Esan eta galdetu beharrekoak

Egungo gizarteari kritika egiteko baliatu du Eratu talde gasteiztarrak 'Ispilu iluna' disko berria

Eratu taldeko kideak, Ispilu iluna diskoarekin. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
2013ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Kritika soziala egin nahi izan du Eratu taldeak Ispilu iluna (Mauka) bigarren lanarekin. «Ez dugu mezu negatibo bat zabaldu nahi izan, baina barruan ditugun hainbat kezka eta kexa plazaratu nahi ditugu lan honen bidez, iruditzen zaigulako mila bider errepikatuta ere hainbat gauza esan egin behar direla eta hainbat galdera planteatu behar direla», adierazi du Unai Olalde taldeko abeslari eta gitarra jotzaileak.

Lehenengo lanaren bide beretik badator ere, disko berria «landuagoa» dela dio Olaldek. «Lehenengo diskoa gordinagoa zen. Orain askoz gehiago landu ditugu detaileak. Musikalki helduagoa dela ere esango nuke, bigarren disko honekin gure marka hartzen ari baikara, eta egonkortze bidean gaude». 2010ean sortu zen Eratu taldea, eta Aitor Agirrek (bateria) eta Joseba Luzuriagak (baxua eta koruak) osatzen dute hirukotea Olalderekin batera.

Rock eta metal doinuak dira nagusi diskoan, baina etiketak jartzea zail egiten zaio hirukoteari. «Zaila zaigu geure burua estilo bakar batean definitzea. Guk rocka egiten dugula diogu, eta rockaren barruan jorratzen ditugu doinu suabeagoak, baita gogorragoak ere». Oso disko melodikoa dela ere nabarmendu du abeslariak.

Hitz gehienak Olaldek idatziak dira, eta disko honetarako Eduardo Galeanoren Patas arriba: Escuela del mundo al revés liburuan oinarritu ditu abesti gehienak, besteak beste, diskoari izena ematen dion Ispilu iluna kantua. «1998an argitaratutakoa da liburua, baina, idatziek 15 urte izanagatik ere, bertan jorratutako gaiak indarrean daude oraindik». Joseba Sarrionandiaren Akordatzen liburuan ere oinarritu da beste bi abesti osatzeko. Horiez gain, Gotzon Barandiaranek eta Miren Amurizak idatzitako abesti bana ere gehitu dituzte lan berrian.

Aurreko diskoko sortze prozesu bertsua mantendu dute bigarren honetan ere. Olaldek azaldu duenez, normalean ideia nagusi batekin joan ohi da entsegu lokalera, eta taldeko hirurek bat egiten badute, musika lantzen dute lehenik eta behin. «Hiruron artean orrazten dugu musika, eta detaileak zehazten ditugu». Melodia horri ahotsa sartzen diote gero, eta, azkenik, hitza. Oraingo honetan, baina, aurretik idatzitako testu ugari zituela kontatu du, eta bazekiela nondik jo. «Liburutik hainbat zati itzulita neuzkan, eta argi neukan nola izango zen abesti bakoitza».

Diskoa kalera atera berria bada ere, lana aurkezteko kontzertuak ematen hasi da jada Eratu taldea.«Oso gustura gaude, guretzako diskoa probatzeko beharrezkoa baita, eta erantzun ona izan badugu ere, oraindik diskoa ez da jendearengana iritsi». Diskoak denbora behar duela esan du Olaldek, eta Durango pasatu ondoren kontzertuetan erantzun «are hobea» espero dute. «Jendeak diskoa ezagutu eta hitzak ikasi behar ditu oraindik».

Aurreneko diskoarekin egindako ibilbidearekin ere oso gustura daude taldekideak. Estreinako lana bazuten ere, 40 kontzertutik gora eskaini zituztela nabarmendu du Eratuk. Olaldek esan duenez, «ate mordoa» jo zituzten horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.