat ere ekarri du taldera; boskote moduan ariko zarete. Zer moduz egokitu zarete formazio berri horretara?
Itzulera, izatekotan, taldean izandako boston zerbait izango zela argi genuen. Kantuak moldatzea eskatzen zuen horrek, eta ez da erraza izan, besteak beste, gitarrista batek jotzeko eginak baitira moldaketak. Lana erraztu digu bai Txarlyk eta bai Davidek gitarra eta baxua jo ahal izateak. Horrek ahalbidetu digu kantuei beste plus bat ematea, aurretik zuten indarra galdu gabe. Musikan, gazteleraz esaten den «gutxiago gehiago da» premisa oso ondo betetzen da. Normalean, kargatzeagatik, kantuek ez dute ezer irabazten. Kontu handiz ibili behar da, baina uste dut guk asmatu dugula.
Zuen itzulerak eragindako ikusminak balio izan dizue konturatzeko zenbaterainoko arrastoa utzi zenuten euskal publikoaren artean?
Ez genuen espero horrelako erantzunik jendearen aldetik. Inoiz ez gara izan sarrerak amaitzen dituen talde bat. Uste dut hori lehen aldiz gertatu zaigula orain. Hamabi urte igarota, uste dut jendeak taldea hobeto ulertzeko eta gure lanetan sakontzeko denbora izan duela. Esango nuke denborak on egin diola gure proposamenari, eta bere garaian hain zaleak ez diren batzuk ere zaletu direla.
Hil da Jainkoa abestiarengatik ezagutzen zaituztete askok. Taldea abesti bakar batekin lotzea zama moduan bizi al duzue?
Kontrakoa esango nuke; abesti horrek ateak zabaldu zizkigun; batez ere, estatu mailan. Espainian jotzeko aukera izan badugu, kantu horri esker izan da. Gainera, jende askorentzat izan da gure beste diskoetan sakontzeko amua.
Izkander Fernandezek Badok-en egindako elkarrizketa batean esan zenuen talde klasikoak itzultzea ez dela sintoma ona. Proposamen interesgarririk ez dagoelako gertatzen al da?
Proposamen interesgarrien falta bainoago, publikoak proposamen horiek asimilatzeko duen zailtasuna da arazoa. Nik uste dut entzuleari, askotan, kostatu egiten zaiola proposamen interesgarriak bere momentuan eta behar den moduan harrapatzea. Guri ere hori gertatu zaigu, hein handi batean. Hamabi urteren ondoren ohartu gara uste baino arrasto handiagoa utzi genuela euskal musikaren panoraman. Entzuleak batzuetan denbora behar du, eta ziur nago badaudela hainbat proposamen interesgarri, gaur egun, publikoaren aldetik behar adinako arretarik ez dutenak. Proposamen berrietan talde klasikoen itzuleran baino arreta handiagoa jartzea gustatuko litzaidake.
PiLT taldeak beti izan du bide berriak jorratzeko joera, disko berri bakoitzean. Orain, duela hamarkada pasatxoko abesti berberak jotzea nola daramazue?
Atzera begira jartzea tokatu zaigu orain, inoiz baino gehiago. Errepertorioa aukeratzerakoan eta entseguak egiterakoan, atzean utzitako gauza bat berrartzearen kontu hori buruan izan dugu, baina, gure sorpresarako, berehala konturatu ginen kantuak bizirik zeudela, eta ez garela ari nolabaiteko revival bat egiten. Guztioi gertatu izan zaigu aspaldi sortutako gauza bati denbora pasatu ondoren berriz heldu eta konturatzea denboraren joana ez duela ondo jasan. Abestiekin kontrakoa sentitu dugu. Ez dugu izan aspaldiko kontu bat berreskuratzearen sentsazioa. Horrek gaurkotasuna eman dio gure proposamenari, eta pizgarri bat izan da guretzat; zerbait berria eskaintzen aritzearen sentsazio polit hori izan dugu.
Itzulera puntuala iragarri duzue, baina ez duzue baztertu aurrerago berriz elkartzea.
Bere sasoian ere ez genuen taldearen desegitea iragarri, ez ginelako desegin. Momentu batean gorputzak ez zigun eskatu jarraitzea, eta albo batera utzi genuen. Nik uste dut orain ere gauza bera egingo dugula. Argi dago, denborak aurrera egin ahala, zailagoa dela berriro bueltatzea, baina ez dugu aukera hori baztertzeko beharrik ikusi. Bakoitzak ekingo dio bere proiektuari, eta inoiz gogoa bagenu, prest egongo ginateke berriz batzeko.
Rafa Rueda. PiLT taldeko gitarrista eta abeslaria
«Esango nuke on egin diola denborak gure proposamenari»
Rock eta metal pisutsu nahiz beste hainbat estiloren uztarketak egin zuen berezi PiLT taldea 1990eko hamarkadan. Bost kontzertu emateko itzuli dira; gaur, Tolosan ariko dira, eta bihar, Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu