Zinema estreinaldiak

Ertzetan daudenekin dantzan

Sean Baker zinemagilearen azken lanak errusiar oligarka baten semearekin ezkontzen den Queenseko 'striptease' dantzari bat du protagonista, eta ezkontza horrek eragiten duen kaosa kontatzen du.

'Anora' filmeko fotograma bat.
'Anora' filmeko fotograma bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko urriaren 30a
05:00
Entzun

Anora, Ani, Queenseko neska gazte bat da. Brooklynen dagoen striptease klub batean egiten du lan; dantza egiten du, eta bertara doazen enpresariei konpainia egiten die. Gau batean, Ivan izeneko gazte errusiar bat azalduko da klubean. Anik errusiar apur bat hitz egiten duela eta, haren nagusiak gaztearengana bidaliko du, eta biak berehala moldatuko dira ondo.

Ivanek ez du Aniren beste bezeroen antzik. Itxuraz xumea eta oso eskuzabala, Anik eskutik heldu eta gela pribatu batera eramango du. Errusiarrak, ordainsari baten truk, harekin astebete igarotzera gonbidatuko du orduan Queenseko gaztea, eta luxuzko bizitza ezagutuko du Anik. Segurtasun zerbitzu pribatua eta neskameak dituen etxetzarra, dirua ero moduan xahutzeko festak, eta Ivanen ilusio eta grinak neska gaztea konkistatuko dute, eta Las Vegasen amaituko du, 24 orduz irekita dagoen kapera batean errusiarrarekin ezkontzeraino.

Ivan, ordea, Errusiako familia aberats bateko kidea da, oligarka baten oinordekoa, eta sutu egin dira sexu langile batekin ezkondu dela jakitean. Familiari ekarri dion lotsa dela eta, ezkontza baliogabetu egin nahi dute Ivanen gurasoek, eta ametsetako ipuina zirudien istorioa beste zerbait bilakatuko da; mafiak, bizkartzainak, thriller puntu bat eta umorea dituen istorioa.

Anora Sean Baker zinemagile estatubatuarraren azken filma da. Cannesko jaialdian aurkeztu zen, eta filmik onenaren Urrezko Palmorria irabazi zuen, zinemagilearen lehena. Bakerrek gizartearen ertzetan dauden pertsonaiak erretratu ohi ditu bere filmetan. Amets amerikarraren irudia betetzen ez duten horiek, Hollywoodeko filmetan lekurik ez dutenak. Horrela, zorrak egun batean ordaintzera behartuta dagoen migratzaile txinatarraren gorabeherak kontatu zituen Take out filmean, Manhattango kaleetan arropa merkatua saltzen duen Ghanako migratzailearenak Prince of Broadway-n, sexu langile trans batenak Tangerine-n, Disney World inguruan dauden moteletan bizi diren familien zailtasunak The Florida Project-en, eta jaioterrira dirurik eta etorkizunerako planik gabe itzultzen den aktore porno baten egunak Red Rocket-en.

Anora filmarekin sexu langileen erretratu ezberdin bat egin nahi izan du, epairik gabe, eta haien jardunarekiko estigma ezabatzeko asmoarekin. Baina batez ere pertsonei buruzko istorioak kontatu nahi ditu zinemagile estatubatuarrak, istorio gizatiarrak, eta ahal dela unibertsalak.

Anora sexuari eta diruari buruzko filma da. Maitasunari buruzkoa. Gizartearen kontraesanei buruzkoa. Sexu langile baten begiradatik, dirua eta dirua dutenen moraltasuna zalantzan jartzen dituen filma. Gaizki ateratzen den maitagarrien ipuina. Tonuarekin eta ikuslearen ikuspegiarekin jolastuz, kaosean murgilduko da Bakerren azken lana, eta, umoretik eta gehiegikeriatik, zurrunbilo horretan murgiltzeko gonbita egingo du.

'ANORA'

Beste estreinaldi batzuk:

Salve Maria filmeko fotograma bat.
Salve Maria filmeko fotograma bat.

'Salve maria'

Mariak, ama izan berri den idazle gazteak, gertaera izugarri baten berri izango du: emakume frantziar batek 10 hilabeteko bikiak ito ditu bainuontzian. Maria obsesionatu egingo da gertaerarekin, eta infantizidioaren ideia aukera baten gisa agertuko zaio.

'Yo no soy esa'

Susana 20 urtez koman egon ondoren esnatu da. Orain, emakume gorputz batean dagoen nerabe bat da. Susanak ezer ezagutzen ez duen mundu batean moldatu beharko du, eta bertan bizitzen ikasi.

'Juror #2'

Justin Kemp familiako gizon bat da, eta profil handiko hilketa baten epaiketa bateko epaimahaikide izendatu dute. Justinek dilema moral serio batekin borrokatu beharko du, epaimahaiaren erabakian eragina izateko eta akusatutako hiltzailea kondenatzeko edo askatzeko erabil dezakeena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.