Zinema estreinaldiak

Ertzetan dauden horien memoriak

Adam Elliot zinemagile australiarrak 'Memoir of a Snail' animazio filma egin du, 'stop motion' teknika erabiliz; Grace Pudel izeneko emakume bakarti baten istorioa kontatzen du.

'Memoir of a Snail' filmaren irudi bat.
'Memoir of a Snail' filmaren irudi bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2025eko urtarrilaren 29a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Grace Pudel ohe baten ondoan dago; Pinky izeneko emakumea etzanda dagoen ohearen ondoan. Pinky marru eta arnasestuka dabil, heriotzaren atarian, eta, tentsio une batzuen ondoren, azken arnasa botako du. Gracek lorategira eramango ditu emakumearen errautsak, eta, egurrezko banku batean eseri ondoren, ontzi batean gordeak zituen barraskiloak aske utziko ditu. Horien artean dago Sylvia Plathen izena jaso duena, Graceren gustukoena, eta, hura astiro-astiro aldentzen den bitartean, emakumeak bere bizi istorioa kontatzeko aukera izango du.

Grace eta Gilbert bikiak goizegi irten ziren amaren sabeletik, eta horrek amaren heriotza eragin zuen. Aitarekin igaro zuten haurtzaroa anai-arrebek; auto batek harrapatuta paraplegiko gelditu zen malabarista ohia zen aita, eta, ordutik, alkoholizatuta igarotzen zituen egunak. Aita hiltzean, ordea, anai-arrebak banandu egingo dituzte. Bata bestearen sostengua dira, eta banaketak bizimodu bakarti batera behartuko ditu. Gilbert, zeinak txikitatik piromano zantzuak erakusten baititu, fruta negozio bat daraman eta sekta erlijioso bateko kide den familia batek adoptatuko du, eta egunean lau aldiz errezatzera behartuko dute. Grace, berriz, autolaguntza liburuak irakurtzeko zaletasuna duen bikote batek hartuko du etxean, baina swinger festetara joateko ohitura dutenez, haurrak denbora asko pasatuko du bakarrik, barraskiloz inguratuta.

Adam Elliot zinemagile australiarra animazioan eta, zehazki, stop motion teknikan espezializatua dago. Hainbat film labur zuzendu ostean, 2003. urtean lortu zuen nazioartean ospea, Harvie Krumpet animaziozko laburrarekin Oscar saria irabazita. Bere lehen film luzea, Mary and Max, 2009an estreinatu zuen, eta Annecy animaziozko zinema jaialdian filmik onenaren saria eskuratu zuen. Elliotek pertsonaia bakartien istorioak kontatzeko joera dauka, ezberdinak izateagatik gizarteak baztertzen dituenen istorioak. Harvie Krumpet-ek ama analfabeto bat duen Tourette sindromedun haur bat du protagonista; Mary and Max-ek, berriz, New Yorken bizi den asperger sindromedun judu gizen baten eta Melbournen bizi den 8 urteko haur baten gutun bidezko laguntasuna kontatzen du; eta Memoir of a Snail-ek ez du pertsonaia arrunt edo ohikorik. Azken lan honekin, Annecyko eta Sitgesko jaialdietan filmik onenaren sariak irabazi ditu zinemagileak, eta Oscar sarietarako izendatu dute.

Memoir of a Snail ez da haurrentzako animaziozko film bat. Kolore paleta ia monokromatikoa erabiliz, gizartearen ertzetan bizi diren pertsonaiak irudikatu ditu zuzendariak: gaixotasun mentalak dituztenak, alkoholikoak, behartsuak, bakartiak, arraroak. Elliotek, ordea, errespetuz lantzen ditu, eta pertsonaiarik gorrotagarrienari ere aukera berriak ematen dizkio. Protagonista ezbehar zerrenda luze batetik igaroaraziko du, baina une ilunenetan ere kolorea gehituko dio Graceren bizitzari.

'Memoir of a Snail'

Zuzendaria: Adam Elliot. Gidoilaria: Adam Elliot. Aktoreak (ahotsa): Sarah Snook, Kodi Smit-McPhee, Eric Bana. Argazkia: Gerald Thompson. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 94 min. Herrialdea: Australia. Estreinaldia: ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk:

'SEPTEMBER 5'
September 5 filmaren fotograma bat.

'September 5'

Zuzendaria: Tim Fehlbaum. Gidoilariak: Moritz Binder, Tim Fehlbaum, Alex David. Aktoreak: Peter Sarsgaard, John Magaro, Ben Chaplin. Argazkia: Markus Forderer. Generoa: thrillerra. Urtea: 2024. Iraupena: 90 min. Herrialdea: Alemania.

1972ko Municheko Olinpiar Jokoetan, talde palestinar batek bahitutako atleta israeldarren krisia jarraitu beharko dute jokoen berri ematen ari diren ABCko kazetari estatubatuarrek.

'Fin de fiesta'

Zuzendaria: Elena Manrique. Gidoilaria: Elena Manrique. Aktoreak: Sonia Barba, Beatriz Arjona, Edith Martinez Val. Argazkia: Joachim Philippe. Generoa: komedia. Urtea: 2024. Iraupena: 103 min. Herrialdea: Espainia.

Migratzaile afrikar bat Andaluziako etxe bateko estalpean ezkutatuko da. Hortik, etxeko andrearen eta laguntzaile gaztearen arteko eguneroko bizitza eta dinamika ikusiko ditu. Egun batean, emakumeak migrantzailea aurkituko du, eta ondoren laguntzaileak, baina biek ezkutatuko diote elkarri; ustekabeko batek sekretua agerian utzi arte.

'A Different Man'

Zuzendaria: Aaron Schimberg. Gidoilaria: Aaron Schimberg. Aktoreak: Sebastian Stan, Renate Reinsve, Adam Pearson. Argazkia: Wyatt Garfield. Generoa: thrillerra. Urtea: 2024. Iraupena: 112 min. Herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak.

Edward New Yorkeko aktore anbiziotsuak ebakuntza kirurgiko erradikal bat egingo du bere itxura erabat eraldatzeko. Ondorioz, gauza asko aldatuko dira haren bizitzan, eta, hala ere, denak berdin jarraituko du. Kanpotik aldatu bada ere eta bizitza berri bat has badezake ere, bera den hori da oraindik, eta ez izan nahi duen hori. Bere karrerako rol garrantzitsuena galtzean, ametsezko aurpegi berria amesgaizto bihurtuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.