Esan ezin dena esatearen kaltea

Gaur egun ere zentsura indarrean dela salatu dute Bilbon Fermin Muguruza eta Dolores Vazquez musikariek

Dolores Vazquez, Roberto Moso (gidaria) eta Fermin Muguruza musikariak atzo Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Ez guztiz baikor, ez erabat ezkor. Zentsurari buruzko diagnosi bateratua eskaini zuten, herenegun, Bilbon, Dolores Vazquez Vulpess taldeko sortzaileak eta Fermin Muguruza musikariak. Bi urratsetan. Vazquezek eman zuen aurreneko kolpea: «Zentsurak lehen bezala funtzionatzen du orain ere, baina nagusiki Interneti esker, orain kontrazentsurarako eskubidea lortu dugu». Eta Muguruzak bigarrena: «Zentsura lehengo berbera da, baina orain badugu zentsuratutakoaren bertsioa jasotzeko aukera». Zentsura At jaialdiaren barruan izan ziren bi sortzaileak hizketan, BBK aretoan. Eta, hain zuzen ere, esan ezin dena esateari buruz aritu ziren. Ezagutua dute zentsura bi sortzaileek, eta harekin izandako enkontruez mintzatu ziren.

Ezaguna du Muguruzak zentsura. Eta ezaguna da Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibilaren teniente koronelak Negu Gorriak taldeari jarritako kereilaren kasua. Ustelkeria abestian bere ohore eskubidea urratzen zela eta, zortzi urte eman zituen kontuak epaitegian, 2001ean bertan behera utzi zuten arte. Kaltea eragina zuen ordurako, ordea. Hamaika aldiz boikotatu dute geroztik Muguruza. Debekuak. Mehatxuak. Irainak. Eta orain ere antzera. Iaz hasitako biran, adibidez, kontzertu asko bertan behera geratu zitzaizkiola salatu zuen. «Niri edo Soziedad Alkoholikari, adibidez, ezinezkoa zaigu Madrilen jotzea». Eta aipatu zituen mehatxuek sortzen duten beldurra, eta irainek egiten duten mina, eta baita galera ekonomikoak ere.

Barrez ere jarri zituen entzuleak, halere. Hedabideen presioaz aritu zen tarte batez, eta bi adibide jarri zituen. 2003an La Verdad de Murcia egunkarian Muguruzak eskaini behar zuen kontzertu bati buruzkoa zen bat, eta aurtengo bati buruzkoa bigarrena. Hitzez hitz leitu zuen lehena. «Kortatuko kideak drogen ondorioz hil ez balira, Guardia Zibilen aurrean hilko ziren». Berak ere barre egin zuen jendearekin. Eta jarraitu zuen: «Soziedad Alkoholikaren modura delinkuentziatik gertu dabilen herrestatutako zorritsu sorta dira». Baina serio eman zuen azken kolpea: «Broma dirudi, ezta? Bada, kontzertua bertan behera gelditu zen». Eta antzekoa zen aurtengo adibidea ere.

Etxeko zentsura

1983an ezagutu zuten zentsura Vulpesseko kideek. Artean 17 eta 21 urte baino ez zituztenean. Telebistan musika programa batean azaldu, eta sekulakoa izan zuten «Me gusta ser una zorra (Gustatzen zait puta bat izatea) zioen abestiaren kontura. Eskandalua hedabideetan, eta zigorra auzitegietan. «Hiru urtez joan behar izan nuen astero epaitegira, eskandalu publikoa egotzi zidatelako». Eta berriz ere mehatxuak, irainak eta kolpeak Vazquezen kontakizunean.

Baina bi ahokoak dira zentsuraren guraizeak. Hori iradoki zuen Vazquezek: «Euskal Herriak abandonatu egin gintuela sentitu genuen». Eta sakondu zuen kexua. Azaldu zuenez, zenbait urtez giro abertzaleetan ez zituzten begi onez ikusten haien itxura eta jarrera. Ostikoka ere bota zituzten herriko tabernatik inoiz, larruzko jakak zeramatzatelako. «Ostiak jasotzen genituen alde batetik, ostiak bestetik. Ez genekien non kokatu ere». Baina bazen gehiago. «Kontu politikoari aurre egiteaz gainera, matxismoa ere gainean genuen». Eta hor ere abandonatu samar. «Feministek gorroto gintuzten». Zergatik? «Gogoan dut aldizkari feminista batean egin ziguten elkarrizketa batean puta batzuk ginela esan zutela generamatzan arropengatik. Gona motzak eta takoiak ez zituzten ongi ikusten».

Muguruzak ere baietz. «Gu ta gutarrak leloak indar handia zuen orduan. Kontuz zaintzen zen nor ziren gutarrak eta nor ez». Baina puntu baikor bat gero. «Gu heldu ginenean, gurean zabalagoa zen esparrua, eta hori izan zen aurretik Vulpess, RIP eta besteek egin zuten lanari esker».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.