Antzerkia

Errutik askatzeko terapia

Olatz Beobidek, Nerea Arriolak eta Maitane Perezek 'Olagarrua' antzezlana estreinatu dute, erruari pisua kendu nahi dion komedia. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekaren bitartez sortu dute proiektua.

Maitane Perez, eskuinetik hasita lehena, 'Olagarrua' obran parte hartu duten aktore eta laguntzaileekin. OLATZ BEOBIDE
Maitane Perez, eskuinetik hasita lehena, 'Olagarrua' obran parte hartu duten aktore eta laguntzaileekin. OLATZ BEOBIDE
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko otsailaren 17a
05:10
Entzun

Euskaltzaindiaren hiztegiaren arabera, «hutsegite baten erantzukizuna» da errua. Baina badu beste esanahi bat, Zumaiako (Gipuzkoa) herritarrek erabiltzen dutena: olagarroen garroei deitzen diete haiek erru (erro). Hitz joko hori baliatu dute Olatz Beobide, Nerea Arriola eta Maitane Perez aktoreek Olagarrua antzerki obrarako. Errua du ardatz lanak, eta haren inguruan hausnartu dute, umorez, erruari jartzen zaion pisua kentzeko asmoz. Atzo estreinatu zuten antzezlana, Zumaian bertan. Gaur Beran ariko dira (Nafarroa), eta bihar Uharten (Nafarroa). Hamasei emanaldi egingo dituzte.

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak beka jaso zuten proiektuetako bat izan zen Olagarrua. Sormen proiektuak aurkezten dira deialdira —antzezlanak, liburuak, filmak, komikiak...—, eta antolatzaileek hautatu duten lan bakoitzari herri bat esleitzen diote, proiektu hori herriak dituen bereizgarriekin garatzeko. Horretarako, parte hartzaileek hiru asteko egonaldi bat egiten dute bertan. Zumaian garatu behar izan zuten hiru aktoreek euren lana. «Sortzen den lanen mosaikoa oso polita da: bilduma mardul bat sortzen da, Euskal Herriko hainbat herritako errealitatea jasotzen duena», azaldu du Perezek.

Obraren sortzaileek, Zumaian zeuden bitartean, bertako herritar eta kolektiboekin lan egiteko baliatu zuten denbora, elkarrizketak eta dinamikak eginez. Perezek azaldu du egonaldia luzatu zutela, eta euren kabuz herritarrekin lanean jarraitu zutela.

Hausnarketak eta garbiketak

Antzezlanaren gaia aukeratzeko, Joseba Sarrionandiaren esaldi bat izan da amua lantaldearentzat: «Ez kendu niri errua». Erruaren esanahiaren inguruan hausnartzen hasi ziren orduan hiru aktoreak: zer esan nahi du errua izateak? Nola bizi du norberak errua? Nola bizi da bakoitza erruaren sistemaren barruan? Konturatu ziren oso pisutsua zela errua, eta pisu hori kendu nahi ziotela euren proiektuarekin. «Astindu, arindu, deseraiki eta harekin jolastu gara», azaldu du Perezek.

Aktoreek sorpresa «polita» hartu zuten erru hitzak Zumaian beste adiera hori zuela jakin zutenean, eta ez zuten zalantzarik izan obrari Olagarrua izena jartzeko. «Jendeak uste zuen olagarroekin zerikusia zuen zerbait egin behar genuela. Horrek izan behar zuen izenburua nahitaez». Ez da itsasoarekin zerikusia izango duen elementu bakarra, obraren estetika ere horrekin lotuta baitago.

«Oso pozik gaude, komedia arin bat egitea lortu baitugu gai oso sakona izanik ere».

MAITANE PEREZAktorea

Zumaiako egonaldian, aukera izan zuten herriko hainbat bizilagunekin egoteko; besteak beste, Jon Maia bertsolari eta idazlearekin, Esti Curiel aktore eta sortzailearekin, eta herrian ezaguna den eta olagarro zopa egiten duen zumaiar batekin ere bai. Joseba Sarrionandiarekin ere bildu ziren.

Sorkuntza prozesuan gaiaren inguruko beste ahots batzuk jasotzea da egonaldiaren helburua, eta beste dinamika batzuk ere jarri zituzten martxan. Adibidez, antzerki tailerrak egin zituzten emakumeen etxeko eta antzerki taldeko kideekin, baita publiko orokorrarekin ere. Solasaldi ireki bat ere egin zuten.

Perezek uste du jendea irribarrez irteteko moduko lana sortu dutela, hilabete asko lanean arituta. «Oso pozik gaude, komedia arin bat egitea lortu baitugu gai oso sakona izanik ere». Galdera asko jarriko dituzte mahai gainean, eta «erantzun gutxi». Bakoitzaren hausnarketa bultzatu nahi izan dute sortzaileek, baina modu ludikoan.

Ezkutuan dagoen lana

Perezek, Beobidek eta Arriolak hartu dute parte proiektuaren lehen urratsetan, baina jende gehiagoren laguntza izan dute antzezlana sortzeko. Amancay Gaztañaga eta Iraia Elias arduratu dira kanpo begirada egiteaz, eta Maialen Diazek izan du sorkuntza prozesuan sortzen ziren materialak antolatzeko ardura, dramaturgia laguntzaile gisa.

Taldeak lanez betetako hilabeteak izango ditu: hamasei emanaldi egingo ditu irailera bitarte Euskal Herriko zenbait herritan. Perezek kontatu du horrek izugarrizko ilusioa egiten diela, ez baita beti gertatzen hainbeste emanaldi programatuta edukitzea. Bekak sorkuntzari ematen dion balioa azpimarratu nahi izan du aktoreak: «Sorkuntzari denbora eskaintzeko aukera ematen du, eta babestuta sentitzen zara prozesuan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.