Ereagako hondartzarako (Getxo, Bizkaia) bistak dituen leihate batetik sartutako izpiek argiztatzen dute Ertibil lehiaketaren 41. aldiko erakusketa gela. Getxoko Punta Begoñako galerietan dago, eta beste artelan batzuk ikusgai badaude ere, ingurua apaintzen duten obretako hiruk pizten dute bereziki arreta: Entre murmullos y cabello marrazki sortak, Abrazo eskulturak eta You'll Never Guess arte plastikoetako piezak. Leo Burgeren, M. Benito Pirizen eta Lucia Jaio Altamiranoren sorkuntzak dira, hurrenez hurren, eta Ertibil lehiaketako irabazle nagusi izendatu dituzte aurten. Guztira, hamazortzi obrak osatzen dute erakusketa, eta irailaren 2ra arte egongo da zabalik, Punta Begoñako galerietan.
«Gauza konplikatuetatik kontu soiletara igarotzea dut nik gustuko», ziurtatu du Burgek. Entre murmullos y cabello marrazki sortari begira bota du hausnarketa. «Hori bai, izenburuaren inguruan ez galdetu ezer, bat-batean etorri zitzaidan burura». Marko zuriz inguraturiko zortzi marrazkik osatzen dute artelana, bata bestearen gainean dauden lau piezatako bi ilaratan bananduta. «Marrazkien ordena mantentzen laguntzen dute markoek», azaldu du artistak. Oro har, zuria, grisa eta hori leuna dira nagusi marrazkietan, eta marra xeheak erabili ditu irudi abstraktu bakoitzaren formak zehazteko. Materialei dagokienez, azetato plastiko gogorra, papera eta makila mekanizatuak erabili ditu tintaz osatutako collage bat sortzeko. Ametsetako pasarteak izan ditu inspirazio iturri.
Benitoren kasuan, piercing-ak dira bere obra eskultorikoaren protagonistak. «Tatuajeekin lan egitetik nentorren, eta, beraz, trantsizio logikoa iruditu zitzaidan piercingekin saiatzea», azaldu du. Sudurraren erdian jartzen diren septum-en antza duten bi eskultura egin ditu, «tribuetan erabilli ohi dituzten elementuei» zentzu artistikoa emateko helburuarekin. Aluminiozko eta eskaiolazko egitura dute, eta, astunak diruditen arren, hutsik daude barrutik. Pintura akriliko beltza erabili du horiek margotzeko, eta silikona zeharrargiarekin estali ditu. «Denborarekin, silikona kolorea galtzen doa, eta gero eta zuriagoa doa bihurtzen. Ez da nahita lortu nahi izan dudan efektua, baina aitortu behar dut beste zerbait gehitzen diola artelanari». Formagatik eta helarazi nahi duenagatik, Abrazo izendatu du.
You'll Never Guess izena du Jaioren lanak. Praka bakeroen argazkiekin eginda dago, eta, paperaren erabileraren bitartez, hainbat efektu optiko eragitea lortu du. «Bigarren eskuko arropa erosteko aplikazioetako bakeroen argazkiekin obsesionatu nintzen duela ez asko, eta artean erabiltzea erabaki nuen, arropa pieza horien itxurak sentiarazi zidan frustrazioa irudikatzeko». Bakeroen esanahi historikoa alde batera utzi du, eta urdin koloreko prakak aukeratu ditu erakusketako argazkia osatzeko, estetikoki «bestelako aukera batzuk» eskaintzen zizkiotelako. «Eta ehun baino gehiago ditudalako jada etxean!».
Irailetik aurrera, herriz herri
Aurten, 149 lan aurkeztu dituzte Ertibil lehiaketara, «askotarikoak eta teknika ugariren bitartez egindakoak», azaldu du Leixuri Arrizabalagak, Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak. Hain zuzen, eledunaren ustetan, oraingoan Ertibil lehiaketan parte hartu duten artelanek erakusten dute Bizkaiko arte garaikidea askotarikoa dela. «Aurkezturiko obra guztien artean, hamazortzi hautatu behar izan dira, kontu handiz. Aukeratutako horiek Bizkaian sortzen ari den talenturik onena erakusten dute», ziurtatu du. Epaimahaiari dagokionez, Jon Ander Garcia Benitez Ertibil sariketako iazko irabazleak, Andrea Estankona Loroño Arte Ederretako irakasleak, Sahatsa Jauregi artistak eta Helena Lopez Camacho Bilbo Arteko arduradunak osatu dute.
Euren sorkuntzak erakusteko aukera duten sortzaileen artean, artearen munduan hasiberriak diren artistak eta ibilbide artistiko luzeagoa dutenak daude. Lucia Jaio Altamiranok, esate baterako, lehen aldiz eman du izena lehiaketan, eta hirugarren saria eskuratu du. M. Benito Pirizek, ordea, Ertibil lehiaketa irabazteko urtero aurkeztu izan du lanen bat ikasketak amaitu zituenetik, baina orain arte ez dute saritu; bigarren saria eman diote aurten. Leo Burge sortzailearentzat izan da lehenengoa. «Iazko irabazleei bezala, Japonian egonaldi bat egiteko aukera emango die sariak», azaldu du Arrizabalagak.
«Aurkezturiko obra guztien artean, hamazortzi hautatu behar izan dira, kontu handiz. Aukeratutako horiek Bizkaian sortzen ari den talenturik onena erakusten dute»LEIXURI ARRIZABALAGABizkaiko Foru Aldundiko eleduna
Bien bitartean, Ertibil lehiaketaren 41. aldiko erakusketako artelan guztiek Bizkaiko hainbat herri zeharkatuko dituzte urte amaiera bitarte. Hala azaldu du aldundiko bozeramaileak: «Punta Begoñako galeriak erakusketa ibiltari horren lehenengo geltokia izango dira». Izan ere, Getxoko erakusketa itxi ostean, Arizko Dorretxera (Basauri) eramango dituzte artelanak, irailaren 4tik urriaren 3ra arte. Ondoren, Igorreko Lasarte aretoan erakutsiko dituzte, urriaren 5etik 31ra; Derioko Kultur Birika aretoak ere hartuko du segidan erakusketa, azaroaren 4tik abenduaren 2ra; eta Amorebietako Zelaieta zentroan egongo da azkenik ikusgai, abenduaren 3tik 30era.