KRITIKA. Literatura

Esan eta izan

'Dolu-egunerokoa' liburuaren azala.
2025eko apirilaren 20a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'DOLU-EGUNEROKOA'

Idazlea: Roland Barthes. Itzultzailea: Danele Sarriugarte Mochales. Argitaletxea: Katakrak.

Barthesek berak idatzia zuen, 1979ko Ça prend izeneko artikuluan, amaren heriotza izan zela Denbora galduaren bila obraren arrazoi abiarazlea. Alabaina, ama hil eta lau urtera ekin zion Proustek hura idazteari. Alegia, dolua bere horretan ez dela idazketarako akuilu, dolua liseritu beharra dagoela —haren inguruan hausnartu, nork bere burua munduan berriro ere kokatu—, baldin eta hustualdi hutsez paperera eraman nahi ez bada. Zer egin doluarekin? Hori da Dolu-egunerokoa-ren gai nagusietako bat, Roland Barthes kritikari handiak 1977ko urriaren 26tik 1979ko irailaren 15era idatzia.

Barthesen ibilbideko obsesio handietako bat izan zen Marcel Prousten obra. Liburu honetan ere entseatzen da À la recherche du temps perdu-ko egilearekin elkarrizketa intimoa osatzen. Amaren presentziak batzen ditu biak. Orobat biek partekatzen dute literaturaren ikuspegi funtsezko bat. Literatura bizigarria da, bizitzaren emozioak galbahetzeko eta horiek modu egokian bizi ahal izateko ezinbestekoa. Samina hitzetan jartzea, edo bestela esanda, hura esatea, hura pairagarri egiten laguntzen du. Mina integratzeko aukera ematen dio idazketak Barthesi. Literatura «nobleziaren eskualde bakarra» den neurrian, hots, amarengandik —bere purutasun eta benetakotasunetik— gertu egoteko modu bakarra, horri eustea baino ez zaio geratzen. Hura du doluari gain hartzeko modua: «Argi dago gaizki egongo naizela harik eta, beragandik abiatuta, zerbait idazten ez dudan arte».

Sarrera laburrez osatuta dago egunerokoa. Esaldi bakar batekoak ere badaude. Halere, harrigarria da Barthesen zolitasuna sentipenez jardutean, nola gai den bere buruaren gorabeherei antzemateko. Aditasun zorrotza antzematen da sarreretan. Doluaren gaineko esplorazioa ere badago, jakina. Ez kanpotik eta hoztasun zorrotzez egindakoa, minaren barrunbeetatik baizik. Zentzuzkoa eta burutsua da, haatik. Gaitasun analitiko izugarria erakusten du horretan autoreak. Hortxe daude, hausnarketa suspertzaile ugariren artean, doluaren izaera denborazkoaren ukatzea, amaren bizimodua imitatzeko beharra, amak bere obran izandako garrantziaren aitorpena... Azken hori litzateke interesgarrietako bat. Esan nahi baita, bizitzaren eta obraren arteko harreman gatazkatsua, beti lausoa eta gutxitan argia, baina autorearen heriotzak heriotza —esanguratsua da, hain zuzen, Barthesek esatea hori—, oihartzun gisa ageri dena. Kritikariaren hitzetan, «Ontasun goren baten nahian» islatzen da bere liburuetan amak utzitako ondarea.

Liburuan beste hainbat gai kitzikagarri ere badaude. Esaterako, nola aurre egin heriotzari ikuspuntu ateo batetik? 1979ko irailaren 1eko sarrerak dakar gatazka hori, amaren Ahurtiko hilerriko hilobiaren aurrean Barthes, zer egin ez dakiela. «Otoitz? Zer esan nahi du horrek? [...] Barnekotasun-jarrera batean jartzearen zirriborro iheskorra besterik ez». Hainbatetan errepikatzen duen antzera, bere hilkortasunaren kontzientzia eragin zion amaren heriotzak. Egunerokoa bukatu eta urtebete eskasera hil zen. Esanez egin zuen bizitza bizigarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.