«Nola ez dut ospatuko jakizue ez da txantxa/ txapelarekin egin dut gaur Jimmy Jazzean dantza». Peru Abarrategi Sarrionandiak (Aramaio, Araba, 1997) argi utzi zuen larunbatean, kartzelako lanean, bertsotan ez ezik iragarle gisa ere abila dela. Arabako Bertsolari Txapelketako finalean, Gasteizko Europa jauregian, Manex Agirrerekin buruz burukoan oraindik lehian ari zela aurreratu zuen ospakizuneko argazkia zein izango zuen. Irabaziko zuen lehen aldiarena. Bigarren finala zuen, eta aurreneko aldiz jantzi du txapela. «Ez dut asimilatzeko tarterik izan. Pare bat egun barru, jendea nitaz ahazten denean, orduan egingo dudala uste dut».
Gasteizen egin du hitzordua BERRIArekin, astelehen eguerdian, bertso eskolako klaseak amaitu berritan. Txalo artean hartu zuten txapelduna Toki Eder ikastolako ikasle eta irakasleek. «Omenaldi moduko bat egin didate: bertso bat abestu didate, eta nik haiei beste bat abestu diet. Oso polita izan da, hunkigarria».
Nola dantzatzen da Peru Abarrategi txapela jantzita?
Uste dut dantza egiten ez naizela oso abila. Eta, gainera, saioa amaitu eta berehala bidali nuen txapela Aramaiora, ez nintzelako neure buruarekin asko fidatzen. Baina, bai, anekdota askotarako eman zuen horrek larunbat gauean. Beraz, bai, txapel barik, baina ederki ospatu genuen.
Kartzelako laneko bertsoan ere esan zenuen saio txukuna egin zenuela. Benetan uste horrekin geratu zinen?
Uste dut geure buruarekin zorrotzegiak ere ez dugula izan behar. Nik esango nuke saioa hasi eta bukatu oso ondo egin nuela. Egia da tartean igual izan zirela irristada batzuk, baina beste egun batzuetan igual bekatu hori egitean urduriago jartzen naizen moduan, esango nuke zapatuan jakin nuela akats horiek disimulatzen.
Finalaren aurkezpenean adierazi zenuen guztiei aurre egiteko kapaz zinela. Zein aldarterekin joan zinen saiora?
Gero damutu nintzen adiera hori erabili izanaz. Esan nahi nuena zera zen: ni kapaz baldin banintzen nire bertsokera onena ateratzeko eta finalean gozatzeko, txapelaren lehian aritzeko aukerak izango nituela. Eta aurreko faseetan ere ikusi zen hori. Bertsolari oso onak nituen alboan, niretzat erreferente eta irakasle izan direnak asko, eta egia da koska bat gorago ikusi ditudala beti. Baina aitak ere esaten zidan koska hori gero eta txikiagoa zela, eta gozatzeko gai baldin banintzen hor egongo nintzela. Finala amaitutakoan ere Manexek [Agirrek] esan zidan baikor ikusten ninduela saioaren hasieran. Eta uste dut zapatuan asmatu nuela urduritasuna kontrolatzen.
Presiorik gabe, ausart aritu izana nabarmendu dute denek.
Lagun batek esan zidan kikilduta kantatuz gero ezinezkoa dela txapela irabaztea, baina ausardia puntu batekin eginez gero aukerak egoten direla. Hori azpimarratu didate askok: txapela lortzearen gakoetako bat ausart aritu izana izan zela. Asmatu dute.
Bigarren finala zenuen: ofiziotan eroso aritu zinen, eta bakarkakoan, aske. Konfiantza zenuen zeure buruarengan?
Esango nuke txapelketa osoan bakarka aritu naizela gusturen. Eta finalean ere, uste dut lanik onenak bakarkakoetan egin nituela. 2019an finalera iristea bakarrik sekulakoa izan zen; orduan ez nuen ezerekin amesten. Orain, berriz, esperientzia hori eduki izanak lagundu didala uste dut, onerako zein txarrerako.
Nolako txapelketa izan da?
Bi alde ezberdinduko nituzke: final-zortzirenak eta finalerdiak oso onak izan ziren, baina final-laurdenetan asko sufritu nuen. Lotuta abestu nuen, estu, eta deseroso aritu nintzen, ezin gozatu. Baina hortik aurrera txipa aldatzea erabaki nuen. «Sufritzeko ez naiz oholtzara igoko», esan nion neure buruari. Sufritu ere egiten da saioetan, noski, baina ikasi behar da tamaina hartzen.
Seikote moduan nola moldatu zineten?
Jendeak ezin du imajinatu zein harreman dagoen oholtza gainean gauden seion artean. Sei bertsolaritik lau herrikideak ginen, bertso eskola bereko kideak, lagunak... Oihane [Perea] lagun eta lankide ere badut, eta Iñakirekin [Viñaspre] beti izan dut harreman estua. Beraz, konplizitate handia daukagu elkarren artean, eta horrek giroan asko eragiten du. Oso giro ona egon zen.
Buruzko burukoan Manex Agirrerekin lehiatu zinen. Sorpresa izan zen zuretzat?
Nik banekien orokorrean saio txukuna egiten nenbilela, baina bertso kideek atsedenaldian esan zidaten tentsioari eusteko, ez nintzela oso urrun egongo eta. Eta hala egiten saiatu nintzen. Nire izena entzun nuenean, zoramena izan zen, ordea. Gainera, Manexekin... Manex igaro da nire erreferente eta irakasle izatetik lagun mina eta bertso kidea izatera. Harreman estua daukagu, eta plazer bat izan zen berarekin lehiatzea.
Manexek bi txapel ditu; esperientzia handiko bertsolaria da.
Ez nuen halakorik pentsatu ere egin. Bi txapel ditu, baina sei bertso kantatu behar dira. Guk ez genekien, baina momentu hartan bi punturen aldea zegoen elkarren artean bakarrik. Hutsetik hastea bezala da hori ia-ia. Errespetutik abestu behar da beti, baina galtzeko ezer ez duzula ere kontuan izanda.
Bertsolari guztietan gazteena zinen. Zer esan nahi du horrek zuretzat?
2019ko finalean 19 urte nituen, eta orduan ez nintzen gazteena. Aroa [Arrizubieta] zen; aurten kanpoan izan da, eta ez du parte hartu. Seguru itzultzean gerra emango duela. Baina, ez diot garrantzirik eman horri; bat gehiago nintzen oholtza gaineko seikote eder horretan.
Oihane Pereak iragarri du txapelketak utziko dituela, atzetik datozenei lekua uzteko.
Objektiboki baloratuta, uste dut osasuntsu dagoela Arabako bertsolaritza. Gazteak indartsu datoz: ez bakarrik txapelketara aurkezteko adina dutenak; 14-15 urte bitarteko maila horretan ere altxor ederrak daude. Bakoitzak bere bidea egin beharko du, lasai eta pausoz pauso. Baina uste dut etorkizuna nahiko bermatuta daukagula, eta gauza handia da hori esatea. Seguru nago izen berriak agertuko direla.
Eta Oihaneri esan diot zirikatuko dudala. Pentsatzen dut Arabako bertsolaritzak behar duela oraindik Oihane Perea. Hala ere, erabakia berea da, eta errespetatuko dugu. Bere arrazoiak ere izango ditu ziur-eta.
Izen berri horietako batzuk baliteke Aramaiotik agertzea: larunbatean sei finalistetatik lau zineten bertakoak. Horrek ere esan nahi du zerbait Aramaioko bertso eskolari buruz, ezta?
Zalantzarik gabe: bertso eskola horretako kide izatea pribilegioa da. Kide asko dituen bertso eskola da, eta jendea dago hor bertsoa gustuko duelako, zaletasun handia duelako. Mimoz prestatu genuen txapelketa denok elkarrekin, eta uste dut horren emaitza ere izan dela txapela. Zazpi bertsolarik hartu dugu parte guztira txapelketan eta lau heldu gara finalera: ez dut uste kasualitatea denik. Paulak [Amilburuk] lehenengo finala zuen aurten, esaterako, eta Martin anaiak ez du parte hartu, kanpoan izan delako ikasten, baina uste dut asko duela emateko hark ere. Danel Herrartek ere Euskal Herriko eskolarteko finala jokatuko du aurki.
Martin anaiak iaz binakako txapela irabazi zuen, Manex Agirrerekin batera; zuk aurten bakarkakoa. Hirugarren anaia ere ba omen dator zuei segika. Nola bizi duzue bertsolaritza zuen etxean?
Egia esateko, ez dakit nondik datorkigun bertsoarekiko zaletasuna. Gurasoak zaleak dira, bai, baina ez nuke esango sekulako grinarik izan dutenik inoiz. Agian bai, zer dakit nik; ea orain haserretu behar zaizkidan hori esateagatik. Familian, lehengusuak ere baditugu bertsolariak, oso maila handia dutenak, baina ez dakit. 10 bat urterekin hasiko ginen, hiruroi gustatu zitzaigun eta jarraitzen dugu. Bertsoak egun berezi asko eskaini dizkigu, eta pentsatzen dut bere lekua baduela dagoeneko familian. Jarrai dezala urte askoan zaletasunak; gozatzen ari garen seinale izango da.
Aramaioko zale asko izan ziren larunbatean Europako finalean. Babes faltarik ez zenuten izan.
Ikaragarria izan zen. Herriak 1.500 biztanle baditu, erdiak edo izango ziren bertan. Eta bertaratzerik izan ez zutenak telebistatik jarraitu zuten finala. Eskertzekoa da benetan babes hori. Saioaren amaieran ere herrikideen zorion mezu pila bat jaso nituen, eta ez dakit nola eskertu ere.
Zein esan nahi du txapelak zuretzat? Zure bertso ibilbidean zein esanahi izatea nahiko zenuke?
Egia esan, ez dut oraindik asimilatu. Agian, egun batzuk igarotakoan, elkarrizketa guztiak amaitu eta jendea nitaz ahazten denean, orduan izango dut aukera. Txapela amets bat zen, eta ametsa 24 urterekin betetzea zoramena da. Hala ere, esanahi berezi-berezirik ez dauka. Pribilegio bat da Arabako txapeldun izatea. Garai ona da, gainera, gaztea naizelako eta orain dena bete-betean disfrutatzen dudalako. Baina badakit ardura puntu bat ere baduela, eta orain igual lehen baino foku gehiago egongo direla niri begira. Saiatuko naiz hori ongi kudeatzen, eskatzen duen tamainako garrantzia ematen, eta behar den lekuan dagokion defentsa txukun bat egiten. Estimu handian daukat Arabako bertsolaritza, eta ahaleginduko naiz ongi ordezkatzen. Modu berezian biziko dut txapela, hori seguru.
Arabari eta euskarari eskaini zenion txapela. Zergatik?
Ez dut uste biktima papera ere ona denik, baina Arabako bertsolaritzak egur apur bat jaso izan du azken urteetan, maila dela, euskara dela... Fokuak beste leku batzuetan egoten dira gehienetan, eta guk ere badugu gure mimo eta aitortza beharra batzuetan. Hori aldarrikatu nahi nuen. Nik oso modu berezian bizi dut Arabako bertsolaritza, eta gustatuko litzaidake errespetuz eta miresmen apur batekin begiratzea gure lanari ere. Askotan aritu gara konplexuetatik kantuan, eta nahiko nuke hori behingoz albo batera uztea.
Bertso eskolak ematen aritzen zara ikastetxeetan, hain zuzen.
Arabako askotariko errealitateak ezagutzeko aukera izan dut aurten, eta asko gozatu dut. Saiatzen gara bertsoaren bitartez euskara ikasgelatara modu ludiko batean eramaten, eta pentsatzen dut emaitzak ere onak izaten ari direla: ari dira gazteak bertso eskoletara hurbiltzen, eskola gehiago sortzen, eta euskara ere ari da bidea egiten. Nik jarraituko dut nire alea jartzen.
Euskal Herriko txapelketa nagusian abesteko aukera eskuratu duzu.
Gauza ederra izango da. Baina denbora beharko dut hori ere barneratzeko. Txapelketa hau bukatzeko beharra nuen, luze ere egiten delako, eta tarte bat beharko dut orain prestatzen hasteko. Saiatuko naiz Arabako bertsolaritza maila onean uzten, eta nire onena ematen. Hala egiten badut, uste dut freskotasun bat eman diezaiokedala txapelketari. Ea gozatzerik dudan.
Arabako Bertsolari Txapelketa. Peru Abarrategi Sarrionandia txapelduna
«Esan zidaten kikilduta kantatuz gero ezinezkoa zela txapela irabaztea»
Oraindik lortutakoari neurria hartu ezinik badabil ere, Abarrategi pozik dago larunbateko saioan egindako lanarekin. Ausart eta presiorik gabe kantatu zuen finalean, eta horri esker gailendu zen azkenean. Ametsa bete duela aitortu du: «Zoramena da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu